Leire Ugarte: "Kexa publiko egiteak eragin handia daukala ohartu gara"

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 7a, 13:03
Leire Ugarte, Oñatin, mediku bata jantzita.

Ohorezko matrikula lortu ahal izateko epaimahaiko kide guztiak elebidunak izatea lortu dute oñatiarrak eta beste hainbat ikaslek, euren kexa publiko eginda.

Zergatik erabaki zenuten zuen kexa publiko egitea?

Hizkuntzari erreferentzia egiten zion mezua bidali ziguten lana euskaraz aurkeztu behar genuenoi, epaimahaiko kide batzuek euskaraz ulertzen ez zutela esanez, eta gaztelaniaz aurkezteko presioa sentitu genuen. Aurreko urteetan ere arazo bera egon izan da, eta pentsatu genuen zerbait egin behar genuela. Mezua nahiko garbia zenez, publiko egitea erabaki genuen, jendeak balora zezan. Lau ikasle ginen, eta bakoitzak bere Facebook orrian jarri genuen mezua. Jendea partekatzen hasi zen, eta, azkenean, oihartzun handia hartu zuen kontuak. Gero, gainera, komunikabideetan agertu zen.

Espero zenuten horrenbeste oihartzunik?

Ez. Dekanotzatik barkamena eskatu ziguten, baina pentsatzen genuen hor geratuko zela kontua. Hala ere, oihartzuna geroz eta handiagoa zenez, epaimahaia aldatu egin ziguten, azkenean, goitik behera. Epaimahaiko sei kideak berriak jarri zituzten, guztiak elebidunak. Tutoreak esan zidan, gainera, EHUtik mezu bat bidali zietela esanez epaimahaiko kide izateko boluntario bila zebiltzala. Bi egunetan lortu zituzten guztiak. Horrek esan nahi du jendea badagoela, baina ez dutela egokitzen epaimahaia. Gaztelaniazkoei ezetz esateak erreparoa ematen die, nonbait.

Zuen kasua, beraz, ez da salbuespena.

Ez. Mediku asko daude urte luzez epaimahaian egon direnak eta ez dakitenak euskaraz. Hala ere, badaude beste asko euskaraz badakitenak, baina EHUri kosta egiten zaio euskaraz ez dakiten horiei ezetz esan eta kideak aldatzea. Errazagoa egiten zaio ikasleoi hizkuntzaz aldatzea eskatzea. Mediku tutore batek esan zigun erdi haserre zegoela EHUrekin. Epaimahaikide zen, eta inolako azalpenik eman gabe, epaimahaia aldatu behar zutela esan zioten. Guzti honen berri komunikabideetan jakin zuen.

Irakasleen babesa ere jaso duzue?

Bai. Esaten ziguten epaimahaia aldatzeko eskatzeko, lortuko genuela. Hala izan zen, eta lana %100 euskaraz aurkeztu ahal izan genuen.

Aurrekari bat ezarri duzue.

Hori da. Egia esan, aste estresagarria izan zen. Astelehenean jaso genuen mezua, eta ostiralean aurkeztu behar genuen lana. Donostian bizi naizen bakarra ni naizenez, ETBra ni joan nintzen, Euskadi Irratira ere bai, eta bitartean aurkezpena ere prestatu behar izan nuen. Hala ere, kexa publiko egiteak eragin handia daukala ohartu gara. Ikusita aurreko urteetan eurekin hitz egiteak ez zuela funtzionatu, bide hau hartzea erabaki dugu. Zoritxarrez, hau da bide eraginkorra EHUrekin. Helburua lortu dugu, eta garrantzitsua da, batez ere datozen urteetan hau errepikatu ez dadin.

Bermatuta dago medikuntza %100 euskaraz ikastea?

Donostian eta Basurton %30 gaztelaniaz ematen da; Gurutzetan, %45; eta Txagorritxun ezin da euskaraz ikasi, %100 gaztelaniaz. Urtero eskatzen dugu hori aldatzeko, eta pixkanaka ari da aldatzen, baina oso motel.

Atzetik datozen ikasleei mezuren bat helaraziko zenieke?

Beldur barik publiko egiteko horrelako gauzak, eta dagokiena exijitzea. Gauza bat objektiboki gaizki dagoela ikusten denean, kexa daitezela. EHUren webgunean irakurtzen ibili ginen. Guztia euskaraz aurkezteko eskubidea genuela jartzen zuen, eta hori bermatu egin behar zuela unibertsitateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak