Polizia Lege berriak, eragina Udaltzaingoan

Amaia Zabala 2019ko eka. 21a, 16:00

Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an emango dio behin betiko onespena Polizia Legearen erreformari. Lege proiektu honek Ertzaintzari, udaltzaingoari eta aguazilei eragingo dien hainbat puntu lantzen ditu; adibidez, udaltzainen armen erabilera.

Udaltzaingoak armak eraman behar dituen edo ez; polemika iaz sortu zen, Arrasateko eta Eibarko udaltzain batzuek pistolak erabiltzea eskatu ostean. Udaltzain hauek argudiatu zuten delinkuentzia kasuei aurre egiteko babesgabe zeudela. Ondorioz, polizien sindikatu batek salaketa jarri zuen, eta horrek kate luzea ekarri du. Orain arte, tokian tokiko gobernuen oniritzia behar zuten udaltzainek suzko armak erabiltzeko, baina EAEn dauden 3.300 udaltzainetatik oso gutxi dira suzko armak erabiltzen dituztenak. Gipuzkoaren eta Arabaren kasuan, hiriburuetako udaltzainek soilik ibiltzen dituzte armak eta Bizkaian, berriz, zertxobait gehiago: Bilboz gain, Barakaldo, Getxo, Portugalete eta Durangon ere erabiltzen dituzte.

Zer dio lege berriak?

Legebiltzarrak ekainaren 27an emango dio behin betiko onespena, osoko bilkuran, Polizia Legearen erreformari, EAJren, PSE-EEren eta PPren babesarekin. Lege erreformak hauxe dio udaltzainek suzko armak erabiltzearen inguruan: Udaltzainen kidegoko langile funtzionarioek erregelamendu bidez zehazturiko armak eta baliabide tekniko operatiboak eramango ditu aldean, ekainaren 28ko 15/2012 Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legearen 37.1.h) artikuluan xedatutakoaren arabera. Bide publikoko segurtasunerako zerbitzuak eta segurtasun eta zaintzakoak armekin emango dira.

Hala ere, pistolen erabilera mugatzeko aukera aitortzen die dekretuak udalei: Alkateak erabaki ahal izango du, modu arrazoituan, zer zerbitzu emango diren armarik gabe, non eta ez dakarten berekin zentzuz larritzat jo daitekeen arriskuren bat langile funtzionarioen edo hirugarrengoen bizitzarentzat edo osotasun fisikoarentzat.

Legea bera da herri guztiendako, eta, hain zuzen, ez dago bereizketarik biztanle kopuruari dagokionez.

EAJren ustez, "garrantzitsua"

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidearen esanetan, erreforma hau "beharrezkoa eta garrantzitsua da", 1992ko testua "eguneratu" dutela argudiatuta: "Udaltzainen eskaerari erantzunez, armak eramateko eskubidea bermatuko zaie segurtasun operazioetan ari direnean. Esaterako, udal barruan edo eskolako eremuan ari direnean ez dute armarik eramango, noski. Segurtasun operazioetan, berriz, alkateak erabakiko du armak eramatea beharrezkoa den ala ez. Eta segurtasun operazio batean armak eramatea ez dela beharrezkoa erabakiko balu alkateak, herri horretako udaltzainburuaren txostena beharko du hori argudiatuz. Hori bai, alkate batek ezingo die armen erabilera orokorra debekatu bere herriko udaltzainei".

EH Bildu, "kritiko"

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "polizia ereduaren inguruan "hausnarketa sakona egin eta berri bat sortzeko aukera ona galdu da". Horretaz gain, PPk ekarritako proposamena dela eta hauen helburua alkateek udaltzainei pistolak eramateko "erabateko erraztasuna" ematea dela esan du."Lege berri honen arabera, Udaltzaingo guztiak behartuta daude segurtasun efektuazioetan armatuta joatera, eta alkateak erabakiko du noiz den segurtasun operatiboa eta noiz ez, eta, ondorioz, noiz eraman behar duten arma eta noiz ez. Esaterako, eskola aurrean trafikoa zuzentzen egotea segurtasun operatiboa da? Alkateari dagokio hori interpretatzea".

Gaineratu du EH Bildun ez direla armen aldekoak: "Egun baino arma gehiago egongo dira udaletan? Eta udaltzain batzuek ez badute armarik nahi, erres-petatu egin beharko litzateke".

Aldeko eta aurkako iritziak

Udaltzainen artean ere aurkako eta aldeko iritziak daude. Aretxabaletako udaltzainak, esaterako, ez dira suzko armak eramatearen aldekoak, eta segurtasuna eman beharrean kendu egiten dietela argudiatu dute: "Segurtasun operatibo batean guri arma kendu eta eraso egitea gerta liteke; dena den, oraindik ez dugu lege berri honen xehetasunen inguruko bilera informatiborik jaso.

Arrasaten udaltzain den Aitzol Osak ere kontrako iritzia du: "2012an Segurtasun Legea onartzean, udalaren eskumen osoa segurtasun kontseiluaren esku geratu zen. Armen erabilera, poliziaren autoaren errotuluak, uniformea... Nire ustez, ordea, udaltzainek tokiko autonomia behar dute. Armei dagokienez, lege berri honek ez du zehazten ze arma mota; beraz, ez dute ezer zehaztu, eta uztailean, legea onartzean, egoera berean egongo gara. Nolako armak izango diren zehazten duen dekretu bidezko lege hori falta da; 7 urte izan dituzte hori zehazteko, eta ez dute egin". Osak gaineratu du armak eramateak kostu ekonomiko handia ekarriko diela herrietako udalei, batez ere, txikiei, eta gastu hori zeini dagokion ez duela zehazten erreforma honek. Amaitzeko, Arrasateren ka-suan, alderdi politiko guztiak batu eta eredu propio bat sortzeko beharra dagoela azpimarratu du: "Giza baliabideez hitz egin behar dugu, eta ez armatzeaz. Bestalde, ezin dugu momentuan Gobernuan dagoenaren menpe ibili, eredu propio eta luzerako bat behar dugu".

Iñaki Arriaga Arrasateko udaltzainburua izan da duela aste gutxi arte, eta, Eibarko udaltzainekin batera, "pistolak eramateko eskubidea" aldarrikatu zuenetako bat da: "Lege berri honekin ez da aldaketa handirik egiten; azken finean, erabakia beti geratzen da alkatearen esku, erabaki politikoa da. Nire ustez, Udaltzaingoa polizia integral bat izatea nahi badugu, armak behar ditugu. Zergatik Ertzaintzak bai eta Udaltzaingoak ezin ditu armak eraman? Herritarrekin duen hurbiltasunari eragingo lioke? Ez dut uste... Hurbiltasuna beti dago hor". Arriagak gaineratu du Arrasateko Udaltzaingoak gauez ere egiten duela lan, eta hor labanak, matxeteak... denetik ikusten dela. "Egun batean zerbait geratzen bada eskuak burura eramatea alferrik da. Zer egin behar dugu Arrasaten pertsona bat tirokatzen badute, 2017an San Andresen gertatu zen moduan? Korrika alde egin? Udaltzaingoaren barruan oso polizia onak eta profesionalak daude, baina beste batzuk ez dira polizia sentitzen, aguazil gehiago, eta, ondorioz, ez dute armarrik nahi, erosoago daude armarik gabe".

Gauez, Arrasaten bakarrik

Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan udaltzainek egunez bakarrik egiten dute lan, 21:30 edo 22:00 aldera amaitzen dute, eta, gauez zerbait geratzen bada, Ertzaintzari dagokio. Arrasaten, aldiz, egun eta gau ari dira lanean udaltzainak.

Antzuolan eta Aramaion, berriz, udaltzainaren ordez aguazila dute eta hau autoritate publikoa den edo ez orain arte argitu gabe egon dela adierazi digute bi udalek, herriaren araberako zereginetara egokitzen direla. Antzuolan esaterako, herriko aguazilak isunak jartzeko eskumena du, baina Ara-maiokoak ez.

Azkenik, Elgetan eta Leintz Gatzagan ez dute ez udaltzain eta ez aguazilik: "Udalak ez du isunik jartzen eta zerbait larria gertatuko balitz Ertzaintzari deitzen diogu, baina oso kasu gutxi izaten dira. Bestalde, Er-tzaintzak egunero egiten du buelta bat herrira ea guztia ondo dagoen ikusteko, Udalak ardura hori emana dio" azaldu du Elgetako Udalak.

Lan-poltsa bateratua

2018ko abenduaren 14ko 1449/2018 errege-dekretuari esker, ezaugarri batzuk –urte kopurua udaltzain moduan, kotizatutako urteak, adina...– hainbat udaltzain epe motzean erretiratu dira, eta, arrazoi honengatik eta ohiko bajengatik, udaltzain faltan geratu dira hainbat herritan hilabete batzuetan. "Horrelako egoerei aurre egiteko eta udalen gastuak murrizteko asmoz", lege berri honek udaltzainen lan-poltsa bateratua adostu du. Herri bakoitzak, ordea, bere lan-poltsa propioa izango du. Udaltzainen formakuntza prozesua ere bateratuko da.

Polizia Lege berriaren ezaugarriak

Lege erreforma honen puntu gehienak Ertzaintzari dagozkio. Esaterako, batzorde berri bat sortuko da, "Ertzaintzaren lanaren kontrolaz eta gardentasunaz" arduratuko dena. Dena den, EH Bilduk puntu hau salatu du, ertzainez osatua izango dela argudiatuz.

Bestalde, Ertzaintzako funtzionarioek egindako lanaren eta urteen araberako gehigarri ekonomiko bat izango dute. "Urteak zeramatzaten hau eskatuz, eta beste arlo batzuetan dagoeneko egina zegoen; hezkuntzan, esaterako".

Ertzaintzan emakumeen eta gizonen kopurua parekatzeko aurrerapausoak ere eman dira. "Ertzaintzako kurtsoetan emakumeen plazen %30 gordeko dira", dio EAJko Iturratek. Udaltzaingotik Ertzaintzara pasatzeko prozesua erraztu egingo da. Amaitzeko, ertzain izateko adina aldatu egingo da: 35etik 38ra igoko da.

Aguazilei dagokienez, berriz, lege erreforma honi esker, "kategoriaz igoko dira eta udaltzainen kategoria" bera izango dute. Beraz, "formakuntza eta eskubide berak" izango dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak