Entzute ariketen bitartez, gizarteko erronkak identifikatzen

Miren Arregi Amasorrain 2019ko mai. 13a, 14:53

Debagoieneko Berrikuntza Plataforma berria herritarren iritziak jasotzen dabil. Alegia, Debagoieneko behar sozialak identifikatzen, eta jendearen kezkak eta motibazioak jasotzen. Horretarako, dagoeneko 50 elkarrizketa egin dituzte. 

Helburua, behar eta kezka horietatik abiatuta, Debagoiena justuagoa, iraunkorragoa eta aukera berdintasunean oinarritutakoa egitea da. Hala, eraldaketa soziala bultzatzeko bideak ahalbidetu gura ditu Berrikuntza Plataforma Irekiak.

Debagoiendarren iritziak jasotzeko ariketa horretan, bakarkako hainbat elkarrizketa egin dituzte: orain arte, 50 inguru. Pertsona horien iritziak jaso eta ondorioak atera dituzte, gero kontraste saioetan eztabaidatzeko. Interpretazio kolektiboko saioak izena dute horiek. Arrasaten egin zuten lehenengoa, Bergaran ere egin dute eta azkenekoa izan da, Oñatin. Kontraste saioek, elkarrizketetatik ateratako ondorioak zuzenak diren berresteko edo azterketa sakonago bat behar duten ondorioztatzeko balio dute.

Kezkak, askotarikoak

Taldeko saio horien aurretik egin diren bakarkako elkarrizketan azaleratutako kezkak askotarikoak dira. Klima aldaketarekin lotutakoak, lanarekin zerikusia dutenak, kulturarekin zein balio transmisioarekin eta abarrekin lotutakoak.

Elkarrizketatutako pertsona horiek eskualdeko aniztasunaren erakusgarri dira. Adin, genero eta jatorri desberdinetakoak aukeratu dira, baita lan-sektore eta lanpostu desberdinetan dihardutenak eta baita, herrigintzako jendea. Izan alderdi politikoetako, elkarteetako eta hezkuntzako ordezkariak.

Entzute ariketa hau etengabe egingo den lan bat izango da eta gainera, horiek osatzeko, beste entzuteko modu batzuk identifikatu eta martxan jarriko dira. Big Data Behatokia da horren adibide bat.

Entzute fasean identifikatuko diren behar eta erronka horietatik abiatuta, irtenbideak bilatzea da Plataformaren egitekoetako bat. Irtenbideak, proiektuak sortzetik edo bultzatzetik etorriko dira. Hori izango da hurrengo urratsa eta hori ere, entzutea bezala, elkarlanean oinarri dela egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak