Gordeta baino, aukeran, doinuak sortzen hobeto daude musika tresnak; helburu horrekin ari da Zigor Martinez Bergarako musikaria eta Arrasate Musikaleko irakaslea Siriara bidaltzeko tresnen bila. "Lagun batek behar ez zituen bi akordeoi eskaini zizkidan, eta aurrez ezagutzen nuen Gasteizko Mugarik Gabeko Musikariak erakundekoekin jarri nintzen harremanetan; gustura hartuko zutela esan zidaten, iaz moduan, Siriara musika tresnak bidaltzeko asmoa dutelako aurten ere".
25 urte musikariei laguntzen
Iaz, lepo betetako hiru furgoneta eraman zituzten Siriako errefuxiatuen kanpalekuetara. Kostata iritsi ziren hara, hiru hilabeteko bidaiaren ostean. "Aurretik, beste saiakera bat egin zuten, baina materiala bidean atzeman zuten eta ez zen ezer heldu. Bigarrenean, bidaia gogorra izan zen arren, merezi izan zuen, kanpalekuetakoek zenbat eskertu zuten ikusita".
Beste bidalketa bat egingo dute aurten, eta ari dira tresnak biltegian jasotzen, hala dio Mugarik Gabeko Musikariak elkarteko kide Jesus Maria Alegriak: "Tona bat bidali genuen iaz, eta dagoeneko badugu beste tona erdi inguru musika tresna".
Siriako proiektuen aurretik, Kuban eta Guatemalan beste ekimen batzuk egin zituzten. "Musika dute proiektuen oinarri, baina ez dira horretara mugatzen; Guatemalan, esaterako, bortxatutako emakumeei lagundu zieten, eta Sirian haurrei laguntzeko beste bat ere badute".
Musika tresnak eta osagarriak
Martinezen esanetan, ahalik eta gauza gehien batzea da asmoa: "Soinua ateratzen duen edozer hartuko dugu gustura; adibidez, etxeko horman eskegita ditugun marakek ere balio dute. Berdin da apurtuta badaude, hemen edo han konponduko ditugu, eta bestelakoak ere gustura jasoko ditugu: sokak, tutuak...".
Udako oporrak aurretik jasoko dituzte Debagoieneko musika eskoletan eta baita Soraluzekoan ere. "Nirekin ere harremanetan jar daitezke, 653 72 54 38 telefonora deituta. Uda ostean ere materiala jasotzen jarraituko dugu, proiektu asko ditugueta buruan".