Euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko hitzarmen berria aurkeztu dute

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 4a, 14:23

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Hekimen elkarteak euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko hitzarmen berri bat aurkeztu dute Donostian. Akordio horren bitartez, euskal erakundeek euskarazko komunikabideen garrantzi estrategikoa aitortzen dute eta sektorea egonkortzeko apustu sendoa egin. Tokikom hasiera-hasieratik izan da prozesuan eta balorazio positiboa egin du adostutakoaz.

Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 10,5 milioi euro jarriko dituzte, urtero, euskarazko hedabideak laguntzeko; orain arte jartzen zutena baino 3,1 milioi euro gehiago. Tabakaleran elkartu dira gaur horren berri emateko euskal erakundeetako eta euskarazko hedabide pribatuetako ordezkariak. Erakundeetatik, parte hartu dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiak, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusiak eta Joseba Perez de Heredia Arabako Euskara, Kultura eta Kirol zuzendariak. Euskarazko komunikabideen aldetik, bestalde, honako ordezkari hauek izan dira: Igor Astibia, Hekimeneko koordinatzailea; Iban Arantzabal, Hekimeneko ordezkari eta Tokikomeko administrazio kontseiluko kidea; Iban Arregi, Hekimeneko ordezkari eta Berria Taldeko kontseilari ordezkaria; eta Lorea Agirre, Hekimeneko ordezkari eta Jakin aldizkariko zuzendaria.

10,5 milioi euro jartzeko konpromisoa

Hitzarmenean adostu dutenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek beren lurraldeetako idatzizko hedabideak sustatzeko eta diruz laguntzeko ardura hartuko dute. Eusko Jaurlaritzak, bestetik, euskararen lurralde osoa hartzen duten izaera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializatuak babestuko ditu, baita lurraldeetako telebistak, irratiak eta Internet bidezko komunikabideak ere. Eredu berri honek aldaketak ekarriko ditu erakundeek hedabideak laguntzeko egingo dituzten ekarpenen aldetik. Hitzarmenak ez du diru-kopururik zehazten, baina erakundeek urtero 10,5 milioi euro jartzeko konpromisoa hartu dute 2019-2021 epealdirako, horietatik Jaurlaritzak 7,8 milioi euro jarriko ditu. "Hekimenen gaudenondako eta ez daudenendako poltsa handitu dute Jaurlaritzak eta hiru aldundiek. Albisteak euskaraz sortzea langai dugunontzako pozgarria da eta eskerrak eman nahi dizkizuet publikoki ere. Euskararen herrian beharko ditugu Nafarroako eta Iparraldeko erakundeen babesa ere eta etorriko ahal da! Badaukate nora begiratu", adierazi du Tokikomen izenean Iban Arantzabalek.

Akordioa bi urteko prozesuaren emaitza da. 2017 hasieran hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak hedabide hauen etorkizunaren inguruko gogoeta bat jarri zuten abian. Eusko Jaurlaritza bildu zen geroxeago, eta Araba eta Bizkaiko foru aldundiek ere bat egin dute gogoeta horrekin. Adostutako hitzarmenaren lehen oinarria izan da euskararen sustapenean hedabide hauek daukaten garrantziaren aitortza. Hortik abiatuta, sektorea egonkortzeko eta sendotzeko eredu berri bat bilatu da elkarren artean, komunikabide hauek ahalik eta egokien bete dezaten euskaraz informatzeko eta eduki interesgarriak sortzeko beren zeregina.

200 profesional tokiko komunikabideetan

Tokiko komunikabideak ekosistema aberats horren parte direla berretsi du Arantzabalek: "Seguruenik, guri dagokigun poltsa handitzerakoan kontuan izan dituzue honako hauek: guk ere ia euskaldunengana eta erdaldunengana heltzeko daukagun ahalmena; biztanleen ehuneko handiarekin bate egiteko daukagun gogoa eta ahala", eta gaineratu du: "Gertukoa da tokikoa; tokikoa gertukoa da: sinesgarria, kontsumitua, irakurria, ikusia, entzuna... dastatua. Kontuan izan duzue kalitatezko kazetaritza egiten dugula eta malguak izanda egokitu garela mundu aldakorrari". 

Digitalean egindako apustua ere ekarri du gogora Arantzabalek: "2018an Hekimeneko digitaletan bisiten %58 toki komunikabideetan zegoen. Sektore osoko bisiten %41 da Tokikomekoa. Publizitatea jartzeko gune interesgarriak benetan!". Eta Tokiko komunikabideetako datuak jakinarazi ditu: 200 profesional lanean; batezbesteko 3 eta 4 bideo artean ekoitziak astero; herriko hedabideek 1.500 artikulu inguru urtean, eta bailarakoek %33 gehiago.

Diru kopuruaren gorakada garrantzitsua izan arren "harreman zintzoa" nabarmendu gura izan du Tokikomeko ordezkariak: "Diru gehiketa gakoetako bat denik ezin uka. Hala ere, harreman zintzoa topatu dugu zuen erakundeetatik eta elkar-ulertze horrek emango du zeresana. Bizi izan dut elkarlan serioa Euskaraldian; bizi izaten ari gara harreman bertsua hedabideen mahaian".

Eta erronka berrietarako elkarlanerako gertu egoteko dei egin du: "Erronka berriak datoz. Eta gauza bat daukagu ona: euskarazko prentsan dihardugunok ez gara konpetentzia. Denon beharra dago eta esango nuke badugula beharra elkarrekin lan egitekoa ere, parez pare. Egonkortzeko egin den apustu honek balioko du. Eta emaitzak ez zaituztete damutuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak