Arianne Kareaga: "Ekonomia sozialeko ekimen errealak ezagutu ditugu Koopfabrikan"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko mar. 1a, 17:00

Ekonomia soziala eta lurraldeak berbagai izan dituzte Oñatin, Koopfabrika, ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programaren ekimenez. Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiko Arianne Kareagak eman ditu azalpenak.

Zer da Koopfabrika?

Hirugarren urtea du eta lankidetzan sortzen den programa bat da, ekintzailetasun sozial eta kooperatiboa sustatzeko Gipuzkoan. MU eta EHU unibertsitateak, Olatukoopen saretuta dauden beste hainbat eragile eta administrazio publikoa daude; azken hauetatik, Foru Aldundia eta Gipuzkoako garapen agentzia batzuk.

Ekimen sozialetik bultzatuta, erakunde publikoekin lankidetzan?

Bai, halaxe da, bai, beste alor batzuetan arrakasta izan duen formula erabilita.

Ze emaitza eman du orain arte?

Koopfabrikan azken hiru ikasturteetan 144 lagunek eman dute izena. Horietatik, 50 lagun aurtengo edizioan ari dira. Lehen bi ikasturteetan, gehienak, ideia garbirik barik hurbildu ziren, formatzeko eta esperimentatzeko gogoz. Aurten, aldiz, etengabeko izen emate formula eta laguntza hasieratik jarri ditugu eta horrek bere emaitzak eman ditu. 43 proiektu tutore lanetan dihardugu. 21 laguneko tutore sarea daukagu horretarako.

Lanpostuak ere sortu dira?

Bai. Kontsolidatutako proiektuak, guztira, 37 zian dira. Debagoienean, 2; Bidasoan, 7; Beterri Buruntzan, 21, eta Oarsoaldean, 7. Orain arte 60 lanpostu sortu dira, zerbitzuen alorrean eta industrian: kooperatibak, elkarteak eta autonomoak.

Zein da Koopfabrikaren azken helburua?

Proiektu ekonomikoak gauzatzea, baina lurralde bateko premiei lotuta eta betiere begirada sozialarekin, ez dadin izan ekonomia eredu hutsa.

Ze landu duzue Oñatiko jardunaldian?

Hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan da, azaldu digutenak lurralde baten, eskala ezberdinetan –udal, eskualde eta nazio mailan– ekonomia soziala bultzatzeko eta proiektuak sustatzeko zer egin ahal den. 45 lagunek hartu dute parte. Udal eta garapen agentzietako teknikariak; udal zinegotziak; kooperatibetako kideak eta Koopfabrikako parte hartzaileak.

Olatukoop sarea ere izan da antolatzaileen artean. Zer da?

Kooperatiba txiki eta ekonomia sozialeko enpresa txikien sarea. Duela bost urte sortu zen premia batetik abiatuta: ekonomia sozialeko ekimenak bultzatu edo sortu nahi zituztenek zailtasunak ikusten zituzten kooperatiba sortu beharrean beste enpresa eredu batzuk sortzera animatzen zituztela ikusi zutenean. Lanaren burujabetzan sinisten dute eta sarea osatzeko premia ikusi dute, Mondragon Taldea handiegia delakoan haiendako. Gainera, sektore industrialeko proiektu gutxi dago Olatukoopen. Ekonomia sozialeko ekimenak izateaz gain, eraldatzaileak izan nahi dute.

Debagoienean bultzatzen ari den Gizarte Berrikuntza Plataformaz ere aritu zarete. Badator…

Pixkanaka eraikitzen dago. Oraingo esan daiteke saiakera indartsu eta gaurkotua dela, baliabideak izango dituena eta Debagoienetik abiatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak