Hirurogei eskoriatzar joan dira ehizaren aldeko manifestaziora Donostiara

Amaia Zabala 2019ko mai. 5a, 15:08
Donostiako manifestaziora joan diren eskoriatzarrak.

Ehizaren aldeko manifestazio jendetsua egin dute gaur 12:00etan Donostian. Antolatzaileen esanetan, 15.000 lagunetik gora bildu dira manifestazioan, iazkoan baino gehiago. Debagoieneko ehiztariak ere bertan izan dira, Eskoriatzatik, esaterako, hirurogei lagun joan dira eta Oñatitik eta Bergaratik ere autobus bana atera dira.

Goizeko 10:00etan irten dira autobusak, eguraldi ona lagun, eta 12:00etan izan da manifestazioa, 'Euskadin ehiza bai' lelopean . Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza aurrean amaitu dutelarik. Jose Angel Urrutia horietako bat izan da, eta jakinarazi digu oso pozik gelditu direla jendearen erantzunarekin: "Jende pila bildu da manifestazioan, gehienak autobusez joan direnak gu bezala, baina baziren autoz joan direnak ere. Orain, eguna borobiltzeko sagardotegira bazkaltzera joango gara guztiok elkarrekin".

Manifestazioaren antolatzaileek salatu dute erakundeek ez dietela kolektiboaren eskaerei erantzunik eman nahi izan, eta “gelditasun” horren aurrean, mobilizazioen oihartzuna areagotzeko erabakia hartu dutela.

Besteak beste, Ulian ehizatzeko debekuaren aurka eta ehiza larriari dagokion hitzarmen berri bat sinatzearen alde agertu dira ehiztariak. Gainera, adierazi dute lurraldeko hainbat alderdi politiko animalien babeserako euskal lege berriaren onespena babestu dutela, “ehiztarien kolektiboaren iritzia eta araudi berriak izan ditzakeen ondorio larriak kontuan hartu gabe”.

Askekintzaren erantzuna

Ehiztarien manifestazioari erantzuteko Askekintza talde antiespezistak ehizaren kontrako manifestazioa egingo du 17:00 eta Bulebarretik abiatuta. Erakundeak azpimarratu du, animaliek ez sufritzeko eta bizirik irauteko duten interesa zaletasun bat baino garrantzitsuagoa dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak