Arantzazu dut kantagai (ADK) da hamar liburuen bildumaren izenburu bateratzailea; sortaren egile Paulo Agirrebaltzategiren esanetan, Bitoriano Gandiagaren olerki baten hasieratik hartu dute: "Aproposa iruditu zitzaigun; izan ere, kantagai dira: Arantzazuko historia –edo kondaira–, Andre Maria, erromesak eta jendea, bertako bizitza eta fraideak, Arantzazuko lurra eta bazterrak, Arantzazuko artea...".
Hamazortzi urtetako lana
Paulo Agirrebaltzategik bildu eta landu du ADK liburu sorta; artxiboetan, aldizkari zaharretan eta liburuetan aurkitu ditu literatura pieza gehienak. "Hamazortzi urtetako lana izan da. ordutan, milaka askotxo. Hasteko, testuak bilatu eta bildu ondoren, jatorrizko grafian eta forman datu-basean grabatu nituen. Ondoren, testu askoren jatorria eta ibilbidea aztertu nuen horien arteko loturak argituz horrela. Hirugarren urratsa testuak eremutan sailkatzea eta liburukitan banatzea eta ordenatzea izan zen; eta bukatzeko, maketatu eta inprentarako egokitu.
Literaturaren ikuspegitik, balio ezberdineko testuak daudela dio Agirrebaltzategik: "Oso onak, eskasagoak, eta txarrak ere badaude. Arantzazu literatura gune garrantzitsua izan da batez ere 1850etik hona, eta bereziki euskaraz: (kanta)gai bezala batetik, baina baita literatura sortzaile eta sorgune, literatura sustatzaile –egin diren lehiaketak horren erakusle–, eta baita zabaltzaile ere –aldizkaria eta argitaletxea horien adibide–".
Literatura-zaleentzako aproposa
Editorearen azalpen tematiko, historiko eta bibliografiko asko dute liburuek; horregatik, euskal literaturaren zaleei gomendatu die editoreak liburu-sorta: "Hainbat olerki eta bertso sorta eder aurkituko dituzte, orain arte eskura eduki ez dutena; eta nola ez, orokorrean, Arantzazuzaleek ere gozatzeko orrialde asko dituzte".
Arantzazun eta liburu dendetan
Bilduma osorik edo aleka erosteko aukera dagoela gaineratu du: "Tamainaren araberako prezioa dute liburuek; sorta osoa 90 eurotan dago eskuragarri".
Bildumako liburuak
- Arantzazu: bost mendetako poemagintza: Arantzazuko literaturaren historia jasotzen du.
- Arantzazuko baladak eta kopla zaharrak: Orain dela urte batzuk argitaratu zuten liburuaren osagarria da.
- Arantzazuko kondaira bertsotan: Hamar bertso sorta luzerekin osatutako liburua da.
- Arantzazu bertso berritan: Bertsolari famatuek eta apalagoek Arantzazuri kantatutako bertso sorta.
- Arantzazuko olerkiak eta olerkariak: Arantzazu gaitzat duten euskarazko poesiak.
- Arantzazuko kanta berriak: Askotariko abestien testuak.
- Bitoriano Gandiaga: Arantzazu dut kantagai Gandiagaren olerkien antologia.
- Arantzazu cantado por sus poetas: Arantzazu gaitzat duten gaztelerazko poesiak.
- Ahoz aho: Arantzazuko kanta zaharrak: Salbatore Mitxelenak Arantzazuko erromantzeei buruz idatzi zuen liburuaren edizio kritikoa.
- Arantzazuko artxiboko bertsopaperak: Askotariko gaiei buruz idatzitakoak jasotzen ditu.