Beste elkartasun izpi bat Dionewarrera

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 21a, 11:41

Dagoeneko Senegalgo Dionewar herrira iristear egongo da Bergarako Ndank Ndank elkarteak bidalitako kontainerra. Eskolako materialaz gain, beste hainbat material ere jaso dute edukiontzian. Bestalde, hainbat proiektu ere badituzte martxan; esaterako, Dionewar II eskolako aterpe bat eraikitzen ari dira.

Bergarako San Martin Agirre eta Mariaren Lagundia ikastetxeetan eta Elgetako eskolan batutako materialaz gain, Elgoibarko Usuri optikak emandako ikusmena neurtzeko makina bat, betaurreko graduatu batzuk eta lente ezberdinak ere jaso dituzte edukiontzian. Horren harira, betaurreko gehiagoren beharra dutela azaldu du elkarteko kide Eli Dominguezek, eta herritarrak animatu gura izan ditu botatzeko dituzten betaurrekoak eurei ematera. Azkenik, bitxikeria gisa, txalaparta bat ere eraman dute, Arrasateko Ttakun Txalaparta Taldeak emanda. "Interesgarria izan daiteke musika fusioren bat egiteko edo".

Bidalitako kontainerraz gain, ordea, beste hainbat proiektu ere baditu esku artean 2011 ezkero lanean ari den elkarteak. "Martxotik hona, azeleragailua zapaldu dugu. Izena aldatu beharko diogu elkarteari, erritmo altuan goaz, eta ekintza pila batekin –hango hizkuntzan pixkanaka-pixkanaka esan gura du ndank ndank esamoldeak–".

Proiektuetako bat da Dionewar II eskolaren aterpea eraikitzea. "Horretan ari gara Fagor Ederlanek emandako dirulaguntzari esker", dio elkarteko kideak. Bestalde, Haur Hezkuntzarako beste eraikin bat egiteko asmoa ere badute, eta Bergarako jaietan egin zuten tonbola solidarioan lortutako 5.000 euroak horretan inbertituko dituzte. Azkenik, ur hodiak instalatzen ere ari dira.

Gazteen ahalduntzea

Beste proiektu garrantzitsu bat gazteen ahalduntzea da. "Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara ikasle kopurua asko jaisten da, eta unibertsitate mailan, are gehiago. Dakar hiriburutik bi ordu eta erdira dago Dionewar. Batzuek badute aukera familiakoren baten etxean-edo gelditzeko, baina 25 bat ikasle daude euren ikasketekin jarraitzeko arazoekin, ez dutelako non lo egin. Beraz, etxe batzuk alokatzeko lanean ari gara datorren ikasturtera begira. Bergarako Udalean eskatu dugu dirulaguntza eta uste dugu lortuko dugula, behintzat, ikasturte batez ikasle horiek etxebizitza duina edukitzea".

Abuztuan, Dionewarrera bisita

31 laguneko talde bat Dionewar herrira joango da abuztuaren 4tik 18ra. Aipaturiko Haur Hezkuntzako bigarren eraikin horri "martxa apur bat" sartzea izango da bidaiaren helburuetako bat. Horrez gain, haiekin batera erizain bat joango da. "Erizain horrek formakuntza jaso du optikarien eskutik. Asmoa da, han gaudela, beharra dutenei ikusmena neurtzea, eta, haientzako betaurreko egokiak edukiz gero, ematea. Beraz, orain bidean dauden makina eta betaurrekoei ez zaie abuztura arte erabilerarik emango. Hala ere, honi jarraipena eman gura diogu, eta horregatik jaso gura ditugu ahalik eta betaurreko gehien", dio Dominguezek. Halaber, hara joaten den erizainak hangoei formakuntza bat ematea ere bada beste helburuetako bat.

Honekin lotuta, Dominguezek eskerrak eman gura izan dizkio Usuri optikari. Han lan egiten duen neska bergarar batena izan baita ideia. "Guretzako, pozgarria da jendea gugana etortzea halako ideiekin, beti gu eskatzen ibili beharrean".

Dionewarren eta Debagoienaren arteko zubia indartzea da elkartearen helburu nagusia. "Bizi izateko eta bizitza ulertzeko beste era batzuk badaude, gureaz gain. Ikusarazi gura dugu han daukaten gizartearekiko konpromiso handi hori, eta bata bestearekiko begirune eta elkar laguntza hori. Gizarte aberatsa da hangoa, zentzu horretan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak