Polmetasa eta Mojategi bateragarri egin behar

Xabier Urtzelai 2019ko eka. 21a, 16:00
Istar Dapena asteburuan Sorian egindako Kluben Arteko Espainiako Txapelketan. Argazkia: Real Sociedad.

 Istar Dapena arrasatearrak 5,40ko saltoa egin du asteburuan Sorian –Espainiako bigarren marka onena–. Realeko atletak Arrasateko lantegian dihardu, hiru errelebotan; iaz lesionatuta ibili eta gero, hasi da lanaren fruituak batzen.

Aste barruan Polmetasan gaueko txandan lan egin eta oherako bidea hartu du Istar Dapenak (Arrasate, 22 urte), ordu batzuk barru 5,50eko marka lortzen ahaleginduko da-eta Mojategin.

Goizeko edo arratsaldeko txandekin alderatuta gauekotik kostatzen zaio gehien errekuperatzea, eta, hain zuzen, hori izan zen iaz denboraldia tokatzen zena baino azkarrago amaitzera eraman zuen motiboa: "Lanean hasi nintzen iaz eta zortzi orduz zutik egon ondoren entrenamendu saioetan iskiotibialetan arazoak izaten nituen. Lesionatuta eman nuen urtea, eta motibazioa erabat galduta. Baina gorputza ohitu egin zait eta aurten gozatzen nabil", dio arrasatearrak: "Nahiz eta gaueko txandan lan egin eta gero, egun batzuetan berotzen hasi eta segituan konturatzen naizen ezin dudala jarraitu". 

Egoera hori bikain ulertuko du Dapenaren entrenatzaile Jonathan Perezek; izan ere, hark ere estatu mailan elitean jardun zuen urteetan, eta hori lantegiko lanarekin bateratu behar zuen. Kontua da, baina, Dapenak asteburuan 5,40ko marka egin duela Sorian, eta orain momentuan atleta bakarra dagoela Arrasatekoak baino marka hobea duena: Didac Salas kataluniarra (5,52): "Rankingeko lehenengo sei atletak atletismora dedikatzen dira. Ni sailkapenean bigarren postuan nago Adrian Vallesekin berdinduta (5,40) eta hura Madrilen dago, goi mailako zentro batean. Goiz eta arratsalde entrenatzen dira, fisioterapia saioak dituzte egunero... Bai, abantailak dituzte, baina atletismoaren aldeko apustua egin eta min hartzen badut, zer lortzen dut? Dena utzi eta etxera etorri beharko nuke. Hau ez da futbola, atleta profesionalena ez da bizimodu ona. Nik hemen dudanaren aldeko apustua egin dut". 

Dapena, marka egin berri. Argazkia: Real Sociedad.

Nahiz eta Arrasatekoak badakien halako apustu bat egiteko oraindik adin aproposa duela: "22 urte ditut, pertika-saltoa egiteko oraindik gaztea naiz; izan ere, hemen teknika oso-oso garrantzitsua da eta esperientzia hori urteek ematen dute. Esan genezake 26-27 urterekin egoten direla atletak mailarik onenean. Baina, horretarako, zortea behar da lesioekin".

5,50eko marka du begiz jota

Arrasatekoak ondo daki hamar zentimetro gehiagoko saltoa egiteko kapaz dela: "Hortxe dut marka hori, oso gertu. Sorian ahalegindu nintzen, baina ez nuen lortu; hala ere, sasoi onean nago eta badakit gertu dudala. Lortuz gero, demaseko poztasuna hartuko nuke, marka oso garrantzitsua izango litzatekeelako –Europako txapelketa absoluturako gutxieneko marka 5,60koa da–. 

Oraingoz, saiatzen jarraituko du, eta aire libreko denboraldian buru-belarri sartuta dago –aste barruan Mojategin parte hartze libreko saioak izan ditu Malen Ruiz de Azuarekin batera–: "Maleni ere horixe falta zaio, txapelketa on bat parean tokatzea. Oraingoz, ez du marka pertsonala ontzerik lortu, baina ondo dabil entrenatzen, eta edozein momentutan 4,40ko edo 4,45eko marka egiten ikusten dut". 

Portugalen lehiatu gura du 

Uztailaren 9an, Euskadiko Txapelketa absolutuak jokatuko dituzte, baina arrasatearrak beste hitzordu bat du begiz jota, asteburu berean Portugalen egingo duten Nazioarteko Jauzien Topaketa: "Txapelketa horretara Espainiako bi marka onenak dituztenak joango dira, eta, oraingoz, Adrian Vallesek eta biok marka berbera dugu. Valles AEBetara salto egitera joandako atleta bat da, eta oso marka onekin itzuli zen handik. Nahiz eta biok marka berbera izan, nire bigarren marka onena 5,32koa da, eta Vallesena 5,30, eta hori ere kontuan hartzen dute. Ez dakit zer gertatuko den". 

Realarekin podiumean 

Aipatu moduan, Soriatik marka politarekin itzuli zen Dapena, baina ez hori bakarrik, Reala hirugarren sailkatu zen-eta Kluben Arteko Txapelketan, Europako Txapeldun izan diren Playas Castellonen eta Bartzelonaren atzetik: "Duela bi urte ere podiumera igo ginen, baina ez nuen uste horren azkar halako lorpen bat errepikatuko genuenik, sekulakoa izan da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak