Nerabeei zuzendutako gida pedagogikoa osatu dute Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 18a, 12:40

Aldundiarekin harremantzeko eta komunikazio zein elkarlanerako aukera berriak sortzeko gida egin dute Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (Huhezi) KoLaborategiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ikasle zein irakasleei dago zuzendua gida hori.

Aldundiak hala eskatuta, KoLaborategia izan da gida hau sortu duena, gizarte digitalerako hezkuntzaren eta komunikazioaren laborategia, hain zuzen. Gidaren helburuak honako hauek dira: hainbat konpetentzia digital ikasleekin lantzeko tresna izatea, dinamika eta orientabideen bitartez idatziz, irudiz eta bideoz egoki komunikatzeko lanketa erraztea, eta e-partehartzea eta jendarte digitalerako hezkuntzan sakontzeko aukera eskaintzea.

Nagore Ipiña eta Ander Bolibar dira gidaren sortzaileak. "Aldundiak bazuen kezka bat gazteek komunikazio kanalak erabiltzeko moduekin. Arlo horretan eragiteko, hezkuntza oso garrantzitsua zela ikusten zuen, eta proposatu ziguten zerbait egitea gazteak eta komunikazio kanal berrien inguruan. Modu horretan, egokia ikusi genuen ikasleentzako gida pedagogiko bat sortzea", azaldu dute.

Lehenik, gazteek erabiltzen zituzten kanal motak identifikatu zituzten, eta gero, testu motak. "Batetik, Aldundira heltzen ziren mezuen tipologia aztertu genuen: ze mezu mota ziren, nola zeuden egituratuta eta ze eskaera, galdera edota proposamen zeuden. Bestetik, Europa mailan kanal honetako 22 gida aztertu genituen, eta konturatu ginen ez dagoela gidarik komunikazio kanal berriak, testu generoak eta administrazio publikoa lotzen dituenik". Aitzindaria da, beraz, gida hau.

Bi azterketa horietatik abiatuta, testu mota bakoitzak eskatzen zituen ezaugarriak begiratu eta gida lantzen hasi ziren. "Gida lantzerako orduan, faktore garrantzitsu bat izan da Gipuzkoako Foru Aldundia ezagutaraztea eta bere eskumenak zeintzuk diren jakinaraztea. Izan ere, ikasle askok ez dakite zer den ere. Beraz, gidak berak azaltzen du zer den Aldundia eta zer eskatu diezaiokegun".

16 urteko gazteentzat, bereziki

DBHko laugarren mailako ikasleei zuzenduta dago bereziki, nahiz eta nerabe eta gazte guztientzako baliagarria izan daitekeen. Aste honetan eta hurrengoan bidaliko dituzte gida hauek Gipuzkoako ikastetxe guztietara –113 dira–. "Testuinguru soziolinguistikoak eta hezkuntza ereduak kontuan hartuta, banatuko diren giden %80 euskarazkoak dira eta %20 gaztelaniazkoak".

Irakasleen gida

Ikasleen gidaz gain, irakasleentzako gida ere egin dute, proiektuaren funtsa modu egoki batean transmititu diezaieten. "Ikusten genuen, ikasleenaz gain, irakasleentzako gida bat ere egin behar genuela, komunikazio eraginkor bat sortzeko tresna gisa. Hiru ardatz ditu gida honek: digitalizazioa, e-parte-hartzea eta jendarte digitalerako hezkuntza". "Komunikazio eraginkor" baterako adibideak ere jasotzen ditu irakasleentzako gidak, baita ikasleekin lantzeko saioak ere. "Saioek, gainera, errealitate areagotuaren bidezko bideo bat dute".

Lehiaketa abian

Gida hori eskuragai dago honako helbidean: gipuzkoa.eus/partaidetza. Era berean, hori gizarteratzeko hainbat ekintza egingo dituzte; ideia lehiaketa bat esaterako. Lehiaketan parte hartzeko hurrengo galderei erantzuteko audio, testu, bideo edo irudi bat bidali beharko dute: "Zerk arduratzen gaitu Gipuzkoako etorkizunaz? Ze galdera ditugu? Ze proposamen?". DBH 4. mailako ikasleek (15-18 urte bitartekoek) parte hartu ahal izango dute. Lanak taldeka egingo dira eta talde bakoitzak kanal bakoitzean lan bat aurkeztu ahal izango du. 

Lanak dagokion kanala erabilita helaraziko beharko diote Foru Aldundiari: bideoak eta/edo audioak emailez –partaidetza@gipuzkoa.eus- edo Youtubera –youtube.com/OrainGipuzkoa–, eta gehienez minutu bateko iraupena izango dute. Mezuak emailez jasoko dituzte, eta irudiak berriz, Instagram bidez –Instagram.com/OrainGipuzkoa–.

Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 3a izango da. Goi mailako gailu teknologiko bat izango da saria, taldeko kide bakoitzarentzat. Kanal bakoitzeko saritu-talde bat egongo da eta sari banaketa ekitaldia ekaineko lehenengo astean egingo dute.

Lehiaketa ikasleengana heltzeko asmoz, bideo bat sortu dute. Twin Melody ahizpa bikoteak egin du, "gazteengana errazago heltzeko amu moduan", eta datorren astean publikatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak