"Talde honen jokatzeko moduak zaleak harrapatu ditu"

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 17a, 19:03

Talde txuri-urdina Erregina Kopa irabazi izanagatik ospakizunetan murgilduta dagoen honetan, GOIENAk Realaren atea zaintzea zer den ondo dakiten bi lagun batu ditu. Sokoa Azkarate (Arrasate, 1979) sei urtez egon zen Realean eta Oihana Aldaik (Aretxabaleta, 1992) aurtengo denboraldia egin du atezain lanetan. Zapatuan Granadan lortutakoaz eta azken urteetan egindako bideaz jardun dute.

Hasteko, jokatu duzue inoiz elkarren kontra? 

Sokoa Azkarate: Bai, belaunaldi ezberdinetakoak gara eta ez zen denbora askoan izan, baina bai.

Oihana Aldai: Gogoan dut ni Eibarren egon nintzenean jokatu genuela elkarren kontra, bai.

Oihana, barneratu duzue Realarekin lortu duzuena? 

O.A: Oraindik ere horretan dihardugu, ez pentsa.

Harrera beroa jaso zenuten domekan Donostian, baina Gipuzkoako herrietatik pasatzea falta zitzaizuen. 

O.A: Eta garrantzitsua da, badakigulako zapatuan Donostiaz gain Gipuzkoa osoan eta baita Euskal Herrian ere jende asko egon zela gure partidua telebistaz jarraitzen. Gainera, geroago eta gutxiago bagara ere, taldekide guztiak ez gara Donostia aldekoak.

Sokoa, zelan bizi izan zenuen Realaren Kopako finala?

S.A: Emozio handiarekin, hunkituta... Eta Granadara joan ez izanaren pena galantarekin. Ibili ginen partidura zelan joan ikusten, baina ez zen batere erraza eta Granada urrun dago. Realeko taldekide ohiek Whatsapp talde bat dugu eta elkarri idazten ibili ginen. Bizilagunak ohartu ziren, bai, Realak Kopa irabazi zuela; kar, kar. 

Zelan baloratu behar da 1.000 realzale Granadaraino joan izana? 

S.A: Sekulakoa da. Gure sasoian etxean jokatzen genituen derbietan ere ez zen horrenbeste jende harmailetan batzen.

O.A: Aurten, erabakigarria izan da Athleticen kontra Anoetan jokatu genuen partidua. Harmailak bete egin ziren eta norgehiagoka ederra jokatuta Athletici irabazi egin genion. Jarraian etorri zen Kopako finalerdia eta partidu hori ere Anoetan jokatu genuen eta hura ere irabazi egin genuen. Ordutik, ligako partiduetan Zubietako harmailak bete egin dira. Emakumezkoen futbola ezagutzen ez zuen jendea harrapatuta geratu da talde honek zelan jokatzen duen ikusita; aurreiritzi asko alde batera utzi dituzte.

Oihana, aukeratu azken aste honetan bizi izandakotik momentu bat. 

O.A: Partidu amaieran aitarekin besarkatu nintzen momentua. Pentsatzearekin bakarrik hunkitu egiten naiz.

Erregina Kopa irabazi duzue, baina ez da talde gipuzkoar batek garaikur hori irabazten duen lehenengo aldia. 

S.A: Ez, Añorgak eta Oiartzunek elkarren artean bost kopa ekarri dituzte Gipuzkoara. O.A: Gainera, talde horiek liga txapeldun ere izan dira lehenago, oso talde indartsuak zituztelako, eta klub handiek oraindik ez zutelako emakumezkoen futbolagatik apustu sendorik egin. Aurten izan da emakumezkoen futbolaren gorakada.

Sokoa, zuri berandu iritsi zaizu hau guztia, baina zuek egindako lanaren emaitza ere bada. 

S.A: Imajinatzen dut baietz, eta oraingoen borrokak balioko du etorkizunean etorriko direnendako. Badira bospasei urte futbola utzi nuela, eta gure sasoian hasi ginen lehenengo kontratu profesionalak sinatzen. Gogoan dut ze ilusio egin zigun Realeko kamiseten atzealdean gure izenak lehenengoz jarri zituztenean. Gauza txikiak dira, tontokeriak, baina denak batuta bagoaz aurrera.

O.A: Aurten Emakumezkoen Munduko Txapelketa Frantzian jokatuko dute eta Espainia sailkatuta dago. Txapelketan selekzioak lan ona egiten badu seguru beste bultzada bat ekarriko duela emakumezkoen futbolera, ez dut horren zalantzarik.

Hala ere, berdegunean lortutakotik harago, emakumezkoen profesionalismora bidean aurrerapauso bat emateko aprobetxatu beharko litzateke momentu hau, edo? 

O.A: Duda barik, aukera galanta galduko genuke bestela.

Noren teilatuan dago baloia? Klubak, futbol federazioa... 

O.A: Guztien gainean, azken batean. Reala azken urteotan badabil urratsak ematen, baina gehiago eman beharko genituzke. Futbolario hitzarmen kolektiboa ere geldi dago...

Sokoa, zuen sasoian ez zineten futboletik bizi. 

S.A: Ez, ni ingeniaria naiz eta lanean erraztasunak ematen bazizkidaten ere, 08:00etatik 17:00etara lanera joaten nintzen. Ondoren taxia hartu eta Zubietara joaten nintzen. Baina, entrenatzaile eta teknikariak ere ez ziren futbolera %100 dedikatzen, horrenbestez, exijentzia maila beste bat zen, eurek ere beste ogibide bat zeukatelako.

Oihana, zuek gehienok semiprofesionalak zarete, baina gutxi daude futboletik soldata duin bat eskuratzen dutenak.

O.A: Jokalariok gure artean ez dugu soldaten eta halako kontuen gainean berba egiten, baina bai, imajinatzen dut gutxi batzuk daudela %100 futboletik bizi direnak, gehienak ikasleak direlako, edo beste lanpostu bat dutelako. Ni, esaterako, erizaina naiz. Ekainetik abendura arte lanean jardun dut baina orain ez nago lanean; ez da erraza erizaintza eta eliteko futbola bateratzera.

Oraingo astea, esaterako, zoratzekoa izan da zuendako. Harrerak, omenaldiak, entrenamendu saioak... 

O.A: Bai, lanean dagoenarendako ezinezkoa denera iristea.

Esanguratsua da bailarako klubak ere emakumezkoen futbolaren alde egiten dabiltzan apustua. 

S.A: Ezinbestekoa da. Duela 20 urte Mondran neska koadrila bat genbiltzan futbolean baina oso talde gutxi zeuden inguruan. Harrobia lantzea ezinbestekoa da.

O.A: Eta oso-oso garrantzitsua da gaur egungo neska gazteek futbolean emakumezko erreferenteak izatea. Guk ez genuen halakorik, baina oraingoek bai.

Oihana, maiatzaren 28an Mojategin jokatuko duzue Euskal Herria Kopako finalerdia. 

O.A: Partidu berezia izango da niretako. Nire lehenengo ostikadak Aretxabaletan, Kurtzebarri eskolan eman nituen, eta ondoren Arizmendira joan nintzen futbolean jokatzera. Baina, gero hiru urte egin nituen Mondran, eta, niretako, etxeko taldea ere bada. Gainera, Mojategi oso gustuko dudan futbol zelaia da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak