Ezin izan dute txapela Debagoienera ekarri

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 8a, 18:01

Debagoieneko bi ordezkari aritu dira Saran hirugarrenez jokatu den Euskal Herriko XXXI. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean, Aitor Tatiegi eta Aitor Ugarte, baina ezin izan dute txapela honantz ekarri, eta iparraldean geratu da. Izan ere, Irati Alcantarilla urruñarra izan da irabazlea, eta Aner Peritz Euzkitze zarauztarra txapeldunordea.

Irati Alcantarilla txapelarekin, Aner Peritz txapeldunordearen begiradapean.

13 bertsolarik ekin diote finalari. Saio puntuagarriak bi atal izan ditu: lehenean agurra eta bi ofizio egokitu zaizkie parte hartzaileei. Ondotik, bigarren atalean, puntuazioz pasatako sei sailkatuek jarraitu dute kantuan. Aitor Tatiegi, Aner Peritz Euzkitze, Aroa Arrizubieta, Bittor Altube, Irati Alcantarrila eta Xabat Illarregi izan dira.

Irati Alcantarilla izan da onena, eta Maddi Sarasuak jantzi dio txapela, Aitor Sarasua zenak "bertsolaritzari egindako ekarpen handiari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean". Aner Peritz Euzkitze izan da bigarren sailkatua.

Aitor Tatiegi oñatiarrak lehen galbahe hori gainditzea lortu du, eta "pozik" azaldu da horregatik. "Pozik, batez ere, bertso gehiago kantatzeko aukera izan dudalako. Pena litzateke behin finalera iritsi eta Sararaino joanda, lau bertso kantatu eta Oñatira bueltatu behar izatea", dio. Gaineratu du "oso giro ona" egon dela trinketean. "Horrek lasaitasunez kantatzea ahalbidetu dit, urduritasun eta presiorik gabe". Bertsotan "zuzen" jardun duela dio, baina bere bertsoek ez dutela "distira berezirik" izan. Tatiegiren esanetan, "maila altua" egon da finalean. "Antolatzaileek ere hori nabarmendu dute, aurreko urteetan baino maila hobea izan dela aurten".

Aitor Tatiegi, bertsotan.

Aitor Ugarte aramaioarrari dagokionez, ezin izan du sei onenen artean egon. "Tentsio falta" sumatu duela dio, "lasaiegi" egon dela saioan. Horren ondorioz, bota dituen bertsoak "hobeak" izan zitezkeela aitortu du. Hala ere, "gustura" geratu da saioak emandakoarekin, eta gainontzeko bertsolariek eman duten mailarekin. "Bertso txukunak entzun ditugu, kalitatezkoak. Gainera, plaza polita da Sarako trinketea, jende asko egon da", azaldu du.

Aitor Ugarte, bertsotan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak