Datorren ikasturtean Lanbide Heziketako zikloren bat ikasi nahi duten ikasleek euskaraz ikasteko aukera zabalagoa izango dute, Lanbide Heziketako elkarte eta erakunde publikoek egindako lanari esker. Laneki Elkarteak, esate baterako, Lanbide Heziketarako euskarazko materiala sortzen du, gero eskoletan erabili dezaten, eta, hain zuzen ere, azken urte hauetan Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzatik eta hiru foru aldundietatik jasotako dirulaguntzei esker, material asko sortu dute. Horrez gainera, material guztia eskuragarri dute ikasleendako eta irakasleendako www.jakinbai.eus webgunean. Horren harira, nabarmendu beharra dago materialaren eskaerak Euskal Herri osotik eta baita Bartzelonatik eta Argentinatik ere jaso izan dituztela.
Kepa Altube Laneki Elkarteko kudeatzailearen esanetan, ikasleek Lanbide Heziketako zikloa euskaraz ikasteko aukera izatearekin bi ondorio garrantzitsu lortzen dira: "Ikasleak lan mundura euskaldunduta joatea eta ikasleak lan mundua euskalduntzea".
Eskualdeko udalen inplikazioa
Debagoienaren kasuan, Lanbide Heziketa eskolak euskalduntzearekiko konpromiso handia erakutsi dute Udalek, bost baitira horretara dirulaguntzak bideratu dituztenak: Arrasate, Bergara, Oñati, Antzuola eta Elgeta, hain zuzen. Estepan Plazaola Bergarako Udaleko Euskara teknikariak, esaterako, azaldu du urte asko direla Lanbide Heziketarekin lotutako zenbait ekimen bultzatzen hasi zirela: "Batez ere, bertako ikasleak informatu eta sentiberatzeko saioak antolatu izan ditugu, euskara planak dituzten enpresetako ordezkariak eramanaz. Azken urteetan, Lanekiren jarduna lagundu izan dugu diruz: nagusiki, Lanbide Heziketarako materialak euskaratzea".
Gaineratu du datorren ikasturtera begira, Miguel Altuna ikastetxean Lanbide Heziketako zikloa egiten ari direnei ikastetxean bertan euskara eskolak emateko aukera lantzen ere ari direla, ikastetxearekin eta Udal Euskaltegiarekin batera.
Debagoieneko lanbide eskolak
Kepa Altubek jakinarazi du ibarreko lanbide eskolek euskaraz ikasteko aukera "zabala" eskaintzen dutela: "Denera, Lanbide Heziketa zikloak eskaintzen dituzten 1.500 ikasletik 900ek euskaraz ikasten dute, %70ek inguruk, hain zuzen".
Gaineratu du 40 ziklo ezberdin eskaintzen direla Debagoienean, horietatik 24 D ereduan, 6 B ereduan eta 10 A ereduan. "Azken bi eredu hauetara doazenen artean, langabezian geratu direnak, enpresetatik datozenak, kanpotik datozenak eta A ereduan ikasi dutenak daude, batez ere. Dena den, badira ordura arte D ereduan ikasi duten arren Lanbide Heziketa gaztelaniaz egitea nahiago dutenak, lan mundua hizkuntza horrekin lotzen dutelako. Ondorioz, nahiz eta ikastetxeek Lanbide Heziketa ziklo aukera zabala euskaraz eskaintzeko apustua egin, batzuetan taldeak ez dira ateratzen".
Praktikak enpresetan euskaraz
Lanbide Heziketako ziklo gehienetan, bigarren mailan enpresetan praktikak egiten dituzte ikasleek, eta, Laneki Elkartearen datuen arabera, 2018/2019 ikasturtean Debagoieneko enpresetan praktikak egiten ari diren ikasleen %72, hau da, 352 ikasle, euskaraz ari dira egiten.
Izan ere, Kepa Altuberen esanetan, Laneki Elkartearen helburua ez da soilik ikasleek euskaraz ikastea, baita praktikak eta ondoren lan ere euskaraz egitea eta horretarako baliabideak izatea".
"Gipuzkoako Foru Aldundiak ikasleek praktikak enpresetan euskaraz egiteari ere bultzada handia eman dio azken urteetan, eta horretara konprometitzen diren enpresentzat diru-laguntzak bideratu dituzte. Gipuzkoan 100 enpresatik gorak hartu dute parte programa honetan eta Debagoienean hamabost batek", argitu du Kepa Altubek.
Gaineratu du Laneki Elkarteak praktikak euskaraz egiteko gidak ere prestatzen dituela ikastetxeentzat eta enpresentzat: "Harrera nola egin, prozedurak eta euskara sustatzeko baliabideak lantzen ditugu, besteak beste, gida horietan". Lan munduak erdalduna izaten jarraitzen al duen galdetzean, berriz, hauxe dio Altubek: "Egoera aldatzen ari da, enpresa konturatu baita euskarazko zerbitzua emateak balio erantsia duela eta gero eta gehiago dira euskara planak egiten, bikain ziurtagiriak ateratzen edota kontratazio irizpideetan euskara kontuan hartzen ari diren enpresak.
Debagoienean enpresa horietako asko ditugu, gainera: Elay, Fagor, Ulma Aita Menni eta Matz-Erreka, esaterako. Baina egia da oraindik ere asko geratzen dela egiteko eskualde eta sektore batzuetan".
Bestalde, Laneki Elkartearen datuen arabera, eredu duala, hau da, ikasi eta lan batera egiten duten ikasleen %89 ari dira euskaraz egiten; 60 ikasle, zehazki.