51.648 debagoiendar daude deituta gaur botoa ematera

Josu Bilbao Atxutegi 2019ko api. 28a, 06:00

Bergarako pilotalekua hauteskunde egunerako gertu.

Espainiako Gorteetarako hauteskunde eguna izango da gaurkoa Debagoienean ere. Goienak jarraipen berezia egingo die hauteskundeei, uneoro, Goiena.eus webgunean. Hemen kontsulta ditzakezu aurreko Espainiako Hauteskundeetako emaitza guztiak.

2015etik egiten diren hirugarren hauteskundeak dira, hain zuzen ere: 2015eko abenduan eta 2016ko ekainean ere egin ziren. 2018ko ekainean hartu zuen presidente kargua Pedro Sanchezek, Mariano Raxoiren kontrako zentsura mozioaren ostean eta, hamar hilabeteko aginte laburraren ostean, aurreratu egin behar izan ditu hauteskundeak, aurrekontuak ezin izan dituelako onartu. 

Ia 600.000 gipuzkoar botoa ematera deituak

Horrela, Gipuzkoako erroldari erreparatuta 583.748 pertsonek botoa emateko aukera izango dute, eta horietatik 27.478 pertsona atzerrian bizi dira. INE estatistikarako erakundeak emandako datuen arabera Gipuzkoako 88 herrialdeetan 846 hauteskunde mahai ipiniko dituzte, 285 lokal edo egoitza ezberdinetan.

Aurten, ohikoa baino posta bidezko boto gehiago jasotzea aurreikusten da. Izan ere, Gipuzkoan 25.726 izango dira posta bidez jasoko diren botoak. Horrez gain, adimen urritasuna duten estatu osoko 100.000 herritarrek lehenengo aldiz bozkatzeko aukera izango dute gaurkoan.

Gipuzkoan, 12 hauteskunde zerrenda

Hamabi hautagaitza aurkeztu dira Gipuzkoan Espainiako Kongresura. Gipuzkoatik 6 ordezkari joango dira Madrilera, eta boto emaileek Gipuzkoako ordezkariak hamabi hautagai hauen artetik aukeratuko dituzte:

  1. EH Bildu: Mertxe Aizpurua Arzallus.
  2. EAJ: Joseba Andoni Agirretxea Urresti.
  3. PSE-EE: Odon Elorza Gonzalez.
  4. Elkarrekin Podemos (Podemos-IU-EQUO): Pilar Garrido Gutierrez.
  5. PP: Iñigo Arcauz Askargorta.
  6. Ciudadanos: Leon Jose de Adrian Gallego.
  7. VOX: Juan de Dios Davila Garijo.
  8. Partido Animalista (PACMA): Ivan Ruiz Garcia.
  9. Aulki Zuriak: Daniel Lizarralde Aguirre.
  10. Recortes cero: Maria Angeles Alberdi Bergaretxe.
  11. Partido comunista de los trabajadores de España (PCTE): Jose Alberto Jimenez Gonzalez.
  12. Por un mundo mas justo (PUM+J): Jose Manuel Corcuera Miranda.

Beste hamabi hautagaitza Senatura: 208 senatari aukeratuko dira gaur. Horietatik lau Gipuzkoako ordezkariak izango dira. Arabatik eta Bizkaitik beste launa ordezkari gehiago aukeratuko dira.

Errolda herririk herri

  • ARRASATE: 17.739
  • BERGARA: 11.798
  • OÑATI: 9.319
  • ARETXABALETA: 5.526
  • ESKORIATZA: 3.206
  • ANTZUOLA: 1.707
  • ARAMAIO: 1.230
  • ELGETA: 913
  • LEINTZ GATZAGA: 210
  • DEBAGOIENA: 51.648

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak