"Lehenengo batzarrean elkartu ginen emakume guztiak han ikusteak, horrek ukitu egin ninduen. Zenbat emakume geunden, ze desberdinak, nolako bizipen desberdinekin eta gure gizarte hau aldatzeko ikaragarrizko motibazioarekin, ilusioarekin eta indarrarekin; lehenengo batzar hark ikaragarri hunkitu ninduen, ikaragarri"; Arrasateko M8 Plataformako Jasone Giraldok deskribatzen duen hori izan zen hurrengo aste-hilabete luzeetan egindako hamaika bilera eta lan eskergaren abiapuntu, eta 2018ko Emakumeen Nazioarteko Eguneko olatu hura aldi bakarreko erauntsi izan ez zen demostrazio. Jendea zain zegoen. Iaz azken orduan antolatu eta arrakasta tamainakoa izan bazen, zer behar ote zuen aurtengoak?
Herri bakoitzak egin du bere lanketa. Oñatin garbi izan zuten, hasieratik, aurtengo erronkak behar zuela "jende gehiago sartzea lanean, eta horretarako plataforma sortzea". Eta egin dute. Jardun dute modu antolatuan, baina Mariasun Zelaiak nabarmentzen du, baita ere, norbanakoek euren kontura egindakoa: "Jende askok ez du parte hartu plataformako bileretan iristen ez delako, baina inurri lan horrek eman ditu emaitzak, eta jendeak bultzatu du eztabaida gizonekin, lantegietan, etxeetan...".
Beste arrakasta bat: "Aurten lehen aldiz lortu dugu kontaktuan jartzea, adibidez, etxeko lanetan interna moduan lan egiten duen jendearekin; lehen, oso zaila zen haiengana iristea. Etorkinak dira, batzuek paperik ez dute, oso egoera larrian daude, euren lana oso gogorra da, eta sare bat sortu dugu eurekin, harremana estutu, eta gerora ere kontaktuan jarraitzeko".
Gauza bera adin batetik aurrerako emakumeekin, haiengana ere iritsi dira: "Badago jende potentea sektore honetan, baina beste batzuek ez dute feminismoarena ulertzen, hitz berezi horiek eta... Baina euren hizkuntza erabiliz-eta, hor aurrera egin da asko".
Zailtasunak ere ez dira falta izan, ordea, bidean: "Kooperatibetan, adibidez: "SA diren enpresetan, greba deialdia badago, eskubide osoa du langileak lanera ez joateko, legeak babesten du. Baina kooperatibetan bakoitzak du bere araudia greba kolektiboaren inguruan eta hor ez dugu hainbeste aurreratu Oñatin; badakit Arrasaten-eta egin direla urrats batzuk, emakumeak hasi direlako galdegiten zergatik bozkatu behar duten langile guztiek eta...".
Gizonezkoen rola
Zelaiak dio gizonezkoen rolaren inguruan sortu direla beste zailtasun batzuk: "Askok eta askok ezin dute onartu momentu honetan euren rola ez dela greba egitea, baizik eta laguntzea eta ahalbideratzea emakumeak kalera irtetea, eurek zaintza lanak hartzea, arduratzea, eta minduta moduan sentitzen dira asko, defentsa jarreran". Honekin lotuta, kontatzea merezi duen pasartea izan daiteke Antzuolako plataformako Josune Martinezena: "Iaz gizon talde bati eskatu genion manifestazio osterako jateko-eta zerbait prestatzeko. Aurten, ordea, pentsatu genuen ezer ez esatea, ea eurei sortzen zitzaien. Orain arte inor ez zaigu etorri, baina azken orduan deitu digute esateko talde batek prestatuko digula aurten ere zerbait. Poztu gaitu".
Antzuolan, grebarekin lotutako azalpenarekin-eta enpresetara, komertzioetara, eskolara eta udaletxera gutunak bidaltzeaz gain, herrian informazioa zabaldu nahi izan dute: "Ipini ditugu gai desberdinei buruzko kartelak kalean, eta baita bi panel ere, argazkiekin, grafikoekin eta datuekin, eta aste honetan egun bakoitzean leku desberdin baten jarri ditugu".
Josune Martinezek bereziki azpimarratzen du "belaunaldiarteko taldea" dela Antzuolan sortu dena: "Gazteak eta ez hain gazteak gaude, pentsionistak ere bai, eta horrek ikuspegi zabalagoa edukitzeko aukera eman digu. Iaz gehiago zentratu zen Andramanueletan; talde feminista gaztea da. Belaunaldi askotariko jendea egotera, iritzi desberdinak ditugu hainbat gauzatan, eta lan egiteko modu desberdinak. Eta hori oso aberasgarria izan da". Herri guztietako plataformetako ordezkariek nabarmentzen dute hori, balioan jarriz garrantzitsuenak diren gauza horietan ados jartzeko eduki duten gaitasuna.
Aurtengo greba eguna antolatzeko baldintzak iazko Martxoaren 8koak baino hobeak izan direlakoan daude plataformetako kideak; Arrasatekoa, adibidez: "Iazkoak oso deskolokatuta harrapatu gintuen, eta oso emakume gutxiren artean antolatu zen, eta, hala ere, izugarrizko arrakasta izan zuen, nahiz eta gauza batzuk geratu ziren landu barik", dio Jasone Giraldok.
Eta Arrasatekoen aurtengo asmoa izan da "zabaltzea grebaren antolaketa herriko emakume guztiei, emakumeek gauzak egiteko gogoa zutelako; hori ahalbideratu behar genuen". Eta lortu dute lortu, 100 lagun inguru ibili baitira egunaren prestaketetan –Oñatin 30 bat finko eta Antzuolan 20 inguru–.
Eta beste batzuengana iristeko bakarrik ez, feminismoaren gainean, ideologikoki, bakoitza janzteko ere oso baliagarri izan da egindako bidea: "Neuk ere pila bat ikasi dut, neure buruan ere baziren zalantzak".
Emozioekin hasi eta emozioekin bukatu, gaur arte egindako bideak hainbat eta hainbat sentipen eragin dituelako borroka honen parte sentitzen diren emakumeengan: "Kaleko sentsazioak, batekin elkartu eta txapa eskatzen dizunean; besterik gabe, txapa eskatzen dizunean edo besokoa ematen diozunean, eskutik heltzen zaituenean emakume batek, berdin da zein adinetakoak; eskutik heltzen zaitu eta estutu egiten dizu. Horrek niri dena esaten dit, eta horrekin geratzen naiz ni".
Eta aurtengoa beste mugarri bat baino ez da izango; hala aitortzen du Giraldok: "Hainbeste izan dira proposamenak, une batean frenoari eman behar izan diogu. Aurreragorako gorde ditugu beste ideia baliagarri batzuk, datozen aldietarako".