Herri Arteko Txapelketara protagonista izatera doaz

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 3a, 11:15

Oñatiko pilotariak, iaz, Oiartzungoen kontrako partiduan.

Aretxabaletak eta Bergarak oraingo asteburuan hasiko dute federatu mailan Gipuzkoako klubendako dagoen txapelketa garrantzitsuena. Oñatik, berriz, hurrengo jardunaldira itxaron beharko du Altzoko pilotarien kontra indarrak neurtzeko.

Aretxabaletak eta Bergarak asteburuan hasiko dute, final hamaseirenetan, Herri Arteko Txapelketa. Eta bi talde horiek dira aurtengo edizioetako bi nobedade pozgarri; izan ere, azken urteotan kale egin dute. Pentsa, Aretxabaletak azken hamasei urtetan ez du txapelketan egoterik izan, Juan Mari Errastik gogorarazi duenez: "Hamarkada batez Aretxabaletak torneo politak egin zituen, aurrean ibiltzen ginen beti. 2001ean Soraluzeren kontra jokatu genuen finala Atanon, eta seniorretan bakarrik irabazi genuen. Pentsa, seniorrek ondoren profesional izan zen Laskurain hartu zuten mendean, baina galdu egin genuen finala. Taldean badago berriro ere Herri Artekora itzultzeko ilusioa". Hala, aretxabaletarrek lehenengo kanporaketa etxetik kanpora jokatuko dute, Zestoaren kontra (zapatua, 18:00): "Kadetetan dugu bereziki bikote ona. Ea zortea dugun".

Bergarak hiru urteko hutsunea 

Bergarak, berriz, badaki Herri Artekoa irabaztea zer den. 2009an irabazi zuten txapela azkenekoz –tartean zen Beñat Rezusta– eta lehenago, 1968an ere, torneo horretan nagusi izan ziren. Aurreko hiru urteotan, baina, ez dute ordezkaritzarik izan: "Positiboa da ostera ere txapelketan egotea, eta hasierako helburua lehenengo kanporaketa gainditzea izan behar da", dio Julen Aranburuk.

Bergararrek sasoi puntu onean hasiko dute torneoa: "Hiru kategorietan ditugu pilotari lehiakorrak", baina onartu dute lehenengo kontrario Zestoako pilotariak ez dituztela askorik ezagutzen: "Eta Herri Arteko Txapelketako beste ezaugarri bat da pilotariek herri ezberdinetako frontoietara moldatu behar dutela". Mahoneroek gaur, egubakoitza, jokatuko dute Adunan (20:00). 

Oñatikoek kontrario gogorra 

Aloña Mendiko pilotariek bi astez itxaron beharko dute estreinaldirako –datorren astean itzuliko partiduak jokatuko dituzte Aretxabaletak eta Bergarak: "Zozketan ez dugu zorte handirik izan eta talde gogor bat izango dugu aurrean, Altzo. Dena dela, uste dut azken urteotan izan dugun talderik onena daukagula", dio Josu Osak. Guztira, 19 talde izango dira aurtengo torneoan, eta, hasiera batean, Azpeitia, Astigarraga eta Ataun dira faboritoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak