Juan Luis Merino: "Palestinaren egoera gogorra da, baina Europak ez du ezer egiten"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko mar. 11a, 06:00
Merino, erdian, Stop The Wall harresiaren kontrako erakundeko bi aktibistarekin.

Palestinan izan berri da Ezker Anitza-ko kidea, Sodepaz elkartearen bidez. Hango egoeraz kezkatuta eta gertatzen ari dena kontatzeko asmoz itzuli da, "Palestinarekin maiteminduta".

Nortzuk egin zarete Palestinan?

Alderdi politiko, sindikatu edota EHUko kideak eta kazetariak, 10 lagun guztira. Sodepaz, euskal gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta. Zortzi egun izan gara, otsailaren 26tik martxoaren 6ra arte. Belen ondoan dagoen Beit Sahour-en eta Ramallah-n, Palestinako hiriburu administratiboan. 

Zein da gobernuz kanpoko erakunde horren helburua?

Eragile politiko eta sozialeko kideak gonbidatzen ditu, askotarikoak, ahal dela; izan ere, erakundearen nahia da Palestinan zer gertatzen den bertatik bertara ezagutu eta gero hemen zabaltzea. Ekainean izan nintzen ni eta errepikatu egin dut; oraingoan, gastuak neure gain hartuta. Ikusi dut egoera okertu egin dela. Baina Palestinaz maitemindu egin naiz.

Zergatik?

Palestinarren egoera kritikoa delako. Batez ere, orain, Israelen hauteskundeak izango direlako apirilean. Horrek baldintzatzen du israeldarren politika errepresiboa palestinarren aurka. Israelgo estatuak segurtasuna saldu nahi die herrikideei eta mundu osoari, arabiarrak gaiztoak direla argudiatuz. Segurtasunaren izenean, palestinarrekin amaitu nahi du.

Donald Trumpen kanpo politikak ere baldintzatzen du egoera?

Bai, esaterako, Jerusalenera eroan izana Amerikako Estatu Batuen enbaxada, era horretan aitortuz Jerusalen Israelen hiriburu moduan. Bestetik, errefuxiatuen esparruetarako Nazio Batuen Erakundeak banatzen dituen diru laguntzak murriztu ditu AEBek eta horrek okertu egin du egoera. Aidako errefuxiatuen esparruan izan gara eta umeen hezkuntzan eta medikuntzan murrizketak izan dituzte.

Palestinarren zenbat errefuxiatuen esparru daude?

58 guztira, baina Siria, Libano, Zisjordania, Egipto eta Gaza kontuan izanda. Mundu osoko errefuxiatuen herena palestinarrak dira, 8 milioi inguru dira, guztira. Israelek baditu Nazio Batuen 21 erresoluzio bete barik. Horietako bat da itzulerako eskubidea. Palestinarrei ez zaie uzten galdutako jatorrizko lurretara itzultzen. Esan behar da 800 kilometroko hesia eraikitzen ari dela Israel. Trumpek ez du ezer asmatu Mexikorekin egin nahi duen horretan.

Zer egiten ari da Europa?

Ezer ere ez. Besteak beste, Alemaniak ez duelako ezer egiten uzten. Egoera gogorra da, Israelek gehiegikeriak egiten ditu, baina ez da ezer egiten haien aurka. Palestinar legebiltzarkideak, umeak… atxilotuta. 5.500 palestinar daude atxilotuta. Bi epaiketa bertatik bertara jarraitu ahal izan dugu eta fartsa handiak dira. Dena segurtasunaren izenean.

Zer egin daiteke hemendik?

Israeleko produktuei boikota egin. Boikot baketsua. BDS izeneko kanpaina bat bada, 2005etik eskatzen duena Israeletik datozen produktuei boikota egitea. 729 barra kodekoak dira produktu horiek. Baina, erakunde publikoek ere hori egin beharko lukete. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak HP informatika produktuak darabil eta HP israeldarra da. Eta ertzainak formatzen ditu Mosad Israeleko segurtasun zerbitzuak. Israelek segurtasuna saltzen die mundu osoko estatuei eta segurtasuna frogatzen dute Gazako errefuxiatuen esparruan.

Qalqilya, Cisjordania: neska-mutikoek, eskolara joateko, harresia inguratu behar dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak