Apirilaren 13an, zapatua, Udanatik sartuko da Korrika Debagoienean; 12:15 bueltan Oñatin izango da –2.265 kilometro– eta alderik alde zeharkatuko du herria. Handik Bergararako bidea hartuko du, eta herrigunera 13:30ean iritsiko dela aurreikusten da –2.277 km–. Bergara utzi ostean, Soraluzerantz joko du, baina ordu gutxira berriro sartuko da Debagoienean. Esan behar da Bergaran Erramu Zapatu eguna ospatzen dela api-rilaren 13an, eta, hortaz, feria egunean murgilduta egongo direla han eguerdian, Korrika herrigunetik pasatzen denean.
Apirilaren 14an, domeka, goizaldean sartuko da Korrika berriz Debagoienean. Otxandiotik etorriko da eta 02:00etan sartuko da Aramaiotik –2.416 km–; herrigunera 03:00etan iritsiko da. Handik Arrasaterako bidea hartuko du, eta 03:30ean muga zeharkatu –2.430 km– eta goizaldeko 04:00 bueltan iritsiko da erdigunera. Ordu erdi geroago iritsiko da Aretxabaletara –2.438 km– eta 04:42an helduko da Eskoriatzara –2.440 km–. Azkenik, 05:30ean Leintz Gatzagan sartuko da –2.447 km– eta handik Gorbeialderako bidea hartuko du, eta ibilbidea Gasteizen amaitu. Bestalde, 21. edizioa ez da Antzuola eta Elgetatik pasatuko.
Josu Zubia Debagoieneko Korrikaren dinamizatzailea oso pozik agertu da Korrikaren batzordeetan egindako lanarekin: "Korrika igaroko den Debagoieneko herri guztietan eta baita Elgetan ere sortu dira Korrika batzordeak, eta herritarrak oso gogotsu eta inplikatuta dabiltza lanean, bai korrika egiteko, baita Korrikaren inguruan antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko ere. Esan behar da jende honek guztiak egiten duela korrika posible". Zubiak gaineratu du ibarreko kilometro guztiak salduta daudela eta aurten aurreko urteetan baino eragile gehiagok erosi dituztela kilometroak.
'Bideoklika' lehiaketa
Debagoieneko AEK-k antolatutako Bideoklika lehiaketak baditu bi irabazleak. Orotara, hamabi bideo jaso zituzten antolatzaileek eta horien artean bi izan dira boto gehien eskuratu dituztenak: Arrasateko Aspacerena eta Oihan Loiti arrasatearrarena, hain zuzen. Arrasateko Aspacekoek gizartean ikusgarritasuna handitzea eta euskararen alde egitea izan zuten helburu lehiaketan parte hartuta.
'Egin klika Goienan'
Aurten ere elkarlanean jardungo du Goienak beste hedabide batzuekin 21. Korrikari jarraipena egiteko. Atzo, esaterako, Korrikaren hasiera bat eginik eman zuten hainbat euskal hedabidek. 16:10ean hasi zen Korrika hasieraren zuzeneko emisioa Garestik, Korrika hasi baino 40 minutu lehenago, eta ETBrekin, Berriarekin, Hamaikarekin, Infosarekin, Kanalduderekin eta Xaloarekin elkarlanean eman zuten emisioa. Aurkezleak Ilaski Serrano eta Naroa Iturri izan ziren. Erreportariak, berriz, Amaia Txintxurreta (Goiena), Ion Orzaiz (Berria), Pantxika Maitia (Kanaldude) eta Julen Iraola (Infosare).
Horretaz gain, apirilaren 14an, Korrikaren amaiera ekitaldia zuzenean emitituko dute Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian. Emankizun hori ere euskal hedabideekin elkarlanean emitituko dute.
Saio berezia
Bestalde, Korrika Debagoienean saio berezia egingo du. Korrikak apirilaren 13an –Oñati eta Ber-gara– eta 14an –Aramaiotik Gatzagara– zeharkatuko du bailara. Debagoieneko ibilbidearen irudiekin saio berezia ekoiztuko dute domekan bertan: Goiena telebistan 22:00etan emitituko dute eta sarean ere ikusgai izango da. Goienako lantaldeak Korrikaren 21. edizioaren erabateko jarraipena egingo du; horretarako, Goiena.eus atarian Korrikaren gaineko kanal berezia sortu dute. Eta papereko edizioan ere lekua izango du Korrikak, Debagoieneko ibilbideko argazki eta guzti, apirilaren 17an.