Xabier Letona: "Sekulakoa da jabetzea zu ari zaren komunikabide horrek ehun urte bete dituela”

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko api. 12a, 09:46

1919an jaio zen aldizkari erlijioso gisa Zeruko Argia, eta ondoren informazio orokorreko astekari bilakatu. Aurten, ehun urte beteko ditu Argia-k. Bertako zuzendaria izan da Xabier Letona arrasatearra 2002tik 2013ra bitartean, eta gaur egun ere Argia-ko kazetaria da.

 

2.600 zenbakitik gora izango ditu Argia-k ehun urte hauetan.

Ez dut gogoratzen zein den kaleratutako ale kopurua, baina 2.600ren bueltan ibiliko da. Izan ere, gaur egun, 2.601. zenbakia lantzen ari gara, baina ez dakit hasieran egindakoak kopuru honen barruan sartzen diren.

Zein fasetan dago zenbaki guztiak digitalizatzeko proiektua?

Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari gara proiektu hau posible egingo duen akordio bat bideratzeko, nahiz eta hainbat falta zaizkigun lotzeko. Gure asmoa da urte bukaerarako, alegia, Euskararen Egunerako horren lagin bat izatea ikusgai. Ondare handia izango duzue. Ondarea handia da kuantitatiboki, baina baita kualitatiboki ere. Kazetaritzaren ikuspegitik, gehien metatutakoa azken 80 urteetakoa litzateke, baina aurretik egindako materiala ere sekulakoa da.

Zerk egin du posible Argia-k ehun urte betetzea?

Euskarazko kazetaritza egin nahi izatea nabarmenduko nuke. 1919an Zeruko Argia aldizkaria egiten hasi zirenak euskaraz hasi ziren mezu erlijiosoak adierazten. Gerora, beste faktore batzuen eragina egon da, baina oinarrizkoa euskarazko kazetaritza egitearen nahia izan da.

Nola iritsi zinen Argia-ra?

1988an Bilbon Kazetaritza ikasten ari nintzela iritsi nintzen Argia-ra. Momentu hartan, gainera, aldizkaria oso indartsu zegoen, Egunkaria sortzeko proiektuan murgilduta zegoelako. Egunkaria sortzeko taldea osatzen ari zen eta proiektu hura aurrera eramateko zegoen ilusioa izugarria zen. Garai hartan sortu zen baita ere Arrasaten Arrasate Press, eta, modu horretan, tokiko komunikazioa indarra hartzen hasi zen.

Zu iritsi zinenetik asko aldatu da?

Maila guztietan izan dira aldaketak. 30 urtetan, esaterako, gauza asko aldatu dira. Baldintzak eta euskarazko kazetaritzaren egoera aipatuko nituzke. Barne egituraketa berria izan da Argia-k izandako aldaketetako bat.

Nolakoa izan da esperientzia?

Aldaketa hau ez da erabat berria, badatorren zerbait baizik. Izaera kooperatiboa duen ekonomia sozialeko enpresa bat gara 1980az geroztik. Azken urteetan ezagutzen ari naizen aldaketak ondo funtzionatzen ari dira eta hori talde indartsu bat dugulako da.

Nola ikusten duzu euskal kazetaritzaren egoera?

Hekimen-en sorrerarekin indar handia hartu duela uste du. Hala ere, beldur maila bat ere ikusten dut eta sektore honetan gaudenok gure artean kooperatiboak izaten jakin behar dugu, besteak beste. Horregatik, nahiz eta bakoitzak bere izaera izan, batuta egon behar dugula uste dut, sektoreak indarra izan dezan.

Kazetaritza ez da delitua kanpainari buruz galdetu nahiko nizuke. Lander Arbelaitz deklaratzera deitu berria izan da. Zer ari da gertatzen?

Kazetaritzan zein gizarte osoan inboluzio demokratiko handi bat gertatzen ari dela esango nuke. 2007az geroztik atzerakada handia gertatu da lan munduan eta arlo ekonomikoan. Eskuineko alderdiek indarra hartu dute Europako toki batzuetan eta horren eragina ere nabaritu da gizartean. Hala ere, egoera honetaz jabetu behar dugu, eta aurrera jarraitu.

Mendeurrenera itzulita, zer prestatu duzue mendeurrena ospatzeko?

Hitzaldi asko egiten ari gara eta egingo ditugu toki desberdinetan. Maiatzean, berriz, Errioxan ospatuko dugu Argia-ko komunitateko kideek mendeurrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak