Oihana Aldai: "Garaipen honek emakumearen kirolari bultzada ematea espero dut"

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 12a, 18:24
Realeko jokalariak, tartean Oihana Aldai atezaina, entrenatzailearekin. Argazkia: Real Sociedad / Twitter.

Kopa aldean hartu eta ospakizunetan murgilduta dabiltza Real Sociedadeko jokalariak, eta Oihana Aldai atezain aretxabaletarrak adierazi du izugarria izan dela.

"Bagenekien ez zela samurra izango, baina era berean benetan sinesten genuen lortu genezakeela, eta erabat konbentzituta joan ginen. Hala, partidu serioa jokatu genuen, ondo atera zitzaigun eta oso pozik gaude. Tentsio handiarekin bizi izan genuen Atleticok ez zigulako samurtasunik eman, baina gure kartak jokatu genituen, sufritzen ere jakin genuen, eta hain zuzen nik uste, hori izan zela gakoa", adierazi du Aldaik pozik.

Atzetik aurrera egin behar izan zuen Realak lehen gola madrildarrek egin zutelako. Berdinketa bizkor lortu izanak, baina, on egin zietela uste du aretxabaletarrak: "Goiz iritsi zen berdinketa hori, atsedenaldira joan aurretik eta horrek motibatu egin gintuen. Gure aukerak sortzen asmatu genuen eta aprobetxatu ere bai, hortaz, ezin gehiago eskatu".

Zaleen berotasuna sentituta

Realzale asko gerturatu ziren Granadako Los Carmenes futbol zelaira, eta haien berotasuna asko igarri zutela adierazi du: "Zale mordoa ziren eta nahiz eta Atleticokoak baino gutxiago izan Realzaleen animoak askoz gehiago entzuten ziren; partidu osoan egon ziren isildu ere egin barik kantuan, eta horrek asko lagundu zigun". Debagoiendarrak ere gerturatu ziren zale horien artean: "Nire aita han zen eta une batean harekin egoteko aukera izan nuen. Mondran taldekide izan nituen lagun batzurekin ere elkartu nintzen, eta hainbat eskoriatzar ere ikusi nituen. Badakit gehiago ere bazeudela, argazki batzuk bidali dizkidate eta".

Gaua motza izan dela atseden hartzeko onartu du, baina gustura dago: "Lehenengo futbol zelaian zaleekin luzatu egin zen ospakizuna, eta gero geure kabuz egindakoak etorri ziren. Gaur goizean Zubietara iritsi garenean hainbat zale genituen zain, eta gero handik diputaziora eta udaletxera; hor 15.000 lagun zeuden guri itxaroten, pentsa!". 

Irabazi egin zutela jakinik ere, gaur arte ez direla erabat kontziente izan dio: "Irabazi egin dugu, lortu dugu, bai, baina gaur ikusi dugunean hainbeste jende, hainbeste mezu… Zaleak daude leku guztietan, gu animatzen, zerbait esaten… Izugarria", eta gaineratu du: "Nik espero dut emakumearen kirolari bultzada handi bat ematea honek, ez bakarrik futbolari; emakumeok hemen gaude eta lortu egin dugu. Euskal Herriko futbolzale askok eman digutela babesa sentitu dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak