Bigarren aldiz alkategai, nahiz eta herrian zabaldu izan den ez zenuela berriz aurkezteko asmorik. Hala da?
Egia esan beste proiektu batzuk nituen buruan eta halako karguetan aldaketak egotea positiboa dela uste dut. Baina, herri honekiko konpromisoak eta osatzea lortu dugun talde eta egitasmoak proiektu pertsonalek baino pisu handiagoa izan dute. Aukera ikusten genuen herria ezagutu ere egiten ez duen jendeak Elgeta gobernatzeko, eta hori gure eginkizun nagusia den herrigintzarentzako sekulako kaltea litzateke.
Nola definituko zenuke amaitzear den agintaldia?
Agintaldi korapilatsua izan da, bereziki kalte-ordainek goitik behera ezaugarritu dutena. Udalaren egoera oso larria izan da, eta lortu dugu zerbitzurik murriztu gabe, are gehiago, zerbitzuak zabalduz, egoera horri buelta ematea. Gainera, herrian beharrezkoak ziren lan ugari egin dugu.
Zelakoak izan dira lau urte hauek zuretzat pertsonalean eta nola irudikatzen dituzu hurrengo laurak?
Oso emankorrak izan direla esango nuke. Asko ikasi dut, eta jende pila bat ezagutu dut. Dedikazio handia eskatzen du Elgeta bezalako herri baten ordezkari politiko izateak, eta denbora hori beste zaletasun batzuei edo ingurukoekin egoteari kentzen zaio.
Udal hauteskundeotan lehian izango diren beste bi hautagaitzak zer iruditzen zaizkizu?
Garbi dago gero eta zailagoa dela jendeak herrigintzarekiko konpromisoa hartzea, eta aurkeztutako zerrendak horren isla dira. Pentsatu nahi nuke alderdikeria hutsetik harago, Elgetaren eta elgetarren alde jarduteko aurkeztu direla hauteskundeetara.
Zer du zuen hautagaitzak beste biek ez dutenik?
Gure hautagaitza elgetarra da. Bertan bizi gara, ondo ezagutzen ditugu Elgeta eta elgetarrak. Esperientzia dugu udal kudeaketan, eta herrigintzan jardundakoak gara. Herriko taldeetan eta elkarteetan parte hartzen dugu, eta batez ere, herri honekiko konpromiso handia daukagu.
Nola ikusten duzu Elgeta? Zeintzuk dira indargune eta ahulgune esanguratsuenak zure ustez?
Elgeta norabide onean dagoela uste dut. Aurrera egiten ari gara. Elgetak populazio gaztea du. Zailtasunak zailtasun industrialdean pabiloi handiak okupatzen ari dira. Udalaren egoera ekonomikoa eta kudeaketa ere asko hobetu dira.
Ahulguneak baino erronkak ikusten ditut nik: komunikazioak, bai errepideak eta bai garraio publikoa ere, herri bizitza apaltzen ari dela, eta gazteek herrian bertan alokairuan etxebizitzak lortzeko zailtasunak dituztela.
Ze proiektu duzue Elgetarendako? Lehentasunezko hiru aipatu, mesedez.
Hauteskunde programa zehatza eta zabala osatu dugu, eta proiektu asko ditugu buruan: kiroldegia hobetzeko lanak egitea, San Roke kaleko zorua hobetzea, etxebizitza komunitario bat egitea gazteentzako alokairu merke baten truke, Foru Aldundiari eskaera egitea Kanpanzarrerako errepidea hobetzeko...
Eta agintaldi berrian alkate bazina ze lehen hiru neurri hartuko zenituzke?
Ilusio gehien egingo didan neurria uztailean bertan aparejadore ohiari ordaindu beharreko kalte ordainetako baten azken kuota ordaintzea izango da. Kaleak garbitzeko makina bat ere erosi beharra daukagu. Hala ere, ekainaren erdi aldera hartuko dugu kargua, eta bi astera izango ditugu herriko festak. Beraz, tarte horretan lehentasuna jaiak antolatzen bukatu eta dena ongi irteteko buru-belarri lana egitea izango da.
Herritarren eskaerei beti egin behar zaie kasu?
Herritarren eskaerak beti entzun behar dira, kasu egin behar zaie. Herritarrak oro har zentzuzkoak dira, eta eskaerak egingarriak izaten dira normalean. Kasu egitetik automatikoki burutzera, ordea, aldea dago. Eskaera batzuk ez badira egokiak, egingarriak edo ez badira udal eskumenekoak ezin dira burutu.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzak zer iruditu zaizkizu?
Emaitza onak izan ditugu Elgetan. Udal hauteskundeak oso bestelakoak diren arren, abiapuntu egokia izango dela uste dut. Analisi orokor bat egiteko, esango nuke eskuin muturraren kontrako botoak jende asko mobilizatu duela, eta Euskal Herrian estatu mailako alderdiek indarra galdu dutela.
Nola definituko zenuke zure burua? Ildo ideologikoak, lehentasunak bizitzan, zaletasunak…
Luze jardun dezakegu galdera hauen inguruan... Ezkerrekoa naiz, ekonomian oinarritutako ezberdintasunen kontrakoa. Justizia soziala lortzeko tresnak falta zaizkigu herri gisa, eta euskal estatu bat sortzea ezinbestekoa da. Gaztetatik izan dut horretarako lan egiteko konpromisoa.
Pozik eta kontzientzia lasai bizitzea, horixe lehentasuna! Nire herriaren eta herrikideen askatasunagatik lana egitea garrantzitsua da nire bizitzan.
Bestetik, mendia asko gustatzen zait, mendiaz modu askotan gozatzen dut: eskalatzen, txakurrarekin paseatzen, korrika, arroilak jaisten edo kobazuloak ezagutzen...
Udal hauteskunde atari honetan zein da Elgetako boto-emaileei helarazi nahiko zeniekeen mezua?
Garrantzitsua dela bozkatzera joatea eta hauteskunde hauetan asko dagoela jokoan. Herritarrok Elgeta hobetzen jarraitzeko behar dugula, eta horretarako aukera onena EH Bilduk aurkeztu duen lan-taldea bozkatzea dela!