EH Bilduren eta EAJren arteko "lehia estua" izango da Debagoienean

Eneko Azurmendi 2019ko mai. 17a, 18:23

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan boto zenbaketa Bergaran.

Hauteskunde orokorretatik hilabetera egingo dituzte udal eta foru hauteskundeak; adituen esanetan, "inkognita" izango da zenbaterainoko eragina izango duen horrek emaitzetan; gauza bat argi dute: EAJren eta EH Bilduren arteko lehia estua izango da.

2015eko udal hauteskundeek lau alkatetza utzi zizkioten EH Bilduri Debagoienean, eta beste lau EAJri –Leintz Gatzagan, hango hautesle elkartearentzat izan zen alkatetza–, eta, geroztik egin dituzten lau hauteskundeetan izandako boto bilakaera aintzat hartuta, bi alderdion arteko lehia estua egongo da udal hauteskunde hauetan ere.

"EAJren eta EH Bilduren arteko pultsua interesgarri dago. Biek egin dute gora azken hauteskundeetan, biak sendo daude. Azken urteetako boto bilakaera ikusita, ez dago alde handirik bien artean, eta azken momentura arte ez dugu nabarituko zein gailenduko den. Alde horretatik, emozio handiko gaua izango da maiatzaren 26koa. Alkatetza batzuk boto gutxiren aldearekin lortuko dituztela iruditzen zait", adierazi du Mikel Irizar analistak.

Iñaki Galdos: "EH Bilduk hobekuntza bat edukiko du 2015eko emaitzekiko, baina ez da iritsiko 2011n izan zituen emaitzak izatera"

Iñaki Galdos analistak ere bat egiten du horrekin. "Bien arteko lehia izango da Gipuzkoan eta baita gure bailaran ere. Orain dela lau urte porrot handia jasan zuen EH Bilduk, eta pentsatzen ez zuen alkatetza batzuk galdu zituen. Orain saiatuko da horiek berreskuratzen. 2015eko emaitzekiko hobekuntza bat edukiko du EH Bilduk, baina ez da iritsiko 2011n izan zituen emaitzak izatera. Diputaziorako, halere, EAJ ikusten dut faborito".

Olatu sozialistak iraungo du?

Apirilaren 28ko emaitzak oso onak izan ziren alderdi sozialistarentzat, eta Galdosek dio horrek mesede egingo diola orain PSE-EEri. "Udal hauteskundeetan orokorrekiko jaitsiera bat edukitzen dute sozialistek, baina oraingoan, agian, mesede egingo die bi hauteskundeak hain gertu egon izanak. Zenbait lekutan, etxean geratzeko asmoa zuen jende askok edo botoa beste alderdi bati emateko asmoa zuen jende askok alderdi sozialistari emango dio, olatuaren eraginez", dio.

Irizar ere iritzi berekoa da. "Espainiako indarretan, unionismoan, aurreko hauteskundeek eragina izango dutela argi dago, eta alderdi sozialistak emaitza onak izango dituela esateko ez da igarle izan behar".

Botoa, klabe ezberdinetan

Bi analistek beste gauza batean ere bat egiten dute: botoa klabe ezberdinetan ematen dute herritarrek hauteskunde orokorrak izan edo tokian tokikoak. "Espainiako erreferentziak lausotu egiten dira, eta tokian tokikoak indartu. Tokiko hauteskundeetan pertsonak ezagunak dira, ez da irudia bakarrik. Pertsona baten ezagutza zuzenak elementu gehiago eskaintzen ditu aukeraketa bat egiterako orduan", azaldu du Irizarrek, eta Galdosek gaineratu: "Hauteskunde orokorretan hemengo alderdi bati botoa ematea ez da sartzen zenbait herritarren eskemetan, baina tokiko ordezkariak aukeratzerako orduan, eskema hori aldatu egiten dute".

Mikel Irizar: "Siglekiko leialtasuna geroz eta ahulagoa da. Botoa mugikorra da, eta hori heldutasun demokratikoaren zantzua da"

Boto mugikorra "geroz eta nabariagoa" da, eta "jende askok botoa aldatzen du". Hori positiboa da, Irizarren ustez. "Udal hauteskundeetan, herri mailan egindako lanak sigletatik bereizi egin dezake boto-emailea. Geroz eta ahulagoa da siglekiko leialtasuna, botoa mugikorra da, eta hori heldutasun demokratikoaren zantzua da, ondo egin duenari saria ematea eta gaizki egin duena zigortzea". Horrek nola eragingo duen aurreikustea zaila dela diote.

Boto bilakaera, herriz herri

EH Bilduk nagusitasun handiarekin irabazi zituen 2015eko udal hauteskundeak Antzuolan, eta egonkor mantendu da azken lau hauteskundeetan, guztietan indar bozkatuena izanik –2015eko Espainiako hauteskundeak, 2016ko Espainiakoak, 2016ko Eusko Jaurlaritzakoak, 2019ko Espainiakoak–. EAJ bigarren indarra izan da bost hauteskunde horietan, eta PSE-EEk, oro har, goranzko joera izan du, Podemosek behera egin duen bitartean.

Aramaion ere gauza bera gertatu da. EH Bildu alderdi bozkatuena izan da azken bost hauteskundeetan, eta EAJ, bigarren indarra. Podemosek gorabehera handiak izan ditu boto kopuruan, baina beheranzko joera dauka, eta PSE-EEk oso boto-emaile gutxi ditu, oro har.

Aretxabaletari dagokionez, EAJ nagusitu da azken bost hauteskundeetan. 2016an indartsu sartu zen Podemos, bigarren indarra izan zen Espainiako hauteskundeetan, baina geroztik indarra galtzen joan da. Gainontzeko hauteskundeetan EH Bildu izan da bigarren, eta, oro har, EAJrekiko aldea murriztu egin du koalizio abertzaleak.

Arrasaten ere antzeko zerbait gertatu da. Oro har, EAJ izan da indar bozkatuen azken bost hauteskundeetan, 2016ko Espainiakoetan izan ezik. Orduko hartan Podemos nagusitu zen. Nabarmen hazi dena PSE-EE izan da, batez ere azken hauteskundeetan. Bestalde, EAJren eta EH Bilduren arteko aldea murriztuz joan da, oro har. Azkenik, kontuan hartu behar da Arrasate Aurrera! plataforma aurkeztuko dela, lehen aldiz, eta horrek ere eragina izango du emaitzetan.

Bergaran, EAJ ia 400 botoren aldearekin nagusitu zitzaion 2015eko udal hauteskundeetan EH Bilduri. Hala ere, ordutik egin diren lau hauteskundeetatik hirutan EH Bildu nagusitu da. Lehia estua espero da, beraz, eta boto gutxiren aldearekin erabakiko da alkatetza. PSE-EEk, oro har, goranzko joera izan du azken bost hauteskundeetan, eta Podemosek alderantzizkoa. Kontuan hartu behar da, gainera, Podemos lehenengo aldiz aurkeztuko dela Bergaran udal hauteskunde batzuetan, eta Irabazi eta Podemos bakoitza bere aldetik aurkeztuko direla hauteskunde hauetan –Aretxabaletan, Arrasaten eta Eskoriatzan batera aurkeztuko dira, Elkarrekin Podemos izenarekin–.

2015eko udal hauteskundeetatik egin diren guztietan EH Bildu izan da indar bozkatuena Elgetan. Gu Geu Elgeta alderdia izan zen bigarren bozkatuena. Geroztik egin diren hauteskundeetan, EAJ izan da bigarren indarra, baina ez oso alde handiarekin. Podemosek indarra galdu du hor ere, eta azken hauteskundeetan 77 boto baino ez zituen eskuratu.

Eskoriatzan, EAJ nagusitu da azken bost hauteskundeetatik lautan. 2016ko Espainiako hauteskundeetan Podemos izan zen bozkatuena, EAJrekiko alde txikiarekin bada ere. EH Bildu izan da bigarren indarra beste hauteskunde guztietan, eta EAJrekiko aldea ez da handia izan. PSE-EEk ere goranzko joera izan du azken hauteskundeetan. Bestalde, Elizateen Elkarteak zinegotzi bat lortu zuen 2015ean eta aurten ere aurkeztu dute euren zerrenda.

Leintz Gatzagan, herriko hautesleen taldeak irabazi zituen 2015eko udal hauteskundeak, baina oraingo honetan ez dute hauteskunderik egingo han, ez baitute zerrendarik osatu.

2015eko udal hauteskundeetan erabat nagusi izan zen EH Bildu Oñatin. Hala ere, geroztik egin diren lauretan aldea ez da hain nabarmena izan, eta nahiko parean ibili dira bi alderdien boto kopuruak. PSE-EEk goranzko joera izan du, oro har.

Debagoienean, EH Bildu izan da bozkatuena azken bost hauteskundeetan, eta bigarren indarra EAJ izan da, ez oso alde handiarekin. Podemos botoak galduz joan da geroztik, eta PSEEE, berriz, irabazten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak