Emakume zuzendariak, agerian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mar. 20a, 11:43
Aurtengo Laburbira zirkuituan eskainiko dituzten film laburrak.

Gaur, eguaztena, hasi eta apirilaren 17ra bitartean, herriz herri ibiliko da hamaseigarren Laburbira. Debagoienean hiru emanaldi izango dira: gaur, eguaztena, Bergarako Zabalotegi aretoan, 20:00etan Jardun Euskara Elkartearen eskutik; Arrasaten, apirilaren 10ean, Kulturaten, 19:00etan, AED elkartearen eskutik, eta Oñatiko Udalaren eskutik, apirilaren 11n, kultura etxean 20:00etan.

Iazko Laburbirak, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen euskal film laburren zirkuituak, zuzendarien gaztetasuna zuen ezaugarri nagusi; aurtengoan, izaera femeninoa eta gaztea dela nabarmendu du elkarteko Leire Lardizabalek: "Sortzaile gazteen lanak dira gehienak, nahiz eta eskarmentua dutenak ere badauden. Bederatzi lanetik zazpi emakumeek zuzendu dituzte. Ordubeteko proiekzioa osatu dugu: kalitatezkoa eta dibertigarria".

35 emanaldi

Horiek dira aurtengo zirkuituak izango dituen emanaldiak, eta horietako batzuetan egileekin solasaldiak egingo dituzte. Aurtengoak ere mugak gaindituko ditu: Londresko, Valladolideko, Valentziako eta Parisko euskal etxeetan ere eskainiko dute. "Bartzelonatik ere eskatu ziguten, baina ezin izango dute antolatu. Hamasei urte bete ditugu hasierako bi helburuak betez: euskaraz sortzen diren perla horiei erakusleiho ibiltaria eskura jartzea eta publikoak gozatzea, noski. Garaiek ekarritako joera eta egiteko moduetara moldatuz, 2019ra heldu gara, eta sasoiko, gainera. Arrakasta horren oinarria Euskaltzaleen Mugimenduan dago: Topaguneak herrietako euskara elkarteekin elkarlanean antolatzen du Laburbira".

Bilduma "konpletoa"

2016 eta 2018 urte bitartean egindako lanekin osatu dute bilduma berria; animaziozko bi lan daude eta gainontzekoak fikziozkoak dira.

Kontakizunari dagokionez, denetarikoak daude: maitasun istorioak; tentsio bizikoak; iraganeko kontakizun bat, Behe Nafarroako istorio bat; magia, intriga eta umorea… honelaxe aurkeztu ditu Lardizabalek: "Begi ninien koreografia Bideo-Art musikatu bat da, Urdaibai inguruko irudi oso ikusgarriak dituena; Shell phone filmak adinduen zaintzaren eta teknologia berrien arteko lotura egiten du; Zapatak hiru minutuko animaziozkoa da, eta egilearen amonak gaztetan bizitako gertaera bat kontatzen du, bizia eta koloretsua da; Ama 1915ean Behe Nafarroako Baigorri herriko auzo urrun batean kokatuta dago eta ama batek gutun baten esperoan bizi duena kontatzen du; June osaba-izebekin baserrian bizi den 10 urteko neskatilaren istorioa da; Hotzean garbitu umorezkoa da, garbitegi batean elkartzen diren bi ezezagunen istorioa; Ilunpean filmak erakusten du itsuen errealitatea begiekin antzeman daitekeena bezain erreala dela, iazko Kameratoia rallyko irabazlea da; Handiak eta txikiak animaziozkoak neguko gau hotz eta mundu zoragarri batean murgilduko gaitu; eta Erroak filma, hogeita hamar urteko emakume batek hartu beharreko erabakien gainekoa".

'Erroak', Ane Zuazubiskarrena

UDAFilms taldearekin aurkeztu izan da aurreko aldietan, eta oraingoan, filma arrasatearrak sinatu badu ere, ohiko lagunak izan ditu lankide: Leire Zarate, Irati Briñas, Itsaso Garmendia, Eneko Zuberogoitia eta Irati Vergara. "Ikus-entzunezko hirugarren mailan geunden iaz eta eskolarako lan bat moduan egin genuen film laburra. Oso gustura geratu ginen lanarekin, eta hainbat sariketatara aurkeztu genuen harrezkero; Lekeitioko Zinebileran, Durangoko Azokan eta Errenteriako Jaialdian ere eskaini dugu.

Ane Zuazubiskar (Zine zuzendaria): "Beharrezkoa iruditzen zait Laburbira"

Arrasatearraren laugarren Laburbira da; apirilaren 9an herriko antzokian aurkeztuko du idatzi eta zuzendu duen Erroak filma.

Zer moduz moldatu zara zuzendari moduan?

Gidoia nik idatzi nuelako adostu genuen nik zuzentzea, baina oso taldean egindako lana da. Asko gozatu dut, bereziki, gidoilari moduan.

Zergatik aurkezten zarete Laburbirara?

Polita delako zure lana beste batzuekin batera hortik ibiltzea, eta askotan norberaren erreferentzia diren sortzaileekin. Polita da, era berean, ikusleekin bertatik bertara partekatzea.

Zer deritzozu Euskaltzaleen Topagunearen apustuari?

Beharrezkoa eta garrantzitsua da Laburbira; Topagunearen ardura bakarrik ez diren zulo batzuk betetzen dituela uste dut. Oso lan ona egiten dute euskal filmak ezagutarazten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak