Fagor Ederlan punta-puntan bikaintasun sarietan

Amaia Zabala 2019ko mar. 14a, 10:06

Fagor Ederlan finalista izan zen nazioarteko Daimler Supplier Award 2018 sarietan, Bazkide estrategikoa-Partnership kategorian. Ekitaldia otsailaren 20an egin zen Carl Benz Arenan, Stuttgarten, Daimlerrek Alemanian duen egoitza nagusia baita, eta nazioarteko 450 enpresa baino gehiago bildu ziren bertan; tartean, Fagor Ederlan, eskualdeko kooperatiba.

Zeremonian, Daimlerrek Fagor Ederlan nabarmendu zuen Txasiseko eta Powertraineko aplikazioetako espezialista gisa eta esan zuen Fagor Ederlanek "sekulako ahaleginak" egin dituela eta ezagutza eta baliabide global asko dituela eta horrek ziurtatu duela Clase A, B, CLA, CLB mo-deloetara eta bertsio elektrikoetara zuzendutako MFA2 proiektua arrakastaz abiaraztea.

Proiektu hori Euskal Herriko, Mexikoko eta Txinako lantegietan abiarazi dute eta funtsezkoa izan da Fagor Ederlan nazioartean garatzeko azken urratsean.

Fagor Arrasate Parisco JEC azokan

Fagor Arrasate deformazio eta konformazio bidezko makina erremintak diseinatzen, ekoizten eta hornitzen espezializatuta dago eta JEC azokan konpositeen industriarako azken berrikuntza garapenak aurkeztuko ditu. Oraingo honetan, protagonismoa automozio sektorerako egindako prototipo batzuek hartuko dute, eta fabrikazio prozesu lehiakorrak erakusteko adibide ezin hobeak izango dira; automatizazio maila handia dute eta, era berean, fabrikazio kostua murriztea ahalbidetzen dute. Azoka Parisen izango da, martxoaren 12tik 14ra.

Enpresaren standak prototipo horiek erakusteko gune bat izango du, eta, adibidez, nabarmentzekoa kamioi astunentzako balezta hibrido bat da. Elementu horrek ibilgailuaren suspentsio sisteman eragiten du, eta altzairuan ekoiztu ohi da, baina Fagor Arrasatek aurkeztuko duen soluzioak konpositea eta altzairu xafla konbinatzen ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak