Joan Frances Tisner: "Elkar ezagutzeko komunikazio tresna dira bai dantza bai musika tradizionala "

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mar. 30a, 09:00

Joan Frances Tisner kantari eta musikari gaskoina. (Iturria: Lo Nau)

Ibilbide luzea du Joan Frances Tisnerrek (Biarno, 1954) musika tradizionalean. Gaskoia da eta bertako dantzak eta musikak ekarriko ditu, domekan, Elgetara. Dantza tailerra eskainiko du 17:00etan, eta dantzaldi gaskoia 19:00etan.

Kolaborazio asko egiten dituzu Euskal Herriko taldeekin. Zapatuan, esaterako, Iruñean izango zara eta domekan Elgetan. Gustuko dituzu horrelako trukeak?

Oso garrantzitsua da elkar ezagutzea. Dantza eta musika tradizionala komunikazio tresnak dira. Batzuetan, ez dugu alda-menekoaren hizkuntza ezagutuko, baina dantzan hasi eta elkar ezagutzera helduko gara.

Egin ditut elkarlanak Euskal Herriko, Kataluniako, Italiako zein Alemaniako jendearekin, eta oso aberasgarria izan da.

Artzaintza oinarri hartuta baduzu proiektu bat esku artean, ezta?

Bai, Tralhaires du izena eta Falces herrian estreinatuko dugu maiatzaren 4an. Hor gabiltza Gaskoiniako Lo Nau konpainia, Iruñeko Ortzadar Folklore Elkartea eta Oiartzungo Soinuenea Fundazioa. Iruñean, Oiartzunen eta Oloronen ere emango dugu.

Elgetan egitekoa duzun saioaren inguruan zer esango zenuke?

Gaskoiniako dantzen inguruko tailer txiki bat egingo dugu lehenengo, eta gero, bal gascon edo dantzaldi gaskoia.

Zer-nolako dantzak dira?

Biarnon jauziak ditugu, eta branleak ere bai. Jauziak muxikoen familiakoak dira. Landetakoak dira, berriz, rondeaux edo sokan egiteko dantzak eta kontradantzak. Ia desagertutako dantzak dira, talde txikietan mantendu eta berreskuratu direnak.

Musika gaskoiaren inguruan zer esango zenuke?

Soka-danbolina edo tuntuna jotzen dut nik, baina, gehienbat, abestu egiten dut dantzarako. Eskuekin eta oinekin egindako soinuekin ere egiten dut musika. Gaskoiniako musikan, biolina, akordeoi diatonikoa edo soinu txikia eta zanfona ere baditugu.

---

Patxi Montero: "Dantza sistema oso baten parte gara "

Herrixa Dantzan ekimeneko gidari Patxi Monteroren esanetan, beste sonoritate eta dantza batzuk ezagutzeko aukera emango du domekako saioak. "Tisner ibilbide luzeko pertsona da eta ekarriko ditu Ipar Euskal Herritik pixka bat haragoko dantzak eta musikak. Ikuspegia zabalduko dugu eta konturatuko gara dantza sistema oso baten parte garela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak