Greba "masiboa" eta "zenbatezina" izan da

Eneko Azurmendi 2019ko mar. 15a, 11:43

Astebete pasa da Martxoaren 8ko greba feministatik, eta, oro har, oso pozik azaldu dira bailarako talde feminista ezberdinetako kideak, bereziki jende gaztearen presentzia nabarmenduz; kontsumo greba izan da apur bat hankamotz geratu dena.

"Masiboa" eta "zenbatezina" hitzak nagusitu dira Martxoaren 8ko greba feministaren gaineko balorazioa egiterako orduan. Izan ere, Debagoieneko komertzio, lantegi, ikastetxe eta enpresetan eragin nabarmena izan zuen grebak egun osoan zehar. Beste komertzio batzuek, aldiz, ordu batzuetako lanuztea egitea erabaki zuten, elkarretaratzeekin eta manifestazioekin bat egin ahal izateko.

Azken hauek, hain zuzen, sekula baino jendetsuagoak izan ziren bereziki herri handienetan, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin. Antolatzaileak ez dute zifra zehatzik eman, baina irudiek argi erakusten dute debagoiendar askok egin zutela bat mobilizazioekin. Bestalde, jende gaztearen presentzia ere azpimarratu gura izan dute antolatzaileek.

Herri nagusiez gain, herri txikietan elkartu zen jende kopurua ere azpimarratzekoa izan da, eta elkarretaratze eta manifestazioez bestelako ekintzek ere arrakasta handia izan zuten herri ezberdinetan.

Kontsumo greba

Grebak bost ardatz izan zituen: pentsiodunena, ikasleena, enpleguaren, zaintza arlokoa eta kontsumoarena. Eta azken hau izan zen, beste guztiak ez bezala, hankamotz geratu zena. "Kontsumo greba ez da heldu leku guztietara, guk nahi bezala, baina, bestela, oso parte-hartzailea izan da , jende asko irten da kalera eta gure aldarrikapenak argi geratu dira. Erakutsi dugu badaukagula indar bat aurrera egiteko eta gurea aldarrikatzeko", azaldu dute M8 plataformako kideek.

Martxanterak eta Udala

Bestalde, Bergarako Martxanterak talde feministak bere haserrea adierazi, eta salatu du Udalak ez ziela utzi azken komunikatua udaletxeko balkoitik kontatzen, eta, horren ondorioz, bai eguerdian eta baita iluntzean ere, San Martin plazako etxe partikular bateko balkoitik kontatu behar izan zutela komunikatua. Udalari horren gainean galdetuta, hau erantzun du: "Bergarako Udala beti dago elkarlanean ekintzak antolatzeko prest; esaterako, berdintasuna lantzeko kontseilua sortu dugu. Gainontzeko Bergarako elkarteekin ere hainbat eta hainbat ekintza antolatu izan dira eta antolatzen jarraituko dira, elkarlanean, ezinbestekoa baita herrian denontzako ekintza arrakastatsuak egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak