2018ko ekitaldian, Laboral Kutxaren zerga osteko mozkin bateratua 133,7 milioi
eurokoa izan da, 2017koa baino % 10,06 handiagoa. Fondo propioen gaineko
errentagarritasuna, ROEa –Return on Equity—, % 7,97koa izan da, Estatuko banka
osorako aurreikusten den % 6,1eko batez bestekoa baino askoz handiagoa.
Laboral Kutxako lehendakari Txomin Garciak, «eskakizun goreneko ingurunean»
lortutako emaitzen meritua nabarmendu zuen. Batzarraren hasierako hitzaldian,
kooperatibako buruzagiak ekitaldiko finantza-egoera orokorra irudikatu zuen: «Apal-
apalak diren interes-tasen inpaktua jasaten jarraitzen du sektoreak. Era berean, 2018an
kreditu-inbertsioaren saldoa berriro murriztu izanak eta araudiaren presioak zaildu egin
dute errentagarritasunari eustea».
Txomin Garciak azaldu zuenez, ekitaldiko emaitza onaren oinarri nagusia jarduera
komertzial handia izan da, formalizatutako kreditu berrien kopurua nabarmen handitu
baita, bai partikularrentzat, bai enpresentzat: aurreko ekitaldiarekin alderatuz,
emandako hipoteka-maileguen kopuruak % 18,7 egin du gora, ETE-entzako kredituen
kopuruak % 18,8, eta autonomoei eta negozio txikiei emandako zenbatekoak, % 14,5.
2019ko ingurune lehiakorra eta gestio plana
Xabier Egibarrek, Laborak Kutxako zuzendari nagusi berriak ere hitz egin zuen.
Egibarrek joan den urtarrilean hartu zuen kargua eta lehen aldiz agertu da
Kooperatibaren batzar nagusiaren aurrean. Zuzendari Nagusi berriak ingurune
makroekonomiko zailean eta zalantzakorrean kokatu du 2019ko Gestio Plana, mundu
osoan nahiz eurogunean dezelerazio-prozesua berretsi egingo dela aurreikusten baita.
Eraldaketa digitala
Digitalizazioak funtsezko atala hartu zuen Xabier Egibarren hitzaldian, «datozen urteetan
Entitatearen eraldaketaren atal nagusia» izango baita. Ildo horretan, epe laburreko
errentagarritasunean inpaktu handia izango duten helburuak eta epe luzerako ikuspegia
uztartu nahi ditu Entitateak.
Etorkizuneko jardunaren adibide bezala, ZABALTEK Izeneko proiektua aipatu zuen
Egibarrek: «ZABALTEK proiektuak gure arkitektura teknologikoa eraldatu egingo du:
garapenak hobetu egingo ditu, gaitasunak handitu egingo ditu eta banku-
plataformaren, ekosistema berrien eta enpresen arteko interkonexio optimizatuko du»
Horri guztiari esker, bezeroentzako irtenbide berriak landu nahi ditu kooperatibak, Open
Banking esaten zaion esparru horretan. Integrazio teknologikoa ere funtsezkoa izango
da produktu eta zerbitzu digitalen plan garrantzitsua garatzeko, aseguruen atalari lehen
mailako eginkizuna emanda.
Ordaindu eta Eskuratu elkartekoek, manifestazioa
Laboral Kutxaren Ohiko Batzar Nagusiaren harira, Ordaindu eta Eskuratu elkarteek manifestazioa egin zuten Donostiako kaleetan, eta elkarretaratzea, ondoren, Kursaal Jauregiaren kanpoan.