Zerk mugiarazi du EH Bildu urrats hau egitera?
Gernikako autonomia estatutua garatu barik dago eta transferentzia dezente dago jasotzeko. Espainiak legea ez du betetzen; sakonean, egungo sistema konstituzionalean sinisten ez duela uste dugu. Gure proiektu politikoa autonomia estatututik harago doa eta 40 urteren ostean estatutua osatuta beharko luke, baina, hori horrela ez denez, argi dugu herri honek prestatuta egon behar duela geratzen diren transferentziak ailegatzen direnerako. Ez daukagu zigor kodearen gaineko eskumenik eta ezta legedi penitentziarioarenik, baina antolatzeko eskumena izango bagenu, inportantea izango litzateke beste espetxe politika baterako.
2020rako geratu ziren Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua transferentzia akordatzeko.
Horregatik uste dugu eskumena datorrenerako komenigarria dela espetxe politikaren gainean eztabaidatu eta adostea. Ez dugu transferentzia nahi espainolek egiten dutena egiteko. Euskal gizartea aurreratuagoa da, helduagoa, beste kalitate demokratiko bat dauka eta, zentzu horretan, espetxe legedia modernoago bat eskatzen du.
Hauteskundeen aurrerapena dela-eta, non gera daiteke ahalegin hori?
Espainiaren aldetik ez dago borondaterik autonomia estatutua garatzeko. Momentuko interes politikoaren arabera eta betiere zerbaiten trukean hitzartzen dituzte eskumenen transferentziak momentuan momentuko gobernuek. Kontuak kontu, hemen adostasun bat behar dugu espetxe politikaren gainean.
Zenbatekoa da adostasuna?
Legebiltzarrean joan zen astean egin zen saioaren ostean, hiru ondorio ateratzen ditut: erabateko gehiengo batek, PPk izan ezik, gainerako guztiok, ikusten dugu espetxeen transferentzia lehenbailehen gauzatu behar dela. Bigarrenik, gehiengo horrek ikusten du behar dugula espetxe sistema ezberdina, gizatiarragoa, duintasun printzipioetan oinarritua… Eta, hirugarrenik, agerian geratu zen Eusko Jaurlaritzak ez dituela bere lanak egin. Urtebete eskas daukagu diseinu bat egiteko.
Herri aurreratuenetako espetxeak eta kudeaketa modua planteatzen dituzue. Zer duzue buruan?
Egungo makro-espetxeen eredua ez da balekoa. Hor dago Zaballa, baina beste zentro txikiago batzuen alde egiten dugu: erregimen irekian egongo direnak; lehen gradua edota isolamendua oso une berezi eta zehatzetarako erabiliko dutena; familia moduluak izango dituena; emakumeak beren umeekin egoteko aukera emango duena; zigor alternatiboak aplikatuko dituena; biktimekiko konpentsazioak bultzatzen dituena; presoak bertan erroldatuta izatea ahalbidetuko duena… Quebeceko emakume espetxeak, Herbehereetako eta Finlandiako programa jakin batzuk edota Kataluniako programak hartu ditugu aintzat.
Preso guztiak osotasunean hartzen ditu aintzat zuen proposamenak?
Jakina. Legedi ordinarioa aplikatuta, preso guztiei aukera berak ezartzea planteatzen dugu.
Konpromisorik hartu zuen Eusko Legebiltzarrak, joan zen asteko bilkuran, urratsak egiten jarraitzeko?
Ez. Dena den, bilkura horren ostean eta egin den lanaren ostean, Jaurlaritza presionatuta sentitzen da aurrerapausoak emateko.