Amalur Alvarez: "Lazo hori itxurako mosaiko baten bidez elkartasunezko besarkada bidaliko dugu Kataluniara"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko eka. 28a, 09:00

Gure Eskuk mendi martxa antolatu du zapaturako, Arantzazutik Urbiara. Zelaigunean ekitaldia eta mosaikoa egingo dute.

Ze erantzun espero duzue zapatuko ibilaldian?

Kataluniarekin elkartasuna eta elkarlana lantzeko espazio bilakatu da Gure Esku eta larunbateko mendi martxa bereziki baliatuko dugu Kataluniako epaiketa krudel eta bidegabe horren fokua oinarrizko eskubide eta askatasunen gain jartzeko.

Jendeari eskatu diozue hori koloreko jantziekin edo osagarriekin joatea. Zein da asmoa?

Kolore horia aldarrikapen kolore bilakatu da. Batetik, sinbolizatzen du Kataluniarekiko elkartasuna eta preso politikoen askatasunaren aldarrikapena, baina baita ere oinarrizko eskubideen defentsa eta, oro har, askatasuna.

Zein da mendi martxa honen helburua?

Demokrazia bera eta herritar guztion eskubideak jokoan daudela kontziente garen denok protesta egitea, modu berezi batean; eta, elkarrekin, lazo hori itxurako mosaiko baten bidez elkartasunezko besarkada handia bidaltzea Kataluniara.

Kataluniako auzipetuen, presoen eta erbesteratuen aldeko ekimena da.

Bai, jakina. Erreferendum bat antolatzeagatik bidegabeki auzipetuta, espetxeratuta edo erbesteratuta dauden horiei guztiei elkartasuna adierazteaz gain, prozesu osoan zehar egindako lana aitortu nahi diegu. Bide berri bat urratu dute eta lezio garrantzitsuak eman dizkigute. Merezi dute.

Baita Altsasuko liskarra dela-eta espetxeratuengatik. Hau berria da.

Gure Eskuk beti izaten ditu presente Altsasuko gazteak. Ia 1.000 egun daramatzate espetxean tabernako liskar baten ondorioz. Bestalde, datorren irailean beste makro-sumario bat hasiko da 47 emakume eta gizonen aurka, berriro ere oinarrizko eskubideen jazarpena oinarri eta presoen defentsarako eskubideak kriminalizatzea helburu duena. Pertsona horien guztien eskubideak ere aldarrikatuko ditugu larunbatean.

Gure Eskuk aro berria hasi du. Zertan izango da berria, zertan ezberdina?

Orain arte egindako ibilbidearen jarraipena izango da. Abagune soziopolitikoa da aldatu dena; hein batean, herritarrok aldatu dugu. Helmugara bidean, hormak eta harresiak agerikoak badira ere, uste dugu aukera berriak sortzeko gai garela, eta, horregatik, helburu argi bat finkatu dugu: gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea. Posible egin arte, ez gara geldituko.

Erreferendumaren aldeko herri ekimena ari zarete aurkezten herririk herri. Zein da asmoa?

Euskal herritarron erabakitzeko gaitasunean urrats eraginkor bat egitea da asmoa. Gure Esku ez zen jaio erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, gauzatzeko baizik. Eta bide horretan, gure erabakimena gauzatu ahal izateko, behar beharrezkoak ditugu erabakitzeko tresnak, hau da, erreferendumak geureganatzea. Horretarako, fase berriaren lehen egitekoa izango da ikustaraztea badela gizartearen gehiengo zabal bat erreferendum bidez erabaki nahi duena, orainaz eta etorkizunaz.

Egizu posible diozue, dena delako posible. Egingarri ikusten duzue erabakitzearen gaineko erreferenduma?

Gure erabakitzeko eskubidea gauzatzea posible dela sinistuta gaude arrazoi anitzengatik. Batetik, estaturik gabeko nazio ugarik bide demokratiko eta baketsuetatik erabaki ahal izan dutelako. Beste batzuen artean, Eskozia, Quebec, Groenladia, Feroe Irlak, Kaledonia Berria… eta ikusi dugu, gainera, erabakitzeak ez duela arazorik sortzen, normaltasun demokratikoarekin bat egiten duela.

Bestalde, Euskal Herriari dagokionean, sei urteotan gehiengo zabalak eraiki ditugu erabakitzeko eskubidearen alde. Batetik, gehiengo sozial zabalak eraiki ditugu eta horren eredu ditugu bi giza-kateak 150.000 (2014) zein 175.000 (2018) lagunek parte hartu zuten, hurrenez hurren; baita herri galdeketetan bozkatutako herritarren kopurua ere, guztira 218.248. Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernu ponentziaren oinarrien akordioa edota azken hauteskunde zikloko emaitzek argi adierazten dute gehiengo politikoak ere badaudela. Oztopoak oztopo, pauso eraginkor bat emateko aukera eta demokrazian sakontzeko abagunea ireki dela konbentzituta gaude. 

Zer behar da horretarako?

Ezinbestekoa da mota guztietako eragileen arteko elkarlan esparruak sortzea. Gure Eskuk proposatzen duen erreferendumaren aldeko herri ekimenak pertsona eta eragile anitzen artean eraikitako erronka bat izan nahi du, herri erronka bat, alegia. Eta, horretarako, beharrezkoa da elkarrekin lanean hastea, elkar entzutea, hitz egitea, adostea… eta hori guztia egitea, gainera, epe luzeko begirada batekin.

Nahi duzue eragileak inplika daitezela zuzen-zuzenean. Ze eragile?

Geroz eta gehiago gara gure erabaki propioen arabera geure buruak autogobernatzearen ideiarekin bat egiten dugun eragileak. Herri hobe eta justuago bat eraiki nahi badugu, erabakitzeko eskubidea esparru guztietan lantzea ezinbestekoa da; hezkuntza, osasuna, pentsioak, enplegua eta etxebizitza… Ideia horrekin bat egiten duten eragile guztiekin elkarlan esparruak eraiki nahi ditugu eta horretan ari gara dagoeneko.

Nola inplika daitezke, ze eskatzen diezue eragileei?

Ze eskatu baino, gure asmoa eskaintza bat egitea da, hau da, eragile orok, beraien aldarri propioak garatzeko eta gauzatzeko elkarlan esparru bat eskainiko diegu, guztiontzat tresna baliagarria izango den erreferenduma eskuratzea helburu hartuta. Herri mugimenduen eta erakunde sozialen arteko elkarlana sakonduz eta landuz eraginkorragoak izango gara eta urrunago iritsiko gara; modu horretan, elkarrekin herri bezala gure orainaz zein etorkizunaz erreferendum bidez gai guztien inguruan erabakitzea posible egingo dugula sinistuta gaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak