Fagor Etxetresnak kooperatibaren porrota kontratazio politika nepotistarekin eta absentismoarekin lotu dute

Josu Bilbao Atxutegi 2019ko api. 26a, 10:05

EHUko Ekonomia eta Enpresa fakultateko ikerketa baten arabera giza baliabideen kudeaketa eta politika gainbeherako faktoreetako bat izan zen.

Langileak hartzeko politika nepotista edota absentismo tasa gero eta handiagoa zela azpimarratu du EHUko ikerketak. Ikerketaren asmoa, "huts egin duen esperientzia beste batzuentzat baliagarria" izatea dela azaldu dute, alegia, "Fagor Etxetresnak kooperatibaren arrakasta enpresa askorentzat ikasbide izan zen moduan".

Kooperatiben bazkideen ondorengoek lehentasuna izatea langileak hartzeko politikan, absentismo tasa gero eta handiagoa, produkzio sistema taylorista eta alderantzizko nagusitasun hierarkia aztertu ditu EHUko ikerketa taldeak. Finantza ekonomia saileko eta lantaldeko Imanol Basterretxea irakasleak eman ditu ikerketaren gaineko xehetasunak. "Ikerketa askotan aztertu dute Fagorren porrota eta giza baliabideen politikak ez ziren izan kiebra jotzeko eragile nagusiak, inondik ere, baina arazoak areagotu zituzten eta hura salbatzea zaildu zuten. Beste azterketa akademikoetan ez dituzte alderdi horiek jorratu, eta pentsatu genuen merezi zuela horiek aztertzea. Gure lanaren asmoa izan da Fagor Etxetresnak kooperatiban egindako okerrak aztertu eta ezagutzera ematea, beste batzuek haietatik ikasi eta amaiera berdina izatea saihets dezaten".

Azterketa egiteko Fagorren 20 urte baino gehiago zeramaten eta kooperatibarekin lotura zuten 25 lagunekin elkarrizketak egin zituzten: zuzendaritzako kideak, langileak, Kontseilu Sozialeko kideak... "Mondragon Korporazioko zuzendaritzako kide batzuekin ere izan genituen elkarrizketak, bai eta administrazio publikoko goi kargu batzuekin ere, Fagorrekin negoziatzen aritu baitziren porrot egin ez zezan", azaldu du Basterretxeak.

Ikerketaren arabera absentismoaren gorakada izan zen faktore nagusienetako bat: "1990ko hamarkadan, %4koa izatetik ia %8koa izatera pasatu zen. Espainiako enpresa pribatuena baino handiagoa izatera pasatu zen, eta hala jarraitu zuen porrotera arte".

Horrez gain lidergo ahulak ere izan zuen pisua aztertu du EHUko ikertzaile taldeak: "Alderantzizko nagusitasun hierarkia horrek eragin zuen zuzendaritzak lidergo ahula izatea eta erabaki gogor eta onarpenik gabekoak berandu hartzea, hala nola linea batzuk itxi eta beste batzuk Poloniako filialera eramatea, soldata jaistea, aparteko lanordu solidarioak egitea edo langileak beste kooperatiba batzuetan kokatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak