Lurdes Ugalde: "Irakasleen formakuntzan sakontzea izan da helburua"

Eneko Azurmendi 2019ko mai. 18a, 17:37

Lurdes Ugalde, Zuazola-Larraña institutuan.

Goieskola duela lau urte hasi zen elkarteko kide diren irakasleen arteko formakuntza saioak egiten, Eusko Jaurlaritzaren Partekatuz ikasi ekimenaren baitan. Urtero egiten dituzte saioak, eta asteon bukatu dituzte. Goieskolako koordinatzailea izateaz gain, Zuazola-Larraña institutuko irakaslea ere bada Lurdes Ugalde.

Zenbat saio izaten dira?

Gutxienez bi saio egiten ditugu, bi egunetan, eta hiru ere egin izan ditugu, lehenik aditu baten hitzaldiarekin sarrera eman, eta gero esperientziak partekatuz, Lehen zein Bigarren Hezkuntzako irakasleekin. Normalean, irakasle guztientzako izaten dira egiten ditugun saio guztiak. Aurten, ordea, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza apur bat banatzen saiatu gara. Hala ere, bien arteko elkarlana ere beharrezkoa zaigu, proiektu batzuk lehenengoan hasi eta bigarrenean bukatzen direlako.

Lehen Hezkuntzako irakasleen saio bat.


Pozik zaudete izan duen harrerarekin?

Bai. Bi saio egin ditugu eta, gutxi gorabehera, batean 80 irakasle egon dira, eta bigarrenean 90. Gainera, oso interesgarriak izan dira jorratu diren gaiak, eta egin ziren aurkezpen guztietatik atera dugu zerbait aplikagarria egunerokorako. Batzuek errepikatu zuten, baina gutxiengoa izan ziren. Lehenengo saioa Bigarren Hezkuntzakoa zen, eta Lehen Hezkuntzako irakasle batzuk joan ziren interesa zutelako gai horietan.

Ze motatako gaiak izan ziren?

Bat hizkuntzetan oinarritu zen, ikusteko ingelesa nola uztartu dezakegun hemengo hizkuntzekin. Errekalde Herri Eskolakoek egin zuten honen aurkezpena, izan ere, proiektu orokorrean oso ondo integratuta daukate ingelesa. Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolakoek aniztasuna landu dute, kulturartekotasuna. Horretarako, ariketa bat egin dute, eta irakasleek klaseak grabatu dituzte, teorian ez ezik, praktikan ere inklusiboak diren ikusteko, eta ondorio interesgarriak atera dituzte. Bestalde, Angiozarko Eskola Txikia orain dela gutxi integratu da Goieskolan, eta aurkeztu digute haiek nola funtzionatzen duten, eta eskola txikia izanik, ze abantaila eta ze arazo dituzten.

Eta Bigarren Hezkuntzan?

Digitalizazioa izan da gai nagusia. Ikasleek, liburuak eduki beharrean, chromebook-ak dituzte, eta egunero ekartzen dute eskolara. Azaldu dute baliabide digital ezberdinak nola erabiltzen diren hainbat ikasgaitan. Gai honekin lotuta, Irungo Hirubide ikastetxea gonbidatu dugu, Ubunturen bitartez egin dutelako digitalizazioa. Oso era ezberdina da, software librea erabilita, eta azaldu digute nola egin duten.

Bigarren hezkuntzako irakasleak digitalizazioari buruzko saioetako batean.

Digitalizazioaren gaia aipatuta, irakasleentzako erronka handia izango da, ezta?

Bai. Hala ere, ez gara hutsetik hasi, gaur egunera iristeko, bidean gauza asko egiten joan gara. Lehen, gelako ordenagailuak erabiltzen genituen eta lehenengo zikloan ikasleen ordenagailuak Eskola 2.0 programa zuten, baina eskolan uzten zituzten. Orain bakoitzak bere ordenagailua dauka. Diferentzia da oraingo ordenagailuak askoz ere azkarragoak direla lanerako, baina ohituta geunden ordenagailuekin lan egiten. Hori bai, honek behartzen gaitu klaseak beste modu batera ematera, baina pixkanaka metodologia indartzen goaz.

Saio hauen helburua zein da?

Batetik, irakasleen formazioan sakontzea. Bestetik, irakasleen arteko elkarlana eta harremanak sendotzea, eskola batean egiten dena bestean ere baliagarria izan dadin. Goieskola elkarte bezala indartzea da beste helburuetako bat, eta azken helburua, nagusiena, Debagoieneko Eskola Publikoa hobetzea eta indartzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak