Behategiko koordinatzaile Libe Mimenzak azaldu duenez, "premiazkoak diren hainbat eztabaidagai eta horiek ahalbidetzeko azterketak" dakartza 2018ko urtekariak.
Aurkeztutako lanetako batean, tokiko astekarien kalitatea aztertu du EHUko ikerlari Maria Gonzalezek. Goiena, Alea, Anboto eta Guaixe dira ikertu dituzten lau astekariak; bakoitzetik bost zenbaki hartu dituzte. Goiena "albistearen kalitatean" eta "gaurkotasun handiko gaietan" nabarmendu da ikerketaren emaitzen arabera.
Genero ikuspegia
Bestalde, berdintasuna sakon aztertu dute mota ezberdinetako ikerketen bidez: Iritzi emaileen generoa, emakumeak artikuluen gaien arabera eta prentsa digitaletan emakumeen presentzia kuantitatiboa aztertu dituzte.
Iritzi emaileei dagokienez tokiko hamaika aldizkari aztertu dituzte –tartean ostiraletako Goiena aldizkaria–. Aztertutako 410 iritzietatik 160 (%39) emakumeek sinaturikoak dira, 202 aldiz gizonezkoek idatzitakoak (%49,3). Beste %11,7 sailkatu gabeak dira (talde edo elkarteen izenean idatzitakoak). Tokikoen datuok Berria egunkariaren antzerakoak (%33) direla nabarmendu dute ikerlariek; ehunekoa zertxobait txikiagoa da Gara-ren kasuan (%29). Beste muturrean daude Noticias de Alava (%16,5) eta Diario de Navarra (%10). Goienari dagokionez, ia %50 dira emakumeek idatzitako iritzi artikuluak, %49,28 zehazki. Era berean, ikerlariek nabarmendu dute "emakume gazteen iritziek badutela lekua tokiko aldizkarietan", horien artean Goiena.
Emakumeek sinaturiko artikuluei dagokienez, feminismoaren ikuspegitik idatzitako albisteen %25 sinatzen dituzte emakumeek eta gizartea gaiari lotutakoen %16. Bestelako gaietan, emakumeek sinatutako albisteen ehunekoa txikiagoa da.
"Albiste askotan (%47,77 - %53,81) emakume bat ere ez da aipatzen. Esan daiteke, albiste askotan emakumeak ikusezinak direla"
Horretaz gain, Goiena, Berria eta El Diario Vasco-ren edizio digitalean kuantifikatu dute emakumezkoek zenbateko presentzia, Big Data sistemaren bidez. Azterketako emaitzen arabera, hiru hedabideetan da txikia emakumeen presentzia. Hiruren artean Goiena da emakumeen presentzia handiena duena, %31,66koa. Berria eta El Diario Vasco-ren artean ez dago alde nabarmenik, biak %25etik hurbil daude. Era berean, albisteen erdiek soilik gizonezko protagonistak dituzte. Gainera, soilik emakumeak agertzen diren albisteen ehunekoa oso txikia da aztertutako hiru hedabideetan; ehuneko handiena Goienak dauka %17,83arekin.
"Interes informatibo handieneko pertsonen artean, oro har, emakume gutxi aurkitu ditugu. Hori nabarmena da 'El Diario Vasco'-n. Goienan aldiz, apalagoa da gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldea"
Gaiei dagokionez, emakumeen presentzia kuantitatibo txikiena duten gaiak nazioartekoak (mundua) eta kirolak dira Berria-n. Goiena eta El Diario Vasco-n berriz kirola eta teknologia. Hala ere, Goienako kiroletako albisteetan emakumeek presentzia handiagoa dute (%22,21) Berria-n (%11,68) eta El Diario Vasco-n (%11,17) baino.
Azterketa honetan soilik hiru hedabideen edizio digitaleko albiste kopurua hartu da kontuan. Hau da, ez da neurtu, adibidez, papereko edizioetan emakumeak protagonista diren azalak edota albiste bakoitzari emandako garrantzia ala sakontasuna.
'Ttap' aldizkaria
Bildumako bigarren artikuluan Ttap aldizkariari buruz idatzi du Jone Guenetxea Aldizkari Digital Multimediak-eko presidenteak. Guenetxeak azaldu duenez, aldizkaria berrikuntzatik, kezkei bueltak emateko nahitik eta esperimentaziotik jaio zen; berrikuntza Tokikom-eko jardun estrategikoari lotuta dagoelako; kezka, informazioaren kontsumoan dagoen aldaketagatik, eta esperimentazioa, edukietan, formatuan, multimedian zein negozio ereduan aldaketa bat ekarri duelako mugikor eta tabletetarako sortu zen aldizkari digitalak.
Bestelako gaiak ere landu dituzte Euskal Hedabideen Urtekaria 2018 txostenean. Bere osotasunean irakurtzeko aukera dago online, Behategiaren webgunean.