Euskaraldiaren bigarren edizioa martxan da jada

Lehen mintegia egin dute asteon Donostian, lehen edizioan herriz herri antolatutako batzordeetako kideek eta ekimenaren sustatzaile izan ziren erakunde, gizarte eragile eta enpresetako ordezkariek; 2020ko udazkenean egingo dute bigarren Euskaraldia.

"Euskaraldiaren lehen edizioan Euskal Herri osoko milaka lagunek parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest roletan, hizkuntza ohiturak aldatu eta beraien inguruko harremanetan euskararen erabilera handitzeko helburuarekin. Lehenengo edizioa amaitu eta balorazioa egitearekin batera, bigarren edizio bat egongo zela aurreratu genuen, eta hala izango da", azaldu du Garazi Azkuek, Euskaltzaleen Topaguneko kideak.

Lau orduko mintegia izan da Donostian, EHUko Carlos Santamaria zentroan, egin dutena. "Oinarri guztiak, marko teorikoa, entitateen zeregina, nola antolatuko den barrutik, komunikazio euskarriak zeintzuk izango diren eta abar landu dugu, eta txosten batean jaso", dio Azkuek. Txosten hori batzordeei banatuko diete lehenbailehen.

Entitateek presentzia handiagoa

Ariketa sozialari dagokionez, formatua bera izango da, ahobizi eta belarriprest rolekin. Oinarria norbanakoak izango dira, baina entitateek ere garrantzia izango dute. "Bereziki norbanakoei zuzendutako ariketa izango dena arren, entitateek presentzia handiagoa hartuko dute, zeregin gehiago izango dituzte egun horietan, eta bertako langileak beste modu batera aktibatu beharko dituzte entitateek, gune ezberdinak sortuz, barruan ere ariketa soziala egin ahal izateko".

Helburuak berdinak izango dira, eta batzuk gehituko zaizkie: "Entitate barruko funtzionamendu berrirako helburu batzuk gehiago izango dira, baina oinarria ez da aldatuko: hizkuntza ohiturak aldatzea". 2020ko udazkenean egingo dute eta 11 egun beharrean, 15 izango dira –ziur asko, azaroaren 20tik abenduaren 4ra–, eta batzorde gehienak uda ostean hasiko dira lanean.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.