25 urteren ostean, guztiz amaitzeke

Amaia Zabala 2019ko api. 6a, 09:30

Duela 25 urte hasi ziren diputazioak Beasain-Durango ardatza eraikitzen, eta, zatika-zatika lanean aritu ondoren, Deskargako zatia ireki zuten pasa den astean. Orain, Saratik (Arrasate) Elorriorako zatia geratzen da proiektua amaitzeko.

Epele-Sara errepidea izan zen Beasain-Durango ardatzaren lehen zatia eta jarraian etorri dira besteak. Orduan, Bergarako alkate Victoriano Gallastegik eta Arrasateko alkate Xabier Zubizarretak inauguratu zuten, ahaldun nagusi eta Oñatiko alkate ohi Eli Galdosekin batera. Orain, 25 urte geroago, Deskargako errepide zati berria zabaldu dute, eta bi alkate ohiek errepide horren garrantzia azpimarratu dute. Hauxe esan du Victoriano Gallastegik: "Orain dela urte asko ireki behar zena ireki da azkenean eta Euskadi epizentro mailan ezartzea lortu dugu. Guk esandakoa bete dugu, agintaldi honetan amaituko genuela esan baikenuen. Zoriontzeko moduko gestioa egin da agintaldi honetan, eta, azkenean, agintaldia amaitzerako ireki da; aurrerapauso handia da errepide hau bailararentzat".

Zubizarretak, berriz, azpimarratu du gainontzeko bailarekin lotzeko "garrantzi handiko zatia" dela; hori bai, gaineratu du "lehenago" amaitu behar zela obra eta, hain zuzen, atzerapenek "bailarari kalte handia" egin diotela.

Arrasate-Elorrio zatia

Beasain-Durango ardatza, oso-osorik, errepide azkarra izan dadin, Arrasatetik –Epeletik– Elorriora doan zatia soilik ge-ratzen da egiteke –eta Bergarako ekialdeko saihesbidea bitan banatzea–. Kanpantzarreko mendateko errepide zahararren gainean galdetuta, Zubizarretak honako hau erantzun du: "Euskal Herriaren ikuspegitik, Sara-Elorrio zatia egitea oso garrantzitsua da, hiriburu ekonomikoa, Bilbo, hiriburu historikoarekin lotuko bailuke. Baina gure administrazioek ez diote behar zitzaion garrantzirik eman eta bigarren mailako tratua eman diote lehen mailakoa eman beharrean. Izan ere, errepideak ere Madrilgo ikuspegi zentralistarekin eraikitzen dira hemen".

Gallastegiren esanetan ere komenigarria da Saratik Elorriorako zatia egitea, eta, momentuz, "proiektutik kanpo" geratu bada ere, mahai gainean jarraitzen duela etorkizun baterako.

Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, ez du Arrasate-Elorrio errepide zatia egitearen inguruko albisterik argitaratu azken urteetan, eta, proiektuaz galdetuta, ez dela legealdi honetako proiektua erantzun dute. Beraz, ikusiko da ea aurrerapausorik ematen duten.

Epele eta Sara arteko errepidea

Epeletik Sararako zatia berritzeaz galdetuta, berriz, berritzearen aldekoak dira bai Gallastegi eta bai Zubizarreta. Gallastegiren esanetan, errepide guztiak egoera onean egotea "beharrezkoa" da, batez ere, istripuak saihesteko, eta, ondorioz, komenigarria da Epeletik Sararako zati hori berritzea. Gaineratu du, ordea, obra horiek "lehentasunen arabera" egiten direla eta une honetan ez dagokiola. Zubizarretak, berriz, salatu du errepide zati horri ez zaiola eman behar zuen kategoriarik.

Gatazkaz betetako proiektua

Gatazkaz betetako proiektua izan da Beasain eta Bergara arteko GI-632 errepidea, eta, hain zuzen, EAJren eta EH Bilduren artean enfrentamendu ugari sortu ditu. 1995ean hasi ziren Beasain-Ormaiztegi errepide zatiaren obrak, eta, geroztik, polemikaz, atzerapenez eta gainkostuz beteta egon dira, Diputazioaren amesgaizto bihurtzeraino. Batez ere, 2011-2015 legealdian EH Bilduk gainkostuak zirelaeta enpresekin izan zituen desadostasunengatik. Horrez gain, 2013an Beasain-Bergara errepideko obretan lanean ari zen 33 urteko langile bat hil zen, gidatzen ari zen kamioiarekin hamar metroko mendoitz batetik erorita.

Erabiltzaileak, pozik

Deskargako errepide zati horretatik egunean 9.000 ibilgailu baino gehiago igaroko direla aurreikusten da eta erabiltzaileetako askok egunero lanerako egiten duten ibilbidea da. Ramon Altuna, esaterako, Zumarragan bizi eta Arrasaten lan egiten duen aramaioarra da eta oso pozik dago obrarekin: "Orain, lanetik etxera 15-17 minutuan iristen naiz". Kamioilariek ere sekulako aldea igarri dutela jakinarazi dute, baina azpimarratu dute oraingo errepide berriak ere aldapa duela eta "kontuz" joan behar dela.

Antzuolarren iritzia

Baina obra horiek gehien igarri dituztenak antzuolarrak izan dira, eta haien artean denetariko iritziak daude. Gehienak gustura daude herrian irabazi duten lasaitasunarekin; baserrietako batzuei, ordea, errepide berriko zaratak iristen zaizkie orain eta badira errepide berriko pasabide erraldoiek etxeko eguzkia kendu dietenik ere. Bestalde, herrian komertzioak dituztenek kontsumoa jaitsiko ote den kezka dute.

Era berean, obren eraginez kaltetutako auzoak konpontzea eskatzen dute herritarrek: Antzuolako ur zikinen kolektorea egitea eta Bergarara arteko bidegorri sarea amaitzea, esaterako; hala, Herriak lotu bidegorria amaitu lelopean bizikleta martxa egingo dute zapatuan.

Bidesaria izango du

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek argi esan du Beasaindik Bergarara doan errepideak, bidesaria izango duela baina nola eta zeini aplikatu zehazteke dagoela.

Errepide zatien obrak urteka

  • 1994. Epele-Sara.
  • 1998. Beasain-Ormaiztegi.
  • 2002. Bergarako ekialdeko saihesbidea.
  • 2005. Ormaiztegi-Zumarraga.
  • 2005. Bergara-Arrasate (AP-1).
  • 2012. Zumarraga-Urretxu.
  • 2015. Urretxu-Deskarga.
  • 2016. Durango-Elorrio.
  • 2019. Deskarga-Bergara.
  • Erabakitzeke: Sara-Elorrio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak