Eraldaketa sozialerako, herritarrei entzuten

Miren Arregi Amasorrain 2019ko mai. 6a, 11:00

Gaur egungo eta etorkizuneko erronkei erantzun egokiak emateko moduak ahalbidetu gura ditu lehen urratsak egiten diharduen Debagoiena Entzuten Lankidetza Sareak. Erronka horien identifikaziorako herritarrak entzuteko ariketak egiten dihardute.

Arazo eta erronka sozialei irtenbidea bilatzea. Horixe da, besteak beste, munduak duen egitekoetako bat. Baita Debagoienak ere. Izan naturarekin, berdintasunarekin, gizarte justuago bat eraikitzearekin, dibertsitatearekin, lanarekin zein ekonomiarekin lotutakoak. XXI. mendeko erronkei komunitatean eta kooperazioan erantzutea beharrezkoa dela diote adituek. Denen arteko elkarlanetik etorriko direla irtenbideak, eta ez nor bere kabuz aritzetik. Elkarlanetik, eraldaketaren inpaktua handiagoa izango da.

Hain justu ere, helburu horrekin lanean dihardu 2019ko urtarrila ezkero Debagoiena Entzuten Lankidetza Sareak, Debagoienean eraldaketa soziala eta sistema aldaketa bultzatuz. Sarea desberdinen arteko batura da; erakunde, eragile eta herritarrez osatzen da eta Berrikuntza Pla- taforma Irekien testuinguruan lan egingo du.

Gakoa metodologian

Berrikuntza Plataforma Irekien lan egiteko moduak emaitza onak ematen ari dira munduan barrena –Peru, India, Kolonbia edo Quebec dira adibide batzuk–. Aipatuekin batera, Debagoienean martxan jarri dena Agirre Lehendakari Centerrek nazioarteko beste erakunde batzuekin elkarlanean sortutakoa da. Eragile sareak bultzatzeaz gain, dagoeneko sortuta dauden ekimenen indarraz baliatzea da bidea, jadanik existitzen den ezagutza aurreratua baliatuz. "Debagoienean hainbat ekimen berritzaile daude, baina guztiz deskonektatuta", dio Agirre Lehendakaria Centerko proiektuaren arduradun Itziar Morenok: "Plataformak aukera emango die konektatuta egoteko, eta, aldi berean, kanpotik ekarritako eragileekin proiektu horien guztien eragina biderka dezakegu".

Entzun, erantzunak emateko

Eraldaketaren bidean, gizartearen erronkak eta beharrak identifikatzea da lehen urratsa. Horretarako, lehendabizi, komunitatearen ahotsa entzungo da –zein behar dituen, zein kezka, zein erronka identifikatzen dituen– kanal eta metodologia ezberdinak erabiliz. Hala, Agirre Lehendakaria Centerrek definitutako metodologia martxan jartzen dabil EMUN. "Gizartea entzuteko fasean elkarrizketa sakonak eta talde eztabaidak egiten dihardugu. Gizartea ahalik eta ondoen ezagutzeko, talde plurala aukeratu dugu. Aurrerago beste entzute modu batzuk ere irekiko ditugu. ", dio Ihabar Arriaranek. Entzutearen eta beharrak identifikatzearen ondoren etorriko da proiektuak bultzatzeko, sortzeko edo konektatzeko unea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak