Hautesleku bakoitzean hiru hautetsontzi izango dira. Udal hauteskundeei dagokienez, boto zuriek izango dute erabakia. 49.980 debagoiendarrek dute horretarako eskubidea; herri baten ez da egongo halako botoendako hautetsontzirik, Leintz Gatzagan hain zuzen ere –ez da osatu zerrendarik–. Hona hemen botoa ematera deituak:
- Antzuola: 1.630
- Aramaio: 1.175
- Aretxabaleta: 5.432
- Arrasate: 17.349
- Bergara: 11.512
- Elgeta: 856
- Eskoriatza: 3.168
- Leintz Gatzaga: 187 (Udal hauteskundeetarako ez)
- Oñati: 8.858
Apirilaren 28ko Espainiako kongresurako hauteskundeetan parte-hartzea handia izan zen; 37.626 herritarrek eman zuen botoa (abstentzioa %25). Ikusi egin behar alderdiek egindako deiak erantzun berbera duen.
Guztira 108 zinegotzi aukeratuko dituzte Debagoienean.
Gipuzkoako eta Arabako Batzar Nagusiak
Foru hauteskundeekin (boto laranja) aukeratuko da Batzar Nagusien osaera. Gipuzkoan lau barruti daude, eta Debagoiena Deba-Urola eskualdean sartzen da. Eskualde horretatik hamalau ordezkari joango dira Gipuzkoako Batzar Nagusietara; bertako batzarkideak guztira, 51 dira.
Arabako Batzar Nagusiei dagokienez, hiru barruti daude, eta Aramaio, Lur Jareak barruan dago. Barruti horretako zazpi ordezkari joango dira 51 kide izango dituen Batzar Nagusietara.
Boto urdina Europako parlamenturako
Boto urdina, ostera, Europako parlamenturako ordezkariak aukeratzeko izango da; 350 kidek osatzen dute hori. Debagoieneko bi alderdi nagusiak beste alderdi batzuekin aurkeztuko dira Europako hauteskundeetara. EH Bilduri dagokionez, ERC eta BNG alderdiekin batera aurkeztuko da, Orain Errepublikak izenarekin. EAJ, berriz, Coalicion Canaria, Compromiso Por Galiza, Geroa Bai, Proposta Per Les Illes eta Democrates Valencians alderdiekin aurkeztuko da, CEUS izenarekin.