'Debagoiena Nikaraguako giza eskubideen alde' jardunaldiak apirilaren 1etik maiatzaren 4ra bitarte

Amaia Zabala 2019ko mar. 26a, 13:03

Debagoiena Nikaraguarekin plataformak, 'Debagoiena giza eskubideen alde' ekimenaren barruan apirilaren 1etik maiatzaren 4ra antolatu dituen erakusketa eta hitzaldien aurkezpena egin du gaur Kulturaten. Ekitaldiak Arrasaten, Aretxabaletan eta Oñatin egingo dira.

Debagoiena Nikaraguarekin plataformako kide den Juan Ramon Garaik bailarako herritar guztiei antolatu dituzten jardunaldietan parte hartzeko deia luzatu die, "Nikaraguako herriaren giza eskubideen egoera lehen eskutik ezagutu dezaten".

Apirilaren 1etik 7ra Oñatiko Kultur Etxean antolatu duten 'Nikaraguako erresistentzia, emakume aurpegiz' erakusketarekin emango diote hasiera ekimenari. Hitzaldi hau bera Aretxabaletako Arkupe kultur etxean apirilaren 8tik 29ra egongo da eta Arrasateko Kulturateko klaustroan, berriz, apirilaren 29tik maiatzaren 4ra.

Hitzaldiei dagokienez, 'Nikaragua matxinatua, helmugak eta perspektibak' izeneko hitzaldia emango du Fidel Ernesto abokatu nikaraguarrak apirilaren 3an Oñatiko kultur etxean 18:00etan. Arrasaten, berriz, 'Nikaraguako erresistentzia, emakume aurpegiz' hitzaldia izango da Kulturaten apirilaren 29an, 18:30ean. Hizlariak Yerling Aguilera soziologoa, feminista eta Nikaraguarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Karabanako kidea eta Ana Marcela Montanero Costa Ricako jurista, feminista, gizarte eragilea, giza eskubideetan aditua eta 'Begirada bat Latinar Amerikako feminismo dekolonialari' liburuaren egilea izango dira.

Nikaraguako egoera

Nikaraguar emakume batek bere herrialdean bizi duten egoeraren berri eman du ekimenaren gaurko aurkezpenean, nahiz eta izenik ez duen eman nahi izan eta aurpegia estalita agertu den Nikaraguan bizi den bere familiaren aurka errepresaliak hartuko ote dituzten beldur. Emakume honen esanetan Nikaragua krisi soziopolitiko "sakona" bizitzen ari da eta 2018ko apirilaren 16ean herritarrek hasi zituzten protesten ondoren egoera "larriagotu egin da". Gaineratu du "herritarren gehiengoak modu baketsuan atera nahi du krisi horretatik eta demokrazia, askatasuna eta justizia aldarrikatzen dituzte". Gaineratu du, ordea, Daniel Ortega Nikaraguako presidentearen eta bere emazte Rosario Murilloren gobernutik "errepresio basati" baten bitartez ari direla herritarrei erantzuten.

Bestalde, emakume nikaraguar honek azpimarratu du Nikaraguako erresistentziak "emakume aurpegia duela": "Emakumeak kalera atera dira eta ozenki ari dira oihukatzen giza eskubideen alde, beraz, batez ere, iraulktza hau feminista izango da, edo ez da izango, izan ere, ez da izango aldaketarik ez badira emakumeak bistaratzen eta askatasunik ere ez da izango beren gorputzen jabetza ukatzen bazaie".

Amaitzeko, Garaik jakinarazi du lehen aldiz badirudiela Ortega eta Murillo herri mugimenduarekin negoziazioetan hasteko bidean direla baina negozioazio hauek hasi aurretik herri mugimenduak preso politikoak askatzeko baldintza ezarri duela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak