Hitzordu baten bueltan, hiru belaunaldi batera

Miren Arregi Amasorrain 2019ko mai. 27a, 13:35
Izaskun Aldanondo, Paula Ibabe eta Laia Polo, eskuetan botoak dituztela, atzo goizean, Oñatin.

Botoa eman ahal izan duen bigarren aldia zuen atzokoa Laia Polo oñatiarrak. Izaskun Aldanondo amarekin eta Paula Ibabe amamarekin egin du hauteslekurako bidea, lasai eta pozik, azkenean "bere ekarpena" egin ahal izan duelako.

Hiru belaunaldi elkarrekin. Ahal izan duten guztietan botoa emateko aukerari ukorik egin ez dioten hiru emakume. Gazteenak, 18 urte bete berri, duela hilabeteko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan eman zuen lehen aldiz. Atzo egin zuen, bigarrenez. "Ez dut zalantzarik izan. Kuadrillako gehienek emango dute botoa, garrantzitsua iruditzen zait", dio. Amamaren ondoan iritsi zen hauteslekura, 90 urte dituen Paula Ibaberekin. Azken honek ere beti eman du botoa. "Beti, beti", dio, patxadaz. Hala ere, ez du gogoratzen lehenengo aldi hura, "aspaldi izan zen eta". Hirugarren emakumea Izaskun Aldanondo da, Paula Ibaberen alaba eta Laia Poloren ama. "Beti ikusi ditut gurasoak hauteskunde egunean botoa ematera joaten", dio. "Eta guk ere halaxe egin dugu, beti".

Izan ere, etxean, politikaz arazo barik berba egin izan dutela aitortu dute hirurek. "Elkarrizketa asko izaten ditugu, bai etxean, eta baita lagun artean ere", dio Aldanondok. Eta hauteslekura etxekoekin joate hori ohitura bilakatu dutela diote. "Zerbait naturala da, horrela egin izan dugu. Elkarrekin etortzen gara kartazala kutxan sartzera".

Lehengotik hona, aldaketa

Demokraziaren lehen urteetako giroaren eta gaur egungoaren arteko diferentziez galdetuta, orduko "zapalkuntza" eta egungo "askatasuna" datozkie burura Ibaberi eta Aldanondori. "Gaur egun, askatasun handiagoa dago, eta askoz gehiago errespetatzen da", dio Aldanondok. "Lehen, katalogatuago zegoen jendea", erantsi dio alabak, hiruretan gazteenak. "Orain anonimotasuna eta errespetua handiagoa dira".

Datozenei eskaerak

Hirurek nahi luketena da datorrena herritarren iritziari garrantzia emango dion taldea izatea: "Herriari galdetzea, herritarrak kontuan hartzea, ezinbesteko iruditzen zait", dio Izaskun Aldanondok. "Herri mailan adostasuna bilatu behar lukete, eta ez konfrontazioa", erantsi du. Familia bereko hiru belaunalditako hiru emakumeek bere egin zuten atzo parte hartzeko eskubidea eta pozik zeuden horregatik: "Nire ekarpena egin dut eta pozik nago. Eta ikusi amama, 90 urte beteta ere, hemen da, gurekin". Hori esanez bukatu du Laia Polok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak