Mikel Laskurain eta Jon Olivares 'Patria' telesailean

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko mar. 15a, 16:30
Sagardoy, Mauleon, Olivares eta Laskurain, HBO-ren promozio argazkian.

Aktore bergararrak izango dira datorren astean Soraluzen grabatzen hasiko diren Patria telesailaren protagonistetako bi.

HBO España ikus-entzunezkoen plataformak gaur eman du ezagutzera Patria-ko aktore nagusien zerrenda, aurretik batzuen izenak aditzera eman bazuen ere. Laskurainek jokatuko du Joxian-en rola eta Olivares osintxuarrak honen semearena, Joxe Mari ETAko kidearena, hain justu ere.

Soraluze, plato bihurtuta

Telesaila Soraluzen grabatuko da gehienbat eta estra lanetan debagoiendar askok hartuko dute parte. Hain justu ere, egunotan buru-belarri dihardute udalerriko erdigunea eraldatzen, 1980ko eta 1990eko hamarkadako herri baten itxura har dezan. Hala, esaterako, Plaza Zaharreko farolak aldatu dituzte, modernoegiak direlako, eta haien ordez klasikoago batzuk ipini dituzte. Izan ere, plato erraldoi bihurtuko da udaberrian Soraluzeko erdigunea.

Elena Irureta (Bittori), Jose Ramon Soroiz (Txato), Ane Gabarain (Miren), Iñigo Aranbarri (Xabier), Susana Abaitua (Nerea), Loreto Mauleon (Arantxa) eta Eneko Sagardoy (Gorka) izango dira beste aktore nagusiak. Sagardoyk eta Mauleonek ere Gabarainen eta Laskurainen seme-alaben papera beteko dute.

Aranbarri, Abaitua eta Soroiz.

Ramon Aramburu idazle donostiarraren eleberri arrakastatsuan oinarrituta dago Patria telesaila. Euskal gatazkaren erdian aurkitzen diren lagun eta familien arteko gorabeherak kontatzen ditu. HBO plataformak estreinatuko du 2020an eta aurtengo udaberrian grabatuko dute Soraluzen, Elgoibarren, Donostian eta Madrilen, zortzi kapituluz osatutako sorta.

Aitor Gabilondo da ekoizlea, eta Felix Viscarret eta Oscar Pedraza zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak