Bergaran salbu, alkatetzei eutsi diete alderdiek

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 3a, 10:08

Debagoieneko alkategai bozkatuenak Arrasaten.

Udal hauteskundeek ia erabakita utzi dituzte datozen lau urteetan Debagoieneko alkate izango direnak; herri guztietan gehiengo osoa lortu du irabazi duen alderdiak, Arrasaten izan ezik; hor ikusteke dago EAJk eta PSE-EEk bat egingo duten berriro.

Beñardo Kortabarria (EH Bildu) izango da Antzuolako alkatea datozen lau urteetan ere. "Laugarren aldiz jarraian EH Bilduren proiektuak gehiengo osoa jaso du. Egonkortutako proiektu bat daukagula sentitzen dugu".

Dio erronka "ugari" dituela herriak. Besteak beste, "hezkuntza eredua mantentzearen aldeko urratsak egitea; azken urteetan eman diguten egurraren ostean, ingurumena zaintzeko konpromisoari eustea; sortzen ditugun hondakinak ahalik eta ondoen kudeatzen jarraitzea; energia burujabetzaren inguruko proiektu zehatzak aurrera eramatea; ongizate arloan, justizia sozialean oinarritutako eta ezberdintasunik gabeko herri bat eraikitzea".

Hainbat proiektu aipatu ditu: bidegorriak bukatzea, Olaran etxean igogailua jartzea; jolasgune guztien plangintza egitea; eta Basalde auzorako oinezkoendako bidea egitea.

Babes handiagoa lortu du

Aramaioko alkate izaten jarraituko duen Lierni Altuna (EH Bildu) ere "pozik" azaldu da, zinegotzi bat gehiago lortu ostean. "Emaitza hauek erakusten dute herritarrek baloratzen dutela azken urteetan egin dugun lana".

Hondakinek gutxitzen jarraitzea izango da erronka nagusietako bat, Altunaren esanetan. Bestalde, ingurumena "guztion ardura" dela dio, eta hura zaintzen jarraitzeko konpromisoa dutela. Euskararen erabilera igotzea ere erronka izango da. Hainbat proiektu aipatu ditu: "Musika etxea esleitu eta martxan jartzea falta da, eta eskolako arrapalaren proiektua exekutatu behar da". Kiroldegia eta Barajuen auzoa ere aipatu ditu.

"Lehenbailehen", lanera

Alkatetzan errepikatuko duen beste bat Unai Elkoro (EAJ) izango da, Aretxabaletan. "Guk irabazteko esperantza bageneukan, baina pentsatzen genuen lehia estuagoa izango zela. Pozik gaude. Herritarrek eman diguten babesa handia da, eta horrek indarrak ematen dizkigu lanean jarraitzeko", dio.

Lehentasuna zein den garbi dauka. "Lehenbailehen, komentuko zaharrendako gunearen proiektuarekin hasi gura dugu. Ahalik eta azkarren egitea komeni zaigu". Santa Kurtzeko saneamendu lanei berriro eutsiko dietela dio. "Lehendik egindako proiektu bat da, eta eguneratu egin beharko dugu, ea auzotarrek nola ikusten duten ikusiz. Hori egin ostean, ea datorren urterako martxan jarri dezakegun", azpimarratu du.

Kiroldegia, igogailuak eta beste

Arrasaten, Maria Ubarretxenak (EAJ) kalean eurekiko "jarrera positiboa" nabaritzen zuen, eta emaitzek hori berretsi dutela dio. "Indar nagusia izan gara; 700 boto inguru gehiago jaso ditugu azken hauteskundeekin alderatuz".

Arlo ezberdinetan dago hobetzeko beharra, Ubarretxenaren esanetan, eta horiei aurre egiteko zenbait proiektu dituztela dio: "Arrasatek kiroldegi berri bat behar du, eta horri helduko diogu. Mugikortasun bertikalari ere ekingo diogu, Erguingo igogailu sistemarekin eta Santa Teresako igogailu publikoekin. Oinezkoei lehentasuna ematen joango gara, eta Ekobulebarra gauzatuko dugu, Etxaluzetik Maalara joango den bidegorriarekin eta oinezkoentzako espazioak irabazita. Grupo San Juan oinezkoentzat jarriko dugu, eta erdigunean TAO sistema malgua ezarriko dugu. Bestalde, euskara eta parekidetasuna ere landuko ditugu, modu transbertsalean, eta kulturari eta komertzioei bultzada emango diegu, Ibai-arterekin dugun harremanak estutuz", dio.

Herritarren beharrak, ardatz

Lehen aurpegi berria Gorka Artola (EH Bildu) da, Bergarako alkate izango dena. "Apirilaren 28ko emaitzak hobetzea espero genuen, eta EAJrekiko aldea handitzea, eta hala izan da. Oso emaitzak onak dira guretzako".

Berria izanik, erronka pertsonala da "proiektua aurrera eraman ahal izatea, arlo pertsonala alde batera utzi barik eta alkatetzak ni jan gabe". Herrira begira, "proiektuak aurrera eramateko ahalik eta adostasun zabalenak lortzea" izango da erronka nagusia.

Azpimarratu du "herritarren eskubide eta beharretatik abiatuta" egingo dutela lan. Proiektuei dagokienez, "proiektuak eurak baino, horietara iristeko prozesua interesatzen zaigu gehiago. Emakumeen Txokoa, adibidez, eraikin bat baino gehiago, prozesu oso moduan ikusten dugu, emakumeen ahalduntzean. Bestalde, sorkuntza-gunea edo arte eszenikoen inguruko proiektu bat ere badugu Elementalerako. EAJk egin duen proposamena interesgarria izan daiteke, gurearekin uztargarria", dio.

Emaitza "historikoak"

EH Bilduk Elgetan lortu dituen emaitzak "historikoak" dira, datorren agintaldian ere alkate izango den Iraitz Lazkanoren esanetan. "Udal hauteskundeetan Elgetan sekula egon den zerrenda bozkatuena izan da gurea", nabarmendu du.

Erronka "asko" dituztela adierazi du. "50 puntuko programa bat osatu dugu. Oso zehatzak dira, baina egin daitezkeenak. Helburu handietako bat izango da etxebizitza soziala bultzatzea. Bestalde, alokairu soziala edota etxebizitza komunitarioen gaia ere inportantea da. Horrez gain, ditugun zerbitzu ezberdinak hobetu eta zabaltzen joatea ere bada asmoa".

Orain arteko bidetik

Joxerra Zubizarretak (EAJ), Eskoriatzan, alkate segituko du, eta herritarrei eskerrak eman dizkie babesagatik. Datozen lau urteei begira, ildo beretik jarraituko dutela dio, eta proiektuari jarraipena eman, "herritarrekin hitz eginda", haren esanetan.

Hobetzeko beharra "osotasunean" ikusten du: "Hirigintzan, mugikortasunean, argiterian... Badugu zer egin. Hala ere, dagoeneko martxan hasita gaude urratsak egiten, eta proiektuak osatzen jarraituko dugu, orain arteko bidetik".

Hauteskundeak egin arte

Leintz Gatzagaren kasuan, Juanito Bengoak jarraituko du alkate, zerrenda osatu eta hauteskundeak egin bitartean.

Erronka pertsonal "handia"

Izaro Elorza (EH Bildu) izango da Oñatiko alkatea, bigarren aurpegi berria. Onartu du emaitza onak espero zituztela, "baina ez hain onak". Izan ere, 2011n eta 2015ean baino boto gehiago lortu dituzte. "Zerrenda ia osoa aldatu arren, herritarren babesa jaso dugu. Horrek esan nahi du gure mezua ulertu dutela. Proiektu politikoaren zein herri proiektuaren alde egin dute, herrigintzaren alde, oro har".

Erronka pertsonal "handia" izango dela dio. Herrira begira, "gutxienez, egun Oñatin daukagun bizi kalitatea mantentzea izango da erronka nagusia. Esfortzu berezi bat egin beharko dugu, etxebizitzan, garraio publikoan, berdintasunean, pentsioetan, enpleguan eta abar. Tokiko komertzioei bultzada ematen eta politika feministak esparru guztietara zabaltzen saiatuko gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak