Gerardo Cantera: "Instituzio publikoekiko dugun egoera deserosoa da"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 3a, 12:16

Gerardo Cantera, Aldaype Ehiza eta arrantza elkarteko koordinatzailea Aldaypen.

Gipuzkoako Ehiza Federazioak antolatuta, ehizaren aldeko manifestazioa izango da domeka honetan Donostian. 12:00etan hasiko da ibilbidea, Antiguako tuneletik, eta Diputazioaren egoitza dagoen Gipuzkoa plazan amaituko da.

Gerardo Cantera, Aldaype Ehiza eta arrantza elkarteko koordinatzailea.

Zer aldarrikatuko duzue?

Euskadin ehiza bai lelopean irtengo gara Donostiako kaleetan barrena. Instituzio publikoekiko dugun egoera deserosoa da, eta kontaktu gutxi daukagu Foru Aldundiarekin. Hala, utzikeria dago beraien partetik, eta mahai baten bueltan instituzioko kideak, baserritarrak eta ehiztariak jartzea eta akordioetara iristea da gure asmoa.

Zer dela-eta utzikeria hori?

Nork daki. Lehen, Ehiza Federazioa arduratzen zen baserritarrek jasaten zituzten kalteak baloratzeaz eta ordaintzeaz. Gero , Diputazioaren esku jarri zen, eta ez dute ardurarik hartu, ez dute ez balorazio, ez ordainketarik egin. Basurdeen kuadrilletakook, gainera, greban jarraitzen dugu, eta arazo larriak gertatzen ari dira basurdeekin, adibidez. Ez dago ehiza larriko hitzarmenik, herrigunera gerturatzen dira basurdeak… eta airean utzi dituzte aurrera begira handitzen joango diren arazo hauek guztiak.

Ehiztariok dituzuen arauak ere lau haizetara zabalduko dituzue domekan, ezta?

Dekalogo bat osatu dugu, eta hauek dira aldarrikatzen ditugun hamar aginduak: harro sentitzen gara ehiztariak garelako, eta ehiza gure bizitzeko modua da; denon eskura dagoen ehizaren alde egiten dugu; ehizak landaeremuak zaindu, aberastasuna sortu eta ekonomia suspertzen laguntzen du; askatasunez eta bakean egin nahi dugu ehiza; 50.000 euskal hiritar biltzen dituen taldearekin, gertuagokoa eta sentsibilizatuagoa den administrazioa nahi dugu; ekologisten eta animaliazale bortitzen eraginpean ez dagoen administrazio librearen alde; ehiztariok ere bozkatzen dugu; ehiztari taldeentzako errespetua eskatzen dugu eta stop esaten diegu sare sozialetan egiten diren irain eta mehatxuei; ehiza ekintza arautua eta legala da, eta, horrez gainera, eskubidea ere bai; ehiza biodibertsitatea bultzatzen duen ingurumen kudeaketarako baliabidea da.

Autobus zerbitzua jarri duzue bertara joateko?

Hiru autobus joango gara bailaratik: 55 pertsonako bat Eskoriatzatik; Arrasateren eta Oñatiren artean beste autobus bat –55 pertsona–; eta Bergaratik, 65 pertsona. Horrez gain, autoz joango direnak ere badaude. Gainera, gure aldarrikapenaren alde egiteko, Ehiza Federazioak ordainduko du autobusaren joanetorria. Ez soilik ehiztari edo federatuei, baita ehiza egiteko eskubidea sostengatzen duten familia eta lagunei.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak