Oihana Kortazar: "Irabazteko gai ez naizenean ere korrika jarraitu nahiko nuke"

Xabier Urtzelai 2019ko eka. 7a, 19:37
Oihana Kortazar bosgarren postuan helmugaratu zen Zegaman, eta euskaldun onena izan zen. Argazkia: Ioseba Berezibar.

Elgetarrak aspaldian barruan zeukan arantza atera zuen domekan, Zegama-Aizkorrin: Ia bi urtez geldirik egon eta gero, eliteko emakumezkoekin batera lehiatu da. 

Urtebete eta bederatzi hilabete egon zen Oihana Kortazar (Elgeta, 1984) korrika egin barik. Orkatilako maleoloan edema antzeman zioten, Tenako bailarako trailean bihurritu bat egin eta gero. 2016ko abuztua zen, eta, errekuperazio prozesu luze baten ondoren, iaz hasi zen ostera ere korrika. Martxotik hona, lasterketa askotan lehiatu da, baina foku mediatikotik urrun dauden probak izan dira. Domekan, mundu mailako erakusleiho handienetako batean erakutsi zuen –eta bere buruari erakutsi zion– berriro ere onenekin batera egon daitekeela.

Esango nuke garaipen askok baino zapore hobea utzi zizula domekako Zegamak. Hala da?

Bai, egia esan, bai. Bosgarren izan nintzen, baina helmugako azken zuzena egiten nire gorputzaren erreakzioa izan zen besoak altxatzea, zerbait irabazi izan banu moduan; kar, kar. Egindako denboraz ahaztu nintzen, baita lortutako postuaz ere. Egun hartan eman nezakeen dena eman nuen, oso pozik amaitu nuen.

Egin zuen beroarekin, zaila zen marka pertsonaletatik gertu ibiltzea.

Lasterketan zehar nahitaez erlojuari begiratzen diozu, erreferentziak buruan izaten ditugulako. Baina, behin podiumeko postuetatik kanpo egonda, ez zidan axola bost minutu gora edo behera egitea. Baina bai, bost ordutik beherako denbora egin nuen, euskaldun onena izan nintzen eta hasieratik izan nituen sentsazio onak. 

Lasterketako momentu bat aukeratzekotan, zein?

Ibilbide osoan zehar publikoaren partetik jaso nituen animoekin geratzen naiz. Konturatu nintzen lehen Aizkorrin, Sancti Espiritun edo Andraitzen batzen zela jendetza handiena, baina domekan ibilbideko beste puntu batzuetan ere jende asko zegoen. Horrek esan nahi du lasterketa honetatik kanpo egon naizen bi urte hauetan zale kopuruak gora egin duela.

Sentsazio ederra izan behar du lesioa gaindituta dagoela ikusteak, nahiz eta helmugara gorputz osoa minduta iritsi zineten denak.

Korrika egiten duenak badaki beti izaten dela nonbaiteko mina. Orkatilako lesioa gaindituta daukat, baina beti sortzen dira bestelako lesio txikiak, beti dago zerbait. Baina domekan izugarri gozatu nuen, ez nuen ezer igarri. Orain bai, gorputz osoa daukat minduta; kar, kar. Oso garrantzitsua da pasatu duzunaz jabetzea, eta orain non zauden ikustea. Horrenbeste denbora geldi egon eta gero, gehiago baloratzen da horrelako lasterketa bat egiteko aukera izatea.

Zegama-Aizkorri azterketa zen zuretako? Berriro aurrean egoteko kapaz zinela erakutsi gura zenuen?

Bai. Zaila da azaltzen, baina gauza bat da norberak zer erakutsi gura duen, eta beste bat da jendeak zer espero duen zugandik. Domeka goizean irteera puntuan zeuden neska asko ez nituen ezagutzen, jende gaztea etorri delako. Eta, hilabete hauetan Euskal Herriko hainbat lasterketatan egon naiz, baina ez Zegama-Aizkorriko maila dutenak. Bada, lasterketak irabazita ere beti dago norbait pentsatzen duena maila handirik egon ez delako ibili zarela aurrean, beti egoten dira baina horiek… Alde horretatik banuen gogoa halako mailako lasterketa batean lehiatzeko, jakinda emaitza edozein izan zitekeela. Batez ere, nire buruari erakutsi gura nion zertarako kapaz naizen.

Ia bi urtez mendi lasterketen mikromundu horretatik kanpo ibili zara. Zer ikasi, edo ikusi duzu? 

Gauza asko ikasten da kanpotik begiratuta. Umiltasunez jokatzen duten kirolariengan jarri dut arreta, isil-isilik lan egiten duten horiengan, horiek dira eredugarri. Umiltasunez eta zaratarik atera barik lan egiteak duen balioa ikusi dut, eta gero, aukera badago lasterketa batean egindakoa erakusteko, bada, erakutsi.

Lesioak balio izan dizu hastapenetara bueltatzeko? Lasterketak gogoaren arabera aukeratzea, kanpora joateari uztea... 

Bai; izan ere, min hartu arte, nik ez neukan Herrikrosa eta Kirolprobak webguneetan ibiltzeko premiarik, eta azken hilabeteotan horrela ibili naiz, Interneten ze lasterketatan parte har nezakeen begira, eta horren arabera familiarekin asteburuak antolatzen. Lesioaren ondoren, kostatu egiten zitzaidan entrenatzera joatea, motibazioa falta zitzaidan, eta lasterketa horiek baliatu ditut sasoia errekuperatzeko.

Babesleekin izan beharreko konpromisoak ez dira lehengoak modukoak izango; arnasa ematen du horrek? 

Bai; lasaiago nabil, duda barik. Orain, Salomoneko enbaxadore naiz, baina ez bertako atleta, eta horrek asko lasaitzen nau. Azkenean, norberak jartzen dio presioa bere buruari, baina Salomoneko kide izanda nazioarteko zirkuituko lasterketetan egon beharko nuke. Esaterako, Golden Trail Series-etan esku hartu beharko nuke, Salomonek sortutako zirkuitua delako. Eta zirkuituko lasterketetako bat Canazeikoa da. Paraje ederrak ditu, oso lasterketa polita da, baina beti kontrako eztarritik sartu izan zait lasterketa hori, eta konturatzen zara urtero konpromisoagatik joaten nintzela lasterketa horretara. Canazei modukoak badaude beste batzuk, eta horietara joatearren beste lasterketa batzuk alboratzen dituzu. Eta, konturatu orduko, halako gurpil batean sartu zara… Eta zure buruari galdetzen diozu ea ze demontretan ari zaren, benetan gustukoak dituzun lasterketak alboratzen badituzu, berrietara joateari uzten badiozu… Azken batean, ez garelako honetatik bizi. Gure zaletasuna da, baina balantza horretan oreka galtzen ari zarela ikusten duzu, eta momentu batean galdetzen diozu zeure buruari ea horrela ibiltzea merezi duen, aste barruan hegazkin bat hartu eta batera eta bestera ibiltzea merezi ote duen. Orain, nik nahi ditudan lasterketak aukeratzen ditut, eta maila ematen ez badut, bada, nire arazoa baino ez da.

Baina domekan aurrean ibiltzeko kapaz zarela erakutsi zenuen…

Baina hori ikusita ere ez zait nazioarteko zirkuitu handietan izena emateko gogoa etorri, benetan. Aurten egin gura ditudan lasterketak nahiko zehaztuta ditut. Esaterako, bai egingo nuke ostera ere Suitzan egiten duten Sierre-Zinal lasterketa, izugarri polita delako. Baina hori da gauza bat eta beste bat da zirkuitu bateko gutxieneko lasterketa kopuru bat derrigor egin behar izatea, ez dut horretarako gogorik. Ondo errekuperatzen banaiz, domekan Arnoko [Mutriku] lasterketan egongo naiz, baita hilaren 23an Flisch-eko [Zumaia] maratoian ere. Uztailean, esaterako, Herradura de Campoo lasterketa egiteko asmoa dut. Iaz, lesionatuta egon ostean burututako lehenengo maratoia izan zen, izugarri sufritu nuen, baina lasterketa asko gustatu zitzaidan. Eta abuztu amaieran egingo duten Trail Valle de Tena ere egin nahiko nuke. Hain justu, lasterketa horretan lesionatu nintzen, orduan esan nuen ostera ere ez nintzela zoratuta ere itzuliko, baina goi mendiko lasterketa ederra da, eta oso teknikoa, apenas egiten da korrika. Bada, beldurra kentzeko edo txoke-terapia moduan, hara joango naiz. Eta amaitzeko, irailean Covaledara joango naiz, Soriara, Trail Pico Urbion lasterketara. Ez naiz aspertuko. Kar, kar.

Mendi lasterketez ari gara, baina asfaltoan, esaterako, Behobia-Donostia irabazi duzu. Errepidera bueltatzeko asmorik? 

Orain momentuan ez dut batere gogorik. Badakit aste barruan errepidean entrenatu beharra daukadala, hor irabazten dut abiadura, eta mendirako ondo etortzen zait. Baina desgastea ere handiagoa da. Orain momentuan maratoi bat prestatzeak ez ninduke batere motibatuko. Kontrara, mendiko maratoi batean badakit tarte batzuetan oinez joango naizela, aldapa beherak izango ditudala, tontorrean bista politekin gozatu ahal izango dudala eta erritmo ezberdinetan korrika egingo dudala. Horrek betetzen nau, eta asfaltoan ez daukat halakorik.

Etorkizunari begira, atleta batzuei entzun izan diet maila onean ez dauden egunean erretiroa hartuko dutela. Beste batzuek, ordea, ondo onartzen dute ezinbestekoa dena, bizitzaren legea. Eta, maila apalago batean bada ere, mendi lasterketez gozatzen jarraitzen dute. Non ikusten duzu zure burua? 

Orain momentuan, behintzat, garbi daukat, beste gauza bat da momentua iristen denean zertarako gaitasuna izango dudan. Bigarren kasuan ikusten dut nire burua. Uste dut jarraitu egingo dudala mendian korrika egiten, eta motiboa da nire semeendako eredu izaten jarraitu gura dudala. Orain, txukun samar nabil, eta nire semeak adin horretan daude... denak izan behar du irabazi, irabazi eta irabazi. Pentsa, domekan Zegaman inguruko guztiak geunden pozik, nire seme nagusia kenduta. Errieta egin zidan bosgarren sailkatu nintzelako eta bi kanpotar aurretik helmugaratu zirelako; kar, kar. Ikus dezatela egiten dudan hori ez dela lasterketetan aurrean ibiltzeko, bizitza filosofia bat dela, kirol ohiturei eutsi egin behar zaiela gero ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak