Puntaik Punta Eskoriatzan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mai. 3a, 08:23
Karmelo Oñate Eskoriatzako mararzkialariak erakusketa du Ibarraundin.Argazkia: Karmelo Oñate.

Kanpokoei eta bertakoei eskualdeak dituen natura, ibilbideak eta bestelako turismo aukerak erakusteko asmoarekin sortu zuen orain dela lau urte Mankomunitateak Puntaik Punta jaialdia. "Oinarri berarekin jarraitzen du, baina urtetik urtera eskaintza zabalduz eta egitaraua sendotuz doa. Azpi-izenburua Bidezidorren Jaialdia badu ere, kaleko zidorretan ibiltzeko ere proposamen asko daude. Aukera paregabea da horrelako ekitaldi bat gurean izatea", azaldu du Eskoriatzako alkate eta Mankomunitateko Garapen eta Turismo Saileko presidente Jose Ramon Zubizarretak.

Bisitarien eta, orokorrean, publikoaren aldetik ere, urtetik urtera harrera handiagoa sumatzen dutela dio Zubizarretak: "Euskal Herri osotik ari dira ekintzetan parte hartzeko deika, eta Estatutik ere bai; oso pozgarria da hori guretzat. Iaz, Aran bailaran antolatzen duten antzerako jaialdi batean izan ginen, Puntaik Punta aurkezten, eta, nire ustez, horren eragina ikusten ari gara".

Doan eta guztiontzako

Aurten, Eskoriatza izango da jaiaren erdigune, baina Debagoieneko herri guztietan eskainiko dituzte askotariko ekintzak –ikus bisita gidatuen taula eta mendi-ibilaldien zerrenda egitarauan–. Ekintza guztiak doan dira, baina mendi ibilaldiek eta tailerrek kopuru mugatua dute; aurrez izena emateko 943 79 64 63 telefonora deitu behar da edo Puntaikpunta@debagoiena.eus helbidera idatzi behar da. "Egitaraua eta, orokorrean, jaialdiko informazio eguneratua Puintaikpunta.eus eta Turismodebagoiena.eus atarietan izango da; eguraldiaren eraginez aldaketaren bat edo beste egin behar izanez gero ere, han jasoko da. Horrez gainera, Mankomunitatearen informazio puntua izango da herriko plazan".

Herria guneka banatu dutela dio alkateak: "Herriko plazan kontzertuak eta bestelako askotariko ekintzak izango dira, handik gertu dagoen Santamaina plaza beste gune bat da, Gorosarri plaza eta Luis Ezeiza ikastetxea, bereziki, haurrentzako guneak izango dira, Ibarraundi museoan tailerrak eta erakusketak daude, eta Jose Arana kalean, berriz, artisauen eta bestelakoen postuak eta Xendazaletasun Azoka. Domekan, maiatzeko lehen domeka izanik, herrian urteetan errotuta dagoen Atxorrotxeko eguna ospatzeko haraino eramango ditugu jaialdiko hainbat ekintza".

Aurrekontua eta laguntzaileak

Iazko bidetik, 47.000 euroko aurrekontua duela gaineratu du: "Mankomunitateak hartzen du bere gain zatirik handiena, eta aurten Eskoriatzako Udalari ere kopuru bat dagokio, eta, horrez gainera, Arantzazuko Parketxearen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Basquetour agentziaren laguntza dugu".

Aipatutakoez gainera, aurten Ternua enpresaren eskutik jaso duten laguntza ere azpimarratu du antolatzaileak: "Ekintzetan parte hartzeko aldez aurretik izena ematen dutenen artean, Ternuak oparitu dizkigun bost kit-en zozketa egingo dugu".

Kanpoko gonbidatuak

Euskal Herriko musikari eta sortzaileez gainera, horien artean, Arrasateko The Potes taldea, askotariko estilo eta jatorrietakoak izango dira egunotan Eskoriatzan. Xendazaletasun Azokan, toki askotako parajeak ezagutzeko gomendioak eta informazioa eskainiko dituzte.

Karmelo Oñateren erakusketa

Txikitatik du Karmelo Oñate eskoriatzarrak marrazteko zaletasuna; garai batean, arkatzarekin irudikatzen zituen, eta, gaur egun digitalki sortzen dituen arren, ez du aldatu irudien gaia: mendia eta kirola. "Asko ibiltzen gara mendian, eta egiten ditugun kirolak, eskia, alpinismoa, arroila-jaitsierak... jasotzen ditut irudietan", azaldu du Oñatek.

2.000 marrazkitik gora ditu, eta horietako 26 lan erakutsiko ditu Ibarraundi museoan gaurtik domekara 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara ikusgai izango den Ura, lurra, bizitza margotzen! bilduman.

Garraio publikoaren alde

Herri barruan hainbat aparkaleku dauden arren, Ederlan parean dagoena erabiltzeko gomendioa egin dute: "Garraio publikoa indartu egingo dugu, bereziki, egunez, eta Ederlanen geltoki bat izango da".

Maider Zabalegi (musikaria): "Formatu akustikoan kontzertu goxoa eta berezia izango da etzikoa"

Bigarren lana argitaratu berri du, Bidean; hori aurkeztera dator domekan Atxorrotxera.

Sekula jo duzu mendian?

Alaitzekin jarduten nuen garaian egin genuen horrelakorik, baina musika etapa berrian ez dut halakorik eskaini, nahiz eta mendira joaten naizenean gitarra eramateko ohitura izan.

Ezagutzen duzu Atxorrotx?

Oñatiko mendietan askotan izan naiz eskalatzen, baina ez naiz sekula Atxorrotxen egon, eta, entzun dudanez, historia oso interesgarria du; hortaz, berezia izango da etzikoa, niretzako.

Bidean. Zeren bidean?

Bizitza, aukera eta momentu ezberdinekin osatuta dagoen bide bat moduan ikusten dut nik, eta uneko sentimenduen araberako kantuak sortu ditut.

Eskarmentu handiko musikariak dituzu alboan.

Kantuen oinarri musikala eta hitzak nik sortzen ditudan arren, taldekideekin ematen diet gero forma. Seikote formatuan jarduten dugu: Gorka Urra, gitarra elektrikoa eta akustikoa eta perkusioa; Urbil Artola, lap steel, dobroa eta gitarra akustikoa; baxuarekin, Maria Soriazu; Karlos Aranzegi, bateria jotzen; eta Santi Romano, pianoa eta teklatua.

Domekan, baina, lau lagun izango zarete.

Eskatu ziguten moduan, akustiko formatuan joko dugu, disko bietako kantuak tartekatuta. Pozik egindako lanarekin? Asko ari naiz gozatzen; kantuak sortzen ari naiz etengabe, eta zuzenekoetan ere, oso gustura.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak