Pedro Iturbe, Antzuolako alkate 2007tik 2011ra (EAE-ANV).
"Alde humanoarekin geratzen naiz"
"Gogoratzen dut osoko bilkura amaitu eta gero ez genuela alkatetza ospatu, kuadrillako bikote baten ezkontza baizik. Ekitaldia bukatu bezain pronto, korrika atera ginen udaletxetik.
Testuingurua konplikatua zen. Gu EAE-ANV siglekin aurkeztu ginen, eta herri batzuetan aurkezteko aukera izan genuen; beste batzuetan, ez. Proiektu polit bat genuen, eta herritarrek konfiantza erakutsi ziguten.
Udala oso finantza egoera prekarioan jaso genuen, eta finantziazio plan bat adostu genuen Aldundiarekin. Genituen baliabide ekonomiko gutxi horiekin, aterpe bat eta igogailua egin genituen eskolan, futbol zelaia berritu genituen, baserrietako ur sarearen hasiera, eta abar.
Horretaz guztiaz gain, luzera begira, alde humanoarekin geratzen naiz. Alkatetzak aukera ematen du egunerokoan harremanik ez daukazun jende asko ezagutzeko, eta harremanak sendotzeko. Politak izan ziren alkatetzako lau urteak".
Mertxe Mondragon, Aramaioko alkate 2003tik 2007ra (EAJ).
"Oposiziorik gabeko agintaldia izan zen gurea"
"Tentsio handiko garaiak ziren. Gurekin batera Hamalau plataforma ere aurkeztu zen, baina legez kanpo utzi zuten. Hori zela eta, tentsioz beteriko giroa zegoen herrian. Hala ere, ekitaldia bera nahiko ondo joan zen, lasaiago.
Oposiziorik gabeko agintaldia izan zen, Hamalau plataforma legez kanpo utzi zutelako, eta bederatzi zinegotziak gureak izan ziren agintaldi hartan.
Udalean sartu ginenean, dirurik ez zegoen. Aurrekoek ez ziguten ezer utzi. Beraz, urtebete behar izan genuen errekuperatzeko, eta gero, ondo lan egin ahal izan genuen. Apurka, proiektuak finkatzen hasi ginen.
Arabako Foru Aldundian PP zegoen agintean, eta oso zaila egin zitzaigun lan egitea. Departamentu gehienetako ordezkariek Aramaio non zegoen ere ez zekiten, eta kosta egin zitzaigun proiektuak aurrera eramatea. Azkenean, departamentu batekin harreman ona egin genuen eta horri esker proiektu asko egin ahal izan genituen".
Arritxu Oliden, Aretxabaletako alkatea 2003tik 2007ra (EAJ).
"Ordura arte ikusi gabeko giroa zegoen garai hartan"
"Ezker abertzalea legez kanpo utzi zuten garai hartan, eta ekitaldia nahiko gogorra izan zen, presioz jositakoa. Euren haserrearen erdian hartu nuen kargua. Jende asko sartu zen osoko bilkuren aretoan, eta guztiak garrasika egon ziren. Tentsio handia egon zen egun hartan.
Ezker abertzalea legez kanpo utzi izanaz gain, Aralar sortu berritan hauteskundeetara aurkezten zen lehen aldia zen eta ez genekien ze babes izango zuen. Ordura arte ikusi gabeko giroa zegoen. Egoera berria zen, eta inork ez zekien ondo zeren aurrean geunden.
Hala ere, alkatetzaren oroitzapen onak ditut. Oso aberatsak izan ziren lau urteak. Momentu txarrak ere izan genituen, baina denetik ikasten da. Jende asko ezagutzeaz gain, gauza asko egiteko aukera izan nuen, eta lortu genuenarekin geratzen naiz. Arkupe kultura etxea, kiroldegi berria egiteko lehen proiektua, zaharren egoitza egiteko proiektuaren onarpena, eta abar".
Inazio Azkarraga-Urizar, Arrasateko alkate 2011tik 2015era (Bildu)
"Urduritasun handiarekin hartu nuen alkatetza"
"Emozioz eta ilusioz beteriko eguna izan zen, baina, era berean, urduritasun handia neukala gogoratzen dut. Izan ere, niretzako, dena berria izan zen, lehen esperientzia zelako udal batean, eta, gainera, alkate moduan. Ekitaldia ondo joan zen, inongo arazorik gabe, baina ni oso urduri nengoen. Familiaren babesa eduki nuen, eta ostean haiekin bazkaldu nuen, emaztearekin eta seme-alabekin.
Denbora gutxi eduki nuen kanpaina prestatzeko, erabakia hartu eta berehala izan zelako; gainera etorri zitzaidan. Ez nengoen ohituta gauza horiekin, eta kanpaina gogorra egin zitzaidan.
Aberasgarria izan zen alkatetza. Jende asko ezagutzeko aukera izan nuen eta lantalde ona izan genuen, baina gogorra ere izan zen. Gertakari ekonomikoz josita egon zen agintaldi guztia. Krisi ekonomikoaren garaia izan zen, Rajoyren Gobernuak ere murrizketa handiak egin zituen administrazioan, eta Fagor kasua ere bizi izan genuen".
Agurne Barruso, Bergarako alkate 2007tik 2011ra (EAE-ANV).
"Herritarren laguntza handia eduki genuen"
"Sentimendu nahasiak izan nituen egun hartan. Batetik, poza eta emozioa, baina errespetua eta beldur puntu bat ere bai, bestetik. Hala ere, egun polit bat daukat akorduan. Nire kasuan, adibidez, Victoriano Gallastegi ez zen etorri, eta ez zidan aginte aldaketan eskuz aldatu ohi den zumezko uztaia eman. Kargu aldaketa falta izan zen.
Ostean, 100 pertsonatik gora batu ginen bazkaltzeko, hauteskunde kanpainan eta gainontzeko lanetan ibili zen jende guztia.
Sorpresa handia hartu genuen irabazita, ez genuen espero. Nire planetan ez zen sartzen lana uztea alkate izateko.
Lau urte on izan ziren niretzako. Aukera eman zidan bestela inoiz ezagutuko ez nukeen bergarar askorekin harreman on asko egiteko. Bestalde, herritarren partetik laguntza handia jaso genuen. Bitxikeria moduan, emakumezko lehen alkatea izanik, gizonezko bati kontatuko ez lioketen gauzak kontatzen zizkidaten herritarrek".
Oxel Erostarbe, Elgetako alkate 2007tik 2015era (Aralar).
"Alkatetza ardura handia zen, talde gaztea genuen eta"
"Alkatetza ardura handia zen, gure taldea gaztea zen eta. Gogoratzen naiz Jabier Arantzetaz gogoratu nintzela alkatetza hartu osteko lehenengo hitzetan, berak eman zidan-eta zerrendan lehenengo joateko bultzada.
Krisi ekonomiko garaia zen, eta Elgetako Udalean euro bat sobera izan den garairik nik ez dut hamabi urtean ezagutu. ANVrekin osatu genuen Udal Gobernua, eta erabaki zailak hartu behar izan genituen; tartean, aparejadore zerbitzuarena.
Hala ere, hainbat ate jo ostean, dirulaguntzak lortu genituen proiektu ezberdinak aurrera eramateko: Salbador kalea oinezkoentzako egokitu, Haur Eskola eta ludoteka berriak, eskolako inguruaren berritzea, kiroldegiko jolas parkea, Intxortako proiektua...
Bestalde, Bergara eta Eibarrekin lotzeko lortu genuen garraio zerbitzua. Hala ere, gure lorpen handiena izan zen jakin genuela bai EAJrekin eta bai Bildurekin akordioetara iristen".
Edorta Zubizarreta, Eskoriatzako alkate 1999tik 2003ra (Euskal Herritarrok).
"Nire aita gogoan izan nuen momentu hartan, emozioz"
"Ez genuen irabazterik espero, eta sorpresa handia izan zen. Gogoratzen naiz ilusioz hartu nuela kargua. Lehenengo aldia zen Eskoriatzan ezker abertzaleak alkatetza hartuko zuena eta gogoa geneukan erakusteko gai izango ginela herria aurrera ateratzeko. Nire aita hilda zegoen. Zinegotzi izana zen, eta gogoan izan nuen momentu hartan, emozioz. Gero, ohiturari jarraituz, kargua utzi zutenak eta kargua hartu genuenok elkarrekin bazkaltzera joan ginen.
Lan askoko urteak izan ziren. Bereziki, azpimarratzekoa iruditzen zait zinegotzi guztien artean banatu genituela lanak. Batzordeak guztion artean banatu genituen, eta lorpenik handiena elkarlan hori izan zen.
Udaletxeko eraikina zahartuta zegoen, eta berritu egin genuen. Horrez gain, biblioteka berria ere egin genuen, Osakidetzarekin hitzarmen bat lortu genuen anbulatorio berria egiteko, Ibarraundi museoa martxan jarri genuen, Santa Marinako plana…".
Angel Iturbe, Oñatiko alkate 1991tik 2003ra (EAJ)
"Ikaragarrizko zorpetzea izan genuen lehen urteetan"
"Lau urtez zinegotzi izan nintzen aurrez. Beraz, normaltasunez hartu nuen alkate kargua. Hori bai, momentu hartan sentitu nuen maite dudan herriagatik lan egiteko poza eta ilusioa.
Pena batekin geratu nintzen. Zerrendetan ezin izan genuen nik gura beste emakume sartu, bi bakarrik. Gaur egun, pozik nago normaltasunez hainbeste emakume dabiltzalako halako parte-hartze aktiboarekin.
Lehen urteak oso gogorrak izan ziren ekonomikoki. Elektrizitatea sortzeko Oñatiko Ur Jauziak enpresa erosi genuen, eta han egin genituen berrikuntzak egin ahal izateko kreditu bat behar izan genuen. Ikaragarrizko zorpetzea eduki genuen, baina, gerora, herrirako energia sortzeaz gain, ingurugiroa garbi mantentzen lagundu du, eta hori oso inportantea da.
Alkate nintzen garaian hainbat senidetze egin genituen. Besteak beste, Saharako Gleibat El Fula, Argentinako Jose C. Paz, Mexikoko Zacatecas eta Guadalajara".