Hurrengo lau urteetarako alkate izango direnak zehaztuta

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 27a, 12:37

Boto gehien jaso dituzten alkategaiak.

Udal hauteskundeek utzitako emaitzek dagoeneko zehaztu dute datozen lau urteetan zeintzuk izango diren alkate Debagoienean. Bi herritan bakarrik izango dira aurpegi aldaketak, Bergaran eta Oñatin, eta gainerako guztietan zaharrak berri. Ekainaren 15ean eratuko dira udalbatzak eta izendatuko dituzte alkateak.

Bergara berreskuratu du EH Bilduk botoen %48,25 eskuratuta eta Gorka Artola izango da alkate; zortzi zinegotzik egingo diote lagun horri. Elena Lete buru duen EAJk, ostera, zazpi zinegotzi eskuratu ditu, eta Bergarako udalbatza osatzen bukatuko du PSE-EEko Alberto Alonsok.

Oñatin ere aurpegi berria izango dute, EH Bilduko Izaro Elorza; Mikel Biainen eskutik jasoko du horrek lekukoa. Bototan gora egin du EH Bilduk; EAJk, ostera, behera, baina udalbatzan ez da izango aldaketarik: EH Bilduk 10 zinegotzi eta EAJk, 7 izango dituzte.

Aldaketarik ez sei herritan

Gainerako herrietan ez dago aldaketarik alkateei dagokienez. Arrasaten bederatzi zinegotzi eskuratu ditu EAJk eta Maria Ubarretxena izango da beste lau urtez alkate. Haren atzetik geratu da Maider Morras buru duen EH Bildu zortzi zinegotzirekin; PSE-EEk hiru eskuratu ditu eta Elkarrekin Podemosek bakarra.

Aretxabaletan ere EAJ izan da nagusi, eta, Unai Elkoro izendatuko dute alkate ekainaren 15ean. Bi alderdik bakarrik osatuko dute udalbatza Aretxabaletan lehenengoz; jeltzaleekin batera Ion Albizu buru duen EH Bilduko sei zinegotzi izango dira. PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek galdu egin dituzte zinegotziak.

Eskoriatzan Joserra Zubizarreta izango da alkate; gainera, EAJk gora egin du nabarmen eta zinegotzi bat irabazi. Eluska Irazu zerrendaburu duen EH Bilduk lau zinegotzi izango ditu, eta Elizateek, orain arte lez, bakarra. 

Antzuolan, ez da izan inolako aldaketarik eta udalbatzaren osaera orain artekoa bezalakoa izango da: EH Bilduk zazpi, EAJk hiru eta PSE-EEk bat. Beñardo Kortabarriak jarraituko du alkate izaten beste agintaldi batez.

Elgetan ere Iraitz Lazkanok jarraituko du, eta gainera, zinegotzi bat gehiago izango du EH Bilduk. Aintzane Oiarbide buru duen EAJk, hartu du Gu Geu Elgetaren txanda, zinegotzi baten galerarekin.

Aramaion ere zinegotzi bat gehiago izango du EH Bilduk, eta nagusitasun osoz aginduko du Lierni Altunak. Jeltzaleek bi zinegotzi bakarrik izango dituzte.

Leintz Gatzagan, ostera, ez da izan Udal hauteskunderik ez delako zerrendarik aurkeztu. Sei hilabete barru berriro egingo dute deialdia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak