"Moldatzen ez den hiztegiak ez du ezertarako balio, gizartearen beharretara egokitu behar da", da Urkiak Hiztegitik kofradiara titulua izan duen sarrera-hitzaldian nabarmendu duen ideietako bat. Berbaldia hasi, baina, Joan Mari Torrealdairen izena eta izana gogoratuz hasi du, "ordezkaezina" dela gaineratuz. Izan ere, Aretxabaletakoak Torrealdairekin batera partekatuko du Euskaltzaindiako 29. aulkia. Ondoren Euskaltzaindiaren Hiztegiaren ibilbidea errepasatu du, eta berbaldiaren izenburuaren gaineko azalpena ere eman du: "Izenburu nahiko xelebrea jarri diogu, ezta? Bada, hiztegiaren gainean sarritan egiten dugu berba, eta hiztegia gauza askorekin lotzen dugu. Bada, nik zera proposatu dut: Euskaltzaindian araugintzan dihardugunok saregileak gara, eta kontsultetara dedikatzen direnak sare konpontzaileak dira; hala, nik proposatzen dudana da denak biltzea, eta hiztegia Euskaltzaindiko gainontzeko atalekin batzea".
Herritarren eta etxekoen babesarekin
Ekitaldia Aretxabaletan bertan izatea "ohorea" izan da Urkiarendako, baina GOIENAri adierazi moduan ardura puntua ere eragin dio horrek: "Azken batean ezagun askoren begiradapean zaudelako". Bada, sarrera-hitzaldia amaitutakoan Arkupen batutakoen txalo zaparrada jaso du Urkiak, eta Andoni Sagarna euskaltzainak hartu du hitza, hain zuzen, Urkiaren sarrera-hitzaldiari erantzuteko –ohitura den moduan–. Hala, Sagarnak Euskaltzaindiarekin era bateko edo besteko harremana izan duten emakumezkoak aipatu ditu, eta hainbat euskaltzale gogoratu ditu, tartean Julia Fernandez-Zabaleta, Julene Azpeitia, Julita Berrojalbiz, Robustene Mujika, Madeleine Jauregiberri, Marie Jeanne Minaberri eta beste. Hori horrela, Euskaltzaindia bera parekideago izan dadin egin beharreko lanaz ere egin du berba: horretarako, 2005etik hona izendatutako euskaltzain osoen grafikoa erakutsi du –10 gizonezko eta 4 emakumezko–.
Ostean, euskaltzainak kargu berriaren zina egin du eta Andres Urrutiak diploma eta domina ezarri dizkio. Aretxabaletako Udalaren partetik oparia jaso du, eta jarraian gainontzeko euskaltzainen babesa jaso du taulagainean. Ondoren, herriko plazan musikaz lagunduta aurreskua dantzatu diote. Talde erretratuarekin amaitu da ofizialki ekitaldia.