Emakume migratzaileei ikusgarritasuna emateko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko api. 19a, 09:42

Monika Madinabeitia –erdian– liburuaren idazlea, ilustratzaileekin. Argazkia: Goio Arana

Petra, my Basque Grandmother liburua idatzi du Monika Madinabeitia Huheziko irakasleak, eta Maitane Puebla eta Yera Sanchez lankideek sortu dituzte ilustrazioak; Amazon.es-en eta Renoko Euskal Ikerketa Zentroaren atarian dago eskuragarri.

Petra Amoroto Egaña XX. mendean Ameriketako Estatu Batuetara ezkondu zen markinarraren biografia dauka oinarri Huheziko irakasle Monika Madinabeitiak idatzi eta lankide dituen Yera Sanchez eta Maitane Pueblak egin dituzten ilustrazioak batzen dituen Petra, my Basque Grandmother liburuak. "Ingelesez idatzita dago, baina modu errazean irakurtzeko moduan; nire helburua ez zen liburu akademiko bat egitea, diasporan bizi direnek edo euskaldunen migrazioari buruz interesa duen euskal komunitateraino heltzea baizik", azaldu du Madinabeitiak.

Renoko Euskal Ikerketa Zentroak argitaratu du, eta martxoaren 13an aurkeztu zuten Frank Bergon euskal-amerikar idazlearen –Petra Amorotoren iloba– omenez egin zuten kongresuan.

Ameriketara ezkontzeko tratua

Literatura ipar-amerikarrean oinarritutako tesia egiten zebilela izan zuen Madinabeitiak Frank Bergon euskal idazlearen berri. "Ipar Euskal Herriko jatorrikoa zen, baina ez nuen aukeratu arrazoi horregatik; geroago sortu zitzaidan, Huhezin lanean hasi nintzenean, euskal-amerikarrekiko interesa. Aspaldiko Erlea aldizkarian irakurri nuen Bergonek haren amamari buruz idatzitakoa; txunditu egin ninduten haren bizipenek, eta gehiago ikertzeko gogoa piztu. Herriko beste hainbat neska bezala, Markinan aberats batzuen etxean neskame zen Amoroto; lankide baten senargaia Ameriketara joana zen eta hari bidalitako argazkietako batean ikusi zuen Esteban Mendibe bizkaitar migratzaileak Petraren argazkia. Amorotorekin maitemindu eta elkar ezagutzen ez zuten arren, ezkontzeko proposamena egin zion; familiakoek baimena eman, eta hala joan zen Ameriketara. Garai hartan, nahiko ohikoak ziren horrelako ezkontza-tratuak".

Emakume askoren istorioa

Amorotoren istorioari 2015ean heldu ziola dio Madinabeitiak: "Hainbat proiekturekin joan nintzen Renora, eta horietako bat zen markinarrari buruz ikertzea. Informazioa eta argazkiak bildu nituen han; Frank Bergonekin eta haren familiarekin eta Mendibe sendikoekin elkartu nintzen, besteak beste. Geroago, Markinan egon nintzen, hango familiari ere galdezka. Liburua Petraren bizipenetan oinarritu dudan arren, orokorrean emakume migratzaileen istorioa kontatzea izan da asmoa".

Ilustrazioei leku zabala eginda

69 orri ditu liburuak, testu gutxi eta irudi askorekin, idazlearen esanetan: "Hitzaurre pare bat ditu, horietako bat Frank Bergonek idatzitakoa. Irudiari garrantzia eman nahi nion, estilo askotariko ilustrazioak sartzea zen nire nahia, eta lankide ditudan Yera Sanchezi eta Maitane Pueblari proposatu nien".

Gustura hartu zuten biek ala biek Madinabeitiak proposatutako erronka. Honelaxe dio Sanchezek: "Lan-prozesua luzea eta gogorra izan den arren, sekulako esperientzia izan da! Nire ilustrazio gehienak eskuz egindakoak dira, arkatzarekin; eta ondoren, argazkiarekin, testurarekin eta paper zaharrekin osatu nituen". Puebla ere pozik da emaitzarekin: "Esker oneko hitzak besterik ez daukat parte hartzeko aukera emateagatik. Estetikari buruzko erabaki batzuk hartuta zituen Yerak, eta bion artean adostu genituen, gero, bestelako ezaugarriak. Irudiez gainera, maketazio lanak ere egin ditut. Errepikatzeko moduko esperientzia, duda barik!".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak