Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo dituzte datorren apirilaren 28an, 2015etik egiten diren hirugarren hauteskundeak, hain zuzen. Izan ere, garai nahasiak bizi izaten ari da Espainiako egoera politikoa.
2018ko ekainean hartu zuen presidente kargua Pedro Sanchezek, eta, hamar hilabeteko aginte laburraren ostean, aurreratu egin behar izan ditu hauteskundeak, aurrekontuak ezin izan dituelako onartu.
Zer dago jokoan?
2018ko abenduan Andaluzian egin zituzten hauteskundeak inflexio puntu garrantzitsua izan ziren hauteskunde orokor hauei begira. Vox eskuin muturreko alderdia indarrez sartu da Andaluziako parlamentuan, eta horrek eragin nabarmena izan du Espainia osoko egoera politikoan. "Voxen uholde honen beldur, PPk ere eskuin muturrera jo du nabarmen, eta Ciudadanosek, bestalde, pentsatuta zuen ezkerrerako bira hori atzeratu egin du", azaldu du Iñaki Galdos analistak.
Hori dela eta, "eskuin gogorrenaren berpizkundeari aurre egitea edo ez egitea" dago jokoan, Mikel Irizar analistaren esanetan. "Badirudi horrenbeste indarrik ez dutela izango, baina azken momentura arte kolokan egongo da hori. Ikusiko dugu nola mobilizatzen den bakoitza", azpimarratu du.
PSOE irabazle
Galdosek dio jokoan dagoena dela Pedro Sanchezek norekin gobernatuko duen. Izan ere, segurutzat du PSOEk hauteskunde hauek irabaziko dituela. "Boto emaile askok tentazioa edukiko dute PSOEri baino gehiago, Sanchezi botoa emateko, eskuinak gobernatu ez dezan, baina garrantzitsua izango da jendea konturatzea Podemosi, EAJri edota EH Bilduri botoa ematea badela Sanchezek gobernatzeko botoa ematea. Hala ere, plus bat dago hor: PSOEk Ciudadanosekin ez gobernatzea. Gakoa hor dago".
Iñaki Galdos: "Benetan jokoan dagoena da Sanchezek norekin gobernatuko duen"
Irizarrek ere "nahiko garbi" ikusten du PSOEren garaipena. "Podemosek hasierako indar hura galdu du, eta PP eta Ciudadanos oso eskuinera joan dira. Beraz, espazio handia geratu zaio PSOEri. Hori dela eta, Sanchez oso lasai dabil kanpainan. Helburu bakarra da hanka ez sartzea". Gaineratu du "eskuineko hiru alderdiak" hautesle beren bila doazela –PP, Vox eta Ciudadanos–. "Espainiartasuna nork gehiago erakutsi ari dira azken hilabete hauetan. Egia da Espainian ultranazionalista asko daudela, baina ez dut uste gehiengoa denik. Orain arte, hauteskundeak irabazi dituen alderdiek zentrorako joera izan dute, eta sorpresa handia izango litzateke, hain jarrera ultra erakutsita, botoen %50era iristea", nabarmendu du.
Xabier Mugarza Ulmako kontrol ekonomikoko zuzendariak ere uste du PSOE izango dela garaile. "Erdaraz esaten den moduan, itsuen herrialdean begibakarra izateagatik irabaziko du PSOEk, eta baita erradikalizaziotik ihesi eta erdia okupatu nahian dabilelako ere".
Mikel Irizar: "Espainian ultranazionalista asko dago, baina ez dut uste gehiengoa direnik"
Gehiengoak osatzeko orduan ikusten ditu arazoak Mugarzak. "Nik uste dut nahiko luketela gehiengo bat Podemosekin bakarrik, baina ez dut uste hori posible litzatekeenik. Bigarren aukera Ciudadanosekin izango litzatekeela uste dut, baina Kataluniako egoera dela-eta ez dut erraza ikusten. Hala, gehiengoa Ciudadanosekin izan edo Podemosekin eta abertzaleekin izan, ez dakit PSOEk nora joko lukeen. Ez dira erabaki errazak".
PP, galtzaile nagusi
Mugarzak dio "eskuma berriaren egitura" irudikatuko dela hauteskunde hauetan. "PPk jipoi ederra jasoko du", dio. "PPren boto moderatuak nora joango diren, hor dago gakoetako bat", azaldu du. Galdosek ere uste du popularrek behera egingo dutela. "PPk bi arazo ditu: batetik, estrategikoki eskuin muturrera egin izanak eskuineko boto moderatu asko umezurtz utzi ditu. Bestetik, Casado hautagai txarra dela uste dut, eta gabezia handiak ditu. Hauteskunde gauean galtzaile nagusietako bat Casado izango dela iruditzen zait".
Xabier Mugarza: "PPk jipoia jasoko du Espainian, eta are handiagoa Euskadin"
Eskuina Euskal Herrian
Voxek eta Ciudadanosek ez dute "eragin handirik" edukiko Euskal Herrian, Galdosen ustez. "PPren Arabako eserlekua kolokan egon daitekeela diote batzuek, baina nik ez dut hain argi ikusten. Hemen, gakoa izango da Podemos zenbat jaitsiko den, alderdi sozialistaren uholdea zenbateraino iristen den hona, eta alderdi morearen jaitsiera horrek zenbateko mesedea egiten dion EH Bilduri. Azken honek jipoia hartu zuen aurreko hauteskundeetan, baina errekuperatzeko bidean dago. Ikusi egin beharko da, ordea, errekuperazio hori zenbaterainokoa izango den. EAJ sendo ikusten dut".
Mugarzaren ustez, PPren jipoia are handiagoa izango da hemen. "Euskadiko PPko hainbat agintarik ere disimulatu izan duten arren, erakutsi dute ez daudela Casadorekin eroso. Orokorrean, Vox eta Ciudadanos ere ez ditut indartsu ikusten hemen".
EAEn bi egoera "oso interesgarri" egongo dira, Mugarzaren ustez: "Batetik, ezker abertzalearen jarrera berriaren aurrean jendearen erantzuna eta EAJrekin izango duen borroka; eta bestetik, eskumaren beldur, estatuko logika baten inguruan, PSOEri boto baliagarria eman diezaiokeen jendea".
Irizarrek ere EAJren eta EH Bilduren arteko lehia ikusten du hemen. "Podemos indarra galtzen ari dela dirudi, eta horrek alderdi sozialistari mesede egingo dio. Baina euskal politikan EAJ eta EH Bildu dira bi zutabe nagusiak, eta hemengo ordezkaritza zabalena biek izango dute", azaldu du.
Abstentzioa, bide koherenteena
Ainhoa Larrañaga Mondragon Unibertsitateko irakasleak uste du abertzale eta independentistek abstentzioaren aldeko hautua egin beharko luketela. "Badakit utopia hutsa dela, baina uste dut alderdi abertzaleek ez luketela parte hartu beharko hauteskunde hauetan, eta hori izango litzateke koherenteena. Ez dut uste ezer aldatuko denik bereziki, eta benetan uste baldin badugu hemen ez dagoela demokraziarik, Espainiako instituzioetan ez genuke parte hartu beharko", dio. "Batzuek edo besteek irabazi, guretzako garrantzitsuak diren gauzak ez dira aldatuko. Han daudenak alderdi konstituzionalistak dira. Herri honen autodeterminazioa eta independentzia gura dugunok hau masiboki egingo bagenu, inpaktua edukiko luke. Azken finean, parte hartuta, legitimatu egiten ditugu hauteskunde hauek", adierazi du.
Ainhoa Larrañaga: "Abertzaleok ez genuke Espainiako hauteskundeetan parte hartu beharko"
Udal hauteskundeak
Hilabeteko epean, maiatzaren 26an, udal hauteskundeak egingo dituzte, eta, Galdosen esanetan, "ezberdin" bozkatuko da. "Apirileko hauteskundeen ostean PSOEk irabazten badu eta Ciudadanosekin gobernatu, hemengo jende asko traizionatuta sentituko da eta maiatzeko hauteskundeetan eragina izango du horrek. Kontrara, gainontzekoekin osatzen badu gobernua, sozialisten olatu honek iraungo du hemen ere".
Irizarrek EH Bilduren eta EAJren arteko lehia ikusten du, oro har, Gipuzkoan, eta baita Debagoienean ere. "Azken hauteskundeetan, EAJk emaitza onak izan zituen, alkatetza batzuk berreskuratu zituen, eta ikusi egin beharko da mantentzen dituen. EH Bildu oso lan ona egiten ari da, indartze prozesu batean dago, batez ere barrura begira. Momentu hauetan, EAJk abantaila apur bat dauka, baina lehiatua izango da".
Larrañagaren ustez, panorama ez da askorik aldatuko. "EAJk hegemonia edukitzen jarraituko du. Azken lau urteotan ez dut ikusi benetako oposizio bat EAJk egiten duen gestioarekiko. Kanpaina indartsua egin du EAJk Gipuzkoan. Ez dakit herritarren parte-hartzea areagotu duen edo ez, baina areagotu egin duela saldu duela bai, eta kanpaina horri aurre egiteko gairik ez dut ikusten mahai gainean", azpimarratu du.
EH Bildu eta EAJ nagusi
Goiko taulan ikusten denez, EH Bildu eta EAJ dira nagusi bailaran, eta hala jarraituko dutela dirudi. Esanguratsua da, halaber, 2016ko hauteskunde batzuetatik besteetara Unidos Podemosek izan zuen jaitsiera, eta, aurreikuspenen arabera, jaitsiera hori berretsi egingo da hauteskunde hauetan ere. Bestalde, taularen behealdean, PSOEren eta PPren arteko aldea handiagotu egingo da, inkesta guztien arabera, PSOEk gora egingo duelako eta PPk, behera.