Droga kontsumoei buruz hausnartu, kirola eginez

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 6a, 16:47
Ikasleak eta pazienteak boleibolean jokatzen gaur, Donostian.

Inklusioa: esnatu, mugitu, ausartu eta erabaki jardunaldiak egiten ari dira asteon Donostian, UDA kirol elkarteak, San Juan de Dios ospitaleak eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek antolatuta; bihar, egubakoitza, bi adituk hitzaldia egingo dute.

Antolatzaileek beste batzuen laguntza izan dute ekimen hau aurrera eramateko: Kurtzebarri eskola eta Arizmendi Ikastola, Gurasoen elkarteak, eta inguruko hainbat enpresa. Helburua da, kirolean jokatzeaz haratago, lan taldeetan droga kontsumoaren inguruan hausnartzea. Horregatik, kirola aintzat hartuta, droga kontsumoen ondorioz gaixotasun mentalak dituzten pertsonak eta gazteak elkartu ditu ekimen honek.

Jardunaldi hauetan Kurtzebarri ikastetxeko eta Arizmendi Ikastolako DBHko 4. mailako neska-mutikoek hartuko dute parte, San Juan de Dios ospitaleko pazienteekin batera. 100 ikasle inguru aritu dira ekintza ezberdinak egiten. Atzo, Arizmendi Ikastolako 60 bat ikaslek hartu zuten parte eta gaur, eguena, Kurtzebarriko 40 inguruk. Pazienteei dagokienez, 65 inguru izan dira orotara.

Hausnarketarako txokoa

Eguazteneko taldeak petanka eta areto-futbola egin zuen, eta atzoko taldeak, berriz, boleibola hondartzan eta saskibaloia. Bestalde, bada bi egunetan errepikatu duten ekintza bat: "kultura etxe batean gaiaren inguruan hausnartu eta eztabaida irekia egin dute. Galdera batzuk egin zaizkie, eta nerabeek zein pazienteek euren iritziak eman dituzte, eta esperientziak partekatzen dituzte, euren arteko solasaldietan", dio Maider Etxanizek, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Gazteria teknikariak. Gaineratu du ikasleen eta pazienteen arteko harremana "oso naturala" izan dela.

Bihar, bi hitzaldi

270 pertsonak eman dute izena bihar Donostiako Arkitektura fakultatean egingo dituzten bi hitzaldietarako. Lehena Patricia Ros psikologo klinikoak egingo du, 09:30ean: Heziketa prebentziorako tresna. Bartzelonako unibertsitatetik etorriko da Ros. Urte asko darama prebentzio alorrean lanean eta gaiarekin lotutako hainbat hitzaldi eta mintegi zuzendu ditu.

Bigarren hitzaldia, Sustantzien kontsumoa eta ondoriozko patologia izenekoa, Marta Torrens Bartzelonako Hospital del Maren adikzio ezberdinen inguruko ikerketa taldeko kideak egingo du, 12:00etan. "Kontsumitzeko dauden moduen inguruan eta datozen modu berrien inguruan ere hitz egingo du Torrensek, guztiok ulertzeko moduan, hitz tekniko barik", azpimarratu du Etxanizek.

2017a ezkero elkarlanean

2017ko uztailean, UDA Aretxabaleta Kirol Elkarteak hitzarmena sinatu zuen Arrasateko San Juan de Dios Ospitalearekin. Hitzarmen horren bidez, UD@A proiektua jarri zuten martxan, Nerabezaroan drogen aurka elkarturik izeneko ekimena abian jartzeko. Gero, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalek bat egin zuten egitasmoarekin, nerabe guztiengana iritsi asmoz. Ordutik, hainbat egitasmo egin dituzte eta hau ere testuinguru berean kokatzen da. Hasieratik elkarlanean aritu dira drogen prebentzioaren inguruko proiektua gauzatzeko. Publiko objektiboa Aretxabaleta eta Eskoriatzako nerabeak dira. Kirol balioak indartu eta bizimodu osasungarriaren aldeko hezkuntzarekiko "konpromiso soziala" sustatzea izan da helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak